argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
2007ko otsailaren 21

Zabalik aldizkariak abenduaren 29an aterako du azken zenbakia

Correo taldeak 1999ko azaroaren 27an argitaratu zuen Zabalik asteburukariaren lehenengo zenbakia. Nerea Azurmendi zuzendari zela, euskara hutsezko egunkari formatuko astekaria jarri zuten abian. Batik bat asteburura begira sortutako aldizkaria zen. Aurtengo urtarrilaren 20an eraberrituta kaleratu zuten Zabalik. Formatu txikiagokoa egin zuten, orrialde gehiagorekin eta ostiralean beharrean, ostegunetan jarri zuten saltzeko. Edukiak ere aldatu zituzten. El Diario Vasco edo El Correorekin batera erosiz gero 0,35 zentimotan saldu dute.


Sortzen-Ikasbatuazek adierazi du EHIGE utzi duela

Sortzen-Ikasbatuazek azaldu duen arabera, Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak eratze aktan jasotakoarekin ados ziren eta "elkargune berri horretan parte hartzeko beharra sortu zion". Paperekoa ez omen da errealitatean bete, ordea. Besteren artean aipatu ditu puntu hauek: erabakiak adostasunez ez hartzea, EAEn D ereduaren aldeko apustu garbirik ez egitea, Euskal Curriculumaren egitasmoan ez parte hartzea, hezkuntza eragileekin elkarlanean ez aritzea eta elkartearen izena begirunerik gabe erabiltzea. EHIGEk erantzun duenez, Sortzen-Ikasbatuaz, erakunde moduan, ez da inoiz EHIGEko partaide izan, eta Sortzen Gurasoak eta Ikasgela izan dira orain arte, Euskal Herriko Guraso Elkartean parte hartzen zutenak.


Patxi Salaberrik Patxi Ondarraren tokia hartu du Euskaltzaindian

Rosa Miren Pagola eta Patxi Salaberri ziren hautagaiak Patxi Ondarraren ordez, euskaltzain oso kargua hartzeko. Euskaltzaindiak Patxi Salaberri nafarra aukeratu du gehiengo osoz. Salaberri Uxuekoa da eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea da 1986az geroztik. Filologia eta Hizkuntzaren Didaktikaren Departamenduko zuzendaria da.


Euskalerria Irratiak beste behin ez du jaso diru laguntzarik

Nafarroako Gobernuak hedabideen alorrean euskara sustatzeko ematen dituen diru laguntzarik gabe geratu da aurten ere Euskalerria Irratia. Iaz ere gauza bera gertatu zitzaion. Ez du diru laguntzarik jaso emititzeko lizentziarik ez duelako. Euskalerria Irratiko zuzendari Mikel Bujandak dioenez, "ukatzen digutena eskatzen digute". Lizentzia lortzeko azken aukera duela zazpi urte izan zuten eta orduan, ez zioten eman Euskalerria Irratiari. Irratiak epaitegietara jo zuen epaiarekin ados ez zirelako eta oraindik epaiaren zain daude.