Teo Etxaburu eta Jabi Lauzurika: «Belfastetik eta Ferroletik eskatu digute Kafe Antzokiaren eredua»

  • Ezertan hasi baino lehen Kafe Antzokiko zenbakiak bota ditugu, arima Etxaburuk eta Lauzurikak jarriko dute.
Teo Etxaburu ondarrutarrak Kafe Antzokiaren sorrera gogoan duela, herri txiki bat sortu nahiari buruz hitz egin digu: "Bilbon euskaraz bizitzea zaila zen eta, beraz, gure Bilbo txikia egitea erabaki genuen, gure baloreetan oinarriturik, herri txiki bat egin nahi genuen. Euskaraz bakarrik aritzea oraindik ere zenbait kasutan heroizismoa da Bilbon. Guk geuk behar ditugun eta ahal ditugun bizitzako funtzio gehienak gure gain hartu eta hartuko ditugu. Goazen gure herria, gure 'estatu txikia' eraikitzera, bizitzeko behar ditugun funtzio gehienak bete ahal izateko. Goazen gure esparru librea egitera".

Teo Etxaburuk uste du lan handia dagoela egiteko, "ikusita batetik, komunikabideetatik, hurbileko estatuetatik eta sistematik dagoen eraso guztiak euskararen herriarengan duen eragina eta bestetik, gure artean dagoen ahulezia ikusita".

Hasiera errezeloz betetakoa izan zela adierazi zenigun ARGIAn, duela bost bat urte. Alderdikerien errezeloa eragin zenutela esan zenuen eta ghettoa sortuko zenutela esan zizutela. Zer duzu orain halako errezeloak zituztenei esateko?

Hain zuzen alderantzizkoa izan dela. Alderdikerietan sartu barik, bizitzari erantzunak ematen dizkiogun neurrian, jende askoren zentro bihurtzen da, integratzaile bihurtzen da. Trinkotze bidera eramaten du, batu egiten gaitu.

Adibidez, berdin datoz Garaikoetxea edo Intxaurraga, berdin Otegi edo Ezenarro eta berdin-berdin Egibar edo sindikatuetako kideak... Zentzu horretan justu alderantziz gertatu da. Eta Bilbo mailan askoz harago; jendeak ikusten du euskaldunen leku bat dela. Gaur egun, ez Bilbon, Bizkaian baizik -eta ez da harrokeria, egiaztapena baino-, instituzio ludiko kulturalik erabiliena da Kafe Antzokia. Euskaldun gune moduan 18 eta 40 urte bitartekoentzat askogatik da lekurik ezagunena eta Bilboko errealitate soziolinguistikoarengatik euskal hiztunak ez direnentzat ere erreferentea bihurtu da, badakite-eta euskaldunen tokian daudela eta gustura daude.

Ghettoari dagokionez ere, alderantziz izan da. Egindako lanarekin, lortutako prestigioarekin eta batutako jendearekin ghettoaren errezelo hori apurtzen da oso-osorik.

Askotan ikusi izan dugu; bilbotarrek kanpotarra daukatenean gonbidatua, izan andaluziarra, galiziarra, madrildarra edo katalana Bilbo erakusten diote: "Hemen dago Guggenheim, hemen dago Arriaga...", baina esateko Bilbo euskalduna dela ere, harro-harro etortzen dira Kafe Antzokia erakustera. "Gu euskaldunak gara" esateko harro-harro erakusten dute.

Zein jauzi nabarmenduko zenituzke hamar urteko ibilbidean?
Kafe Antzokia bera sortu baino lehen ere, Zenbat Garan hasi ginen denok auzolanean, denok bazkide eginez, euskaldun gisa gure bizitzari zentzua eman nahian, pentsatuz bizitzari zentzua emateko modua zela, pentsatuz elkarri aukerak emanez, berdintasunean, jendeak funtzionatuko zuela, parte hartuko zuela edo behintzat, esker onez hartuko zuela. Konturatu gara gauzak ez direla hain errazak baina bide hori jorratzen gabiltza.

Euskal Herrian, orokorrean, nahiz eta ikasketen bidezko hezkuntza askoz handiagoa izan, azken zokoraino sartu da sistemaren eragina gugan. Ezin gaindituta gabiltza estatu frantsesaren eta espainolaren eragina. Euskaldunen artean, sarritan, euskara aldarrikapen modura geratu da zenbaiten artean eta bizitzeko originaltasuna topatzea, zer garen, zer nahi dugun... Hori dena nahiko eskasian geratu da. Euskaldun batzuek ardura galdu eta funtzionarioen eskuetan utzi dute euskararen afera.

Non dago ausardia? Nola goza dezakegu gure artistak ateratzen, gure herriari, komunitateari zerbitzuak ematen gure izatetik, gure egituretatik?

