argia.eus
INPRIMATU
Kafe apur bat gosekilei
Igor Estankona 2007ko otsailaren 21
Munduko aberatsenen kafe kikarakada pare bat. Nahikoa litzateke hori, antza, den gose guztia kentzeko. Baina hainbeste gauza entzuten da bazterretan! Ez al ziguten esan, halaber, 48 ordutan gerran xahutzen denarekin eginda legokeela? Edo bakoitzak paria bat besoetan hartuta? Gobernuz kanpoko hizkera hau nagusitu da zoritxarrez, onegintza indibidualaren semantika paralitiko hau, arazoa gugan eta irtenbidea profesionalen esku dagoela dioskuna.

Eta normala iruditzen zait jendeak ez erantzutea, kontutan harturik ebakia euro bat eta hamar zentimo kobratzen dutela zenbait lekutan.

Lehen ogia botatzea pekatua zen, Etiopian jendea goseak hiltzen zegoelako. Orduan behintzat otartekoa bukatu egiten genuen otoitz baten antzera, euren sabel puztuaz gogoratzen ginen bitartean. Intimitate beneragarrian desagertzen ziren.

Orain, ordea, kudeatu egiten da ulertzen ez dena ere. Espezializazioa da: zuk eman zertxobait, nik eramango dut eta jomugara. Muturrak sartzen ditu horrela lehen munduko hiritar ezdeus bakoitzak lizunkeria erraldoi honetan.