Laborantza Ganbara 2005eko urtarrilaren 15ean zabaldu zen, Nafarroa Behereko Ainhize-Monjelose herrian. Ipar Euskal Herriko laborarien proiektu hau ulertzeko, hogei urteko borrokaren eta lanaren ibilbidea oroitarazi behar da. 1980ko hamarkadaren hastapenean ELB (Euskal Laborarien Batasuna) sindikatua sortu zen. Sindikatu honek FDSEA (Departamenduetako Nekazari Hustiatzaileen Sindikatuen Federakuntza) sindikatuaren hegemonia eta nagusitasuna hautsi zuen Iparraldean. Hogei urteren ondoren ELB (Frantziako Confédération Paysanne ildokoa) sindikatua bozkatuena da Ipar Euskal Herrian.
Historikoki, Paueko Laborantza Ganberak (Chambre d'Agriculture) bildu izan ditu departamenduko laborariak (Biarno eta Ipar Euskal Herrikoak). Bertan, euskal laborariak gutxiengoa izaki halabeharrez. Paueko Ganberak ez ditu egundo euskal laborarien beharrak bete, eta horrek hauen aldarrikapen nagusia betetzera behartu zituen ezinbestean, beren Laborantza Ganbara izatea.
Estatuak ez badu sortzen, guk sortuko dugu
2004. urtearen hasieran halaxe pentsatu eta halaxe obratzea deliberatu zuten ELBko laborariek: "Estatuak ez badu sortzen guk sortuko dugu". Lehen zeregina egoitza egokitzea izan zen, baita horretarako diru oinarria bilatzea ere. Manu Robles-Arangiz Fundazioak babestu zuen ekimena. Fundazioa sostengatzen duen ELAko Fernando Iraetak honela adierazi zuen orduan: "Proiektuarekin bat egiten dugu, eta laguntzeko prest gaude. Batere baldintzarik gabe ordea. Bere kudeatzea euren gain dago".
Proiektuaren ideia abian zela bi urte beteko dira aurki eta urte bat egoitza eta Laborantza Ganbara funtzionamenduan hasi zela: "Bi urte joan dira eta hastapeneko espiritu berberarekin ari gara. Ez dugu inongo dudarik, talde lanean sinesten baitugu. Gure parioa edo desafioa erdiesteko konfiantza dugu, barnean nahiz kanpoan gaitasun handiko pertsonak ari baitira proiektuan. Ez dugu zalantza izpirik geroari buruz", diosku Laborantza Ganbarako Mixel Berhokoirigoin lehendakariak. Hegoaldeko beste sindikalisten ahotan ere antzeko hitzak entzun izan ditugu: "Taldearen indarrean konfiantza dute, jende ona da".
Mehatxuak, isuna eta Polizia Judiziala
Abiatu zen ekimena. Alabaina, egoitza zabaldu aurreko egunetan, Pirinio Atlantikoetako Philippe Gregoire prefetak proiektua mehatxu bidez geldiarazi nahi izan zuen. Proiektua sostengatu zuten 120 auzapezei gutun bana igorri zien Euskal Herriko Laborantza Ganbara (EHLG) legez kanpoko erakundea zela ohartaraziz eta "egiten ari zirena bi aldiz hausnartzeko". Mixel Berhokoirigoin lehendakariari eta Maryse Cachenaut lehendakariordeari, agindua bete ezean Lan Kodeko 4. artikuluko zigorra ezarriko ziela adierazi zien prefetak. Gutunean, honela zehazten zuen isunaren munta: "Itxi ezean 4.500 euroko isuna ordaindu beharko duzue, eta legea berriz ere hautsiz gero, isuna bikoiztu eta egoitza indarrez itxiko da". Ixteko argudioen artean, bitxikeria gisa, proiektuaren beraren izen nahasgarria aipatu zuen prefetak: Chambre d'Agriculture edo Laborantza Ganbara izen bera izatea.