Herri eragile eskasia dago, euskal eragilearen jarrera izan da, sarri eta soilik, boterea daukanari erantzutea. Baina guk boterea noiz hartzen dugu? Noiz hasten gara gure bizitza bizitzen eta nola antolatzen dugu eta nola zerbitzatzen eta babesten dugu gure herria, norberarengandik hasita?

Ez zarete oso optimista hasi, baina bete diren helburuak ere izango dituzue?
Uste dut euskara ikasten ari zen edozein ikaslek edo euskaldun berri horrek, gustura sentitzeko moduan eta bere bizitzako funtzio ugari betetzeko moduan, lekua aurkitu duela Kafe Antzokiaren inguruan. Askotan egiten duzu topo horrelako jendearekin, euskararekin borroka horretan sartuta dagoenarekin, eta esaten dizu Kafe Antzokia oso lagungarri izan zaiola bere asmoetarako. Ez euskara praktikatzeko aukera duelako bakarrik, baizik eta bere bizitzaren, ez dut esango dena, baina bai gauza asko eta asko euskararen filosofia horretatik egin ahal izateko.

Bestalde, euskaldun zaharren kontua dago. Belaunaldi berriekin gutxiago gertatzen da, baina garai bateko euskaldun zaharrek minorizazio linguistikoa jasan behar izan zuten arazo askorengatik -politikoak, ekonomikoak eta beste-. Bizkaiko herrietatik Bilbora etortzen zirenean mandatuak-eta egitera, erdal mundura gerturatutakoan, egoera ikaragarria zen. Orain, esaten dizute nahiko gustura, lasai eta babestuta sentitu izan direla Kafe Antzokian.

Beste puntu bat bada harro sentitzekoa. Euskararen nazioan integratu ez diren horiek, hau da, euskaldundu ez direnak, baina euskararen aldeko jarrera izan duten horiek, oso gustura sentitu izan dira Kafe Antzokian eta beren sentimenduen baieztapena egiteko balio izan die. Etortzen dira eta errespetatuak sentitzen dira nahiz euskaraz mintzatu ez.

Eta laugarrenez, esango nuke erdal munduarentzat ere eredugarria izan dela Bilboren bihotzean egin den Kafe Antzokia. Euskararen kontra aritu izan diren horiek guztiek ere, sentitu izan dute belarrondokoa. Argi eta garbi esanda, badago hemen txiringito bat -deitu nahi duzun bezala, beraientzat txiringitoa baino gutxiago izango da- Kafe Antzokia deitzen dena, eta beraien parean jarri izan dena, duintasunez. Eta kontuz, hemen gaude zuen artean, eta tonto ipintzen bazarete kontra izango gaituzue.

Teo Etxabururi Kafe Antzokiak hamar urtean emandako fruituak arrapaladan datozkio.
Hasi ginenotatik egon da transmisioa, jende berriak hartu du kudeaketa guztia eta jabegoa, eta gainera esandako espiritu horrekin: auzolanean, etekinik baldin badago euskal nazioa indartzeko edo nazioarteko kontuetarako. Hori dena transmititu dugu eta oso ondo eta oso indartsu daramate belaunaldi berriek, jende gazteak.

Eta nik uste dut esan behar dela baita ere milaka pareja sortu direla hemen. Ez da broma!

Bestetik, euskal sortzaileak, artistak ez dira soilik eroso, gustura eta bere etxean sentitu, baizik eta taldeak egin dira hemen musikari, idazleen... artean.

Uste dut pentsatzen genuenetik harago joan direla zenbait gauza. Beste gauza bat da, egiteko daukaguna eta egiteko dagoela uste duguna, ez Bilbon baizik eta euskararen nazioan. Denbora guztian gabiltza esanez egunen batean izango dugula halako estatutua edo lurraldetasuna edo independentzia. Bitartean ez badugu hitz egiten, hor barruan, euskal komunitatea eta bere garapena nola antolatu, artikulatu, integratu, bizi pozgarri lez, norbanakoaren garapenarekin eta askatasunarekin, jai daukagu. Badago aspaldian diskurtso bat idatzita, garatu beharko litzatekeena. Gorputza beharrezkoa da, Xalbadorrek kantan esaten duen moduan, baina arimarik ez badago gorputz asko edukita ere ez dago zereginik. Eta hori egin behar da ez soilik sakonean, baita ere edertasunez, itxura ona emanez, hau da, gorputza eta arima osagarriak dira.

Bilboko Kafe Antzokia sortu zenuten. Ondarroakoa eta Durangoko Plateruena etorri dira ondoren. Zuen eredua esportagarria dela uste al duzue?
Bada esportagarria. Eskatu digute Bartzelonatik, Belfastetik eta Ferroletik. Durangoko Plateruenakoak eta Elgetakoak eurak dira egin dutenak eta nolabait esateko lehengusuak edo etxekoak dira, gure errekonozimendua daukate. Beste batzuk hor daude bidean, adibidez Tolosakoa edo Bermeokoa.


Azkenak
2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


Eguneraketa berriak daude