argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2021eko uztailaren 20a

Datuak hiru dimentsiotan gordetzetik hurbil

CDak edo DVDak dira gizartean gehien zabaldu diren datu-gordailuak, baina AEBetako InPhase Technologies enpresak 2006. urtearen amaierarako memoria holografikoa iragarri du.

Holografia memoria gisa erabiltzeko ideia 60ko hamarkadakoa da, baina ez zen 90eko hamarkada arte ikertzen hasi eta horren arrazoia da, ordura arte ezagunak ziren memoria bide gehienen mugak ezagunak zirelakoan zeudela.

Teorian, bederen, memoria holografikoak egungo marka guztiak apur ditzake: adibidez, DVDak baino 60 aldiz datu gehiago gorde dezake, eta datuak gordetzeko abiadura 10 aldiz handiagoa izan daiteke.

CD eta DVDtan datuak bi dimentsiotan gordetzen diren bitartean, holografiaren bidez hiru dimentsiotan gorde daitezke. Gainera informazioa ez da zulo edo ez-zulo bezala gordetzen, baizik kristal fotosentikorrean kokatzen da. Diskoko idazketa elkar gurutzatzen duten bi laser bidez gauzatzen da, horrela kristalean nolabait esatearren marka bat sortzen da. Informazioa irakurtzeko nahikoa da argi-izpi baten bidez informazioa dagoen lekua argiztatzea eta argi-izpiaren inklinazioa aldatuz gero leku berean informazio desberdina irakur daiteke.

Une honetako fabrikazio-kostuak oso handiak dira eta datorren urtean merkaturatuko den produktua oso zaila izango da publiko zabalarengana ailegatzea; beraz, lehen erosleak erakunde handiak izatea espero da, hauek baitute beharra eta dirua. Fabrikazioa merkatu ahala gure etxeetara ailegatzeko bidea egingo du, baina oraingoz bizpahiru urte igaroko direla uste da.


Txoria ala dinosaurua

Orain 150 urte Archaeoptéryx deiturikoa aurkitu zenetik, ikerlariak txoria ala dinosaurua ote den eztabaidatzen ari dira. Batzuentzat munduan sortutako lehen txoria izan zen, baina besteentzat dinosauru bat baino ez da. Joan den astean Science aldizkarian orain arte topatutako 10. alearen berri ematen da eta ikerlarien iritzian 10. ale horrek antz handiagoa omen du dinosauruekin, txoriekin baino.

Alemanian topatutako aleak oin bateko tamaina du eta orain arte topatutakoen artean hoberen zaindutakoa da, beraz, ikerketetan gauzak garbiago ikusteko aukera izan da.

Baieztapen hau egin ahal izateko hanketako hatzen itxuran eta ezaugarrietan oinarritu dira ikerlariak eta hau dela eta, zuhaitzetan baino lurrean bizitzeko ezaugarri aproposagoak zituela uste da.

Beraz, badirudi munduko txorien zerrendan lehena izan zenak ezezaguna izaten segituko duela.