Berhokoirigoienek honela interpretatu du afera egun:"Guk sortu dugun egitura honek laborarien espirituan konfusioa sortzen duela dio prefetak. Paueko Laborantza Ganberaren eremua, lana eta helburuak betetzen dituela. Gurea ilegala izanik, gelditu behar dugula". Afera hauek ez dira aise gainditzen. Hasteko, auzibidea bi auzitegitan gauzatu behar da. Auzitegi administratiboan, batetik. Tramiteak edo izapideak luze joan ohi dira bertan, eta honek urtea iraunen du gutxienez. Bestetik, auzitegi penala dago. Honek Laborantza Ganbararen aurka jotzen du zuzenki. Auzitegi penalean jarritako salaketa hau ez da irekia oraino. Baionako prokuradorea edo fiskala arduratzen da horretaz. Polizia judiziala medio ikerketa burutzen ari da eta bururatutakoan prokuradoreak erabaki beharko du txostenari segida ematea edo ez.
Itxura batez, Estatuak afera sei hilabetez garatzen utzi zuen, bidez bide Ganbararen ideiak porrot egingo zuelakoan. Irailean ordea, Polizia Judizialak Mixel Berhokoirigoin galdekatu zuen prefetaren aginduz, baita egoitza miatu ere. Lehendakariak lanean segitzeko asmoa berretsi zuen ordea, eta hala dio orain ere: "Ez dakigu konfrontazioak zer ekarriko duen, eta ez dut harrotasunez erraten. Baina prefetak ere ez daki".
ELB, FDSEA, SUAT
ELBren asmoez gain, FDSEA eta SUAT (Service d'utilité agricole territoriale) delakoen asmoak ezagutu behar dira, Iparraldeko laborantza mundua ezagutuko badugu. SUAT Departamenduko Laborantza Ganberak (FDSEAren nahiaz eta gehiengoz) Iparralderako ezarritako zerbitzua da. Donapaleun du egoitza. SUATeko presidentea Jean-Pierre Goiti da, euskalduna, Laborantza Ganbera/Chambre d'Agicultureko presidente-ordea. SUATen aurrekontua iragan azaroan bozkatu zuten: 3 milioi eurokoa. Departamenduko aurrekontua 7 milioikoa izaki, -Ipar Euskal Herriak departamenduaren %40 egiten du- honi 3 milioi dagokiola diote: "Hori ez da egiazki gertatzen ordea. Guk Donapaleuko egoitza ezagutzen dugu eta dirutza horrekin aktibitateak neurrigabea izan beharko luke, langile andana. Guk milioi bat euroko aurrekontua dugu aurten, haien herena, zazpi langile kontratu pean. Gezurretan ari dira, ez da inondik inora hiru milioiren erabilpena ageri", zehaztu dugu Berhokoirigoinek
Ainhize-Monjeloseko Ganbarako lehendakariaren iritziz FDSEAk eta Departamenduko Ganberak eratutako zerbitzuak (SUAT) errealitatean ez du funtzionatzen, ezta funtzionatuko ere. Aitzitik, haiek ELBren egitura honek funtzionatuko duen beldur dira: "Bestela pentsatuko balute ez lirateke erdian sartuko. Gure ekimen honek urte batez iraun du eta badakite zutik jarraituko duela, baita guk ere: alegia, egiazko Laborantza Ganbara batek bete behar dituen zerbitzuak eskaintzea lortuko dugula".
Laborantza garatzeko bi mundu ikuskera
Berhokoirigoinen aburuz, jendeak ez luke pentsatu behar sindikatuen arteko konpetentzia edo lehia hutsia dagoela, botere gosea alegia. Bi sindikatuek bi mundu eta proiektu zinez ezberdinak dituzte, baita berauek gauzatzeko bi estrategia ezberdin ere. Logika arrunt diferenteak beren bizimoldea antolatzerakoan: "ELB eta (Estatuan Confederation Payssane) eta FDSEAren arteko aldea lantegi bateko nagusia eta langilearen artekoa da. Alderdikerian sartu gabe, proiektu ezberdinak dira gureak".
