argia.eus
INPRIMATU
Deltaren Argia
Juan Ramon Makuso 2007ko otsailaren 21
Argia itzaltzen zaigu eta ez gara betikoak. Lasai ARGIA zaleok, oraingoz behintzat ARGIAren sugarrak zerura bidaltzen du bere mingaina. Baina argia itzali bai, itzali da, Kanariar Uharteetan, Tenerifen. Albiste benetan lazgarria, lehenengo unean bederen, argia eta energia elektrikoaren menpe bizi garen une hauetan, harro-harro aldarrikatzen dugun XXI. mende honetan. Argirik gabe ez dakigu ezer egiten. Ezin dut irudikatu argirik gabeko bizitza bat, honek ekarriko lukeen ondorio guztiekin. Gure bizimodua argi indarraren inguruan guztiz egokitua dago. Hau guztia horrela da, Delta ekaitz tropikalak Kanariar Uharteetatik bere txango turistikoa egin aurretik. Delta eta gero, ez dugu horrela pentsatuko. Bestela galdetu Tenerifeko hainbat biztanleei. Hauek argirik gabe ikusi dituzte bizitzako hainbat alor, galdutzat zituztenak. Badirudi argi ezak, iluntasunak, beste argi batzuk erakutsi dizkiela. Argirik gabe, adibidez, ezin ikusi telebista. Ba bizilagunekin berba egingo dut! Edo izara artean goxo-goxo dastatuko dut aspaldian dastatzen ez dudan aldameneko bikotearen larruazala! Esker anitz, Delta! Gehiegizko argiak itsutu egiten gaitu. Ustezko argia, itzala baino ez da.