Laborantza garatzeko bi moldeak hauek dira: intentsiboa bata eta iraunkorra bestea: bi eredu kontrajarri. Baserri tipi eta handien arteko diferentziak izugarriak dira eta horrek ezinezkoa egiten du bi sindikatu hauek Iparraldean uztartzea. ELBko laborarien eletan FDSEAk bi arazo nagusi ditu Iparraldean: "Ez du bere bidea aurkitu, eta artean laborantza industrialari kasu eta jarraipena egiten dio. Euskal Herriko laborantzak, ordea, ezin du sistema horretan barrena bide egin. Honakoa zehaztu digu EHLGko eta ELBko bozeramaleak: "FDSEAren egitasmoak kontraesankorrak dira guztiz. Haiek dituzten helburuak Iparraldeko laborantzan aplikatuz gero, laborarien erdiak edo bi herenak desagertu beharko luke". ELBko kideen erranetan «FDSEAkoek bi jokabide izaten dute: lekuko jendeari diskurtso bat helarazten dioten bitartean, boterearen gune ofizialetan bestelako bat erabiltzen dute. Laborantza, bizitzeko moldea da, lurrari eta bertako kulturari lotua. FDSEAko kideek ere bertako ekonomia sustatu eta nortasuna eta identitatea ezagutua izatea nahi dute. Haiek ere Euskal Herriaren izaera agertu nahi dute, baina Estatuaren egiturei lotuak dira arras. Euskaldunak direla diote, baina Pauen ere ez dituzte euskadun gisa ezagutzen. Zango bat han eta bestea hemen dituzte, eta ondorioz deseroso sentitzen dira».
Zuzenbidezko estatuaren eskubidea urratua
Auzitegiek erabaki bat hartzen duten bitartean, Prefetak, Kontseilu Nagusiak (Jean-Jacques Lasserre presidente dela) eta Departamenduko Laborantza Ganberak izugarrizko presioa sakatzen dute Laborantza Ganbararen aurka. Ganbara honetako partaide eta laguntzaile direnen harremanak mozten saiatzen ari dira. Edozein ekimen edo zerbitzu soilena gauzatzen ari direla jakindakoan, berehala, tartean sartzen dira. Adibidez, Laborantza Ganbarak Akitaniako Kontseilu Nagusian diru eskaera egin du urteko eta ohiko aurrekontuaren barruan. Ingurumenari buruzko diagnosia egiteko dirua da, etxaldeek praktikan zertan hobetu behar duten ondo ezagutzeko. Eskuarki diagnosi hauek lagunduak dira Eskualdeko Kontseiluaren aldetik. Aurten, 12.000 euroko dirulaguntza moztu diete laborari hauei. Erabakiaren gibelean Departamenduko FDSEAren presidente Pouloute, prefeta, Lasserre eta Jean-Pierre Goiti, Paueko Laborantza Ganberako presidenteordea daude.
Esneari buruzko ikastaroaren inguruan gertatua beste adibide bat da. PACeko erreforma politikoaren ondorioz aldaketa anitz izan dira. Erreformak behi esnearen sektorean zein ondorio ekarriko dituen, eta prezioa, merkatu eta produkzioaren banaketa ezagutzea funtsezko da. Ikastaroa politika hauek ezagutzeko da: "Pertsona bat behar genuen, konpetentzia duten anitz jende kontaktatu dugu, eta guztiek errefusatu digute: ‘ni pertsonalki ados naiz, baina nire nagusiak erran dit ez egiteko’, Laborantza Ganbarara ez etortzeko, alegia» diosku lehendakariak.
Berhokoirigoienek dioenez, testuinguru zailean jarri nahi dituzte. Haiek, alabaina, beren iritzia helarazi diote Estatuko ordezkari guztiei: "Zuek Frantziako Estatuaren printzipioetako bat botere banaketa dela erraten duzue. Hau da, justizia independentea dela eta bere bidea egiten uzten duzuela. Bada, gure kasuan ageri da ez dela horrela, alderantziz, justiziaren eremuan bide bat ireki duzue, baina bidea ibili gabe, zuek sententzia bat aplikatzen ari zarete, alegia, justiziak erabaki nahiko lukeen neurria edo epaia erabiltzen ari zarete. Hots, justiziak gure egitura ilegala dela erabakitzea nahi duzue -eta hori justiziak erabaki behar du-, baina zuek jadanik epaiketa aplikatzen ari zarete".
Hots, zuzenbidezko estatu baten oinarrizko eskubideak ez dira betetzen. Hitz hauek barnebiltzen dituzte Laborantza Ganbara proiektuaren aurka Estatuak erabilitako jarrera, eta horiek markatu dute Laborantza Ganbararen urte bateko ibilbidea.