Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) indarrean dagoen hizkuntza politikarekin euskara ez dela indarberrituko diote batzuek, motelegi goazela eta bizkortu behar dela diote bestetzuek. Beste zenbaitek, aldiz, epe laburrean urrats eragingarriak egin ditugula edo urrutiegi iritsi garela eta galga jartzea behar-beharrezkoa dela irizten diote. Gizarte eragileen aldetik, berriz, politika munduan dauden bezainbeste -gutxienez- iritzi entzun litezke. Nonbait zerbait gertatzen delarik, biharamuneko hedabideek berri horri ematen dioten trataerarekin, gertaera desberdin batez ari direla sortzen duten ustearen parekoa da hizkuntza politikak sortu ohi duena, zinez.
Diktadura batetik atera berri, laurogeiko hamarkadan gauza dezente zeuden egiteko, eta euskararena denbora laburrean bidera zitekeelako ustea oso zabalduta zegoen. Orduko gizarte giroa ere esku hartzaileagoa zen. Denboraren joan etorrian, ostera, giroa apalduz joan da, xedera epe laburrean iristerik ez dagoela indartuz, eta egiten denarekin, euskararen normalizazioa berez -atzera bueltarik gabe- doan irudikapena indartu egin da. Baina, gizarte aldaketaz dihardugunez, aurrera egitea nekosoa suertatzen dela, eta atzeraka egitea, berriz, erraza, ez genuke sekula ahaztu behar.
Euskarak aurrera egin du, duda izpirik gabe, hori ez dago zalantzan jartzerik, izan ere, erabilera eremuak irabazi ditu, hiztunak ere irabazi egin ditu, belaunaldi gazteenetan, batez ere. Hartara, aurrera egin den edo ez bezalako eztabaida antzuak ekidin eta euskararen normalizazioa areagotzeko bidean egin beharreko urratsez aritu beharko genuke, ezinbestean, hori baita, nik uste, egiatan interesatzen dena, zehazten zailena, adostasun berrietara iritsi ahal izateko oinarria, bihar-etzikoa irabazteko giltzarria, eta dezakeguna.
Hizkuntza politikan hartutako erabakiak unean uneko testuinguruarekin uztartuta aztertzea komenigarria da oso. Inguruabar horretan, zein dira euskararen hiztun-elkarteak eremu bakoitzean erabat garatzeko egun dituen beharrak, zein dira biharkoak? Beraz, etorkizuneko beharrei erantzuteko zein lirateke egun abian jarri beharreko politikak, lehenagotik etorri eta indartu beharrekoak edota hartu beharreko erabaki berriak? Eztabaida horri ekiteko abagunea oraingoa da, ekidin ezina da.
Baina, eztabaida horrek inertziak astintzea eta aitzindaritza eskatzen ditu, hizkuntza politikari zentraltasuna aitortuz, bai instituzioetan, alderdi politikoetan nola baita gizartean bertan ere. Zentraltasuna eztabaidan, bizitzaren maila guztietan eraginkortasunez eragiteko ahalmenean, baliabideetan; kontua, beraz, ez datza EAEn hizkuntza politikarako bitarteko gehiago eskatzean, bitarteko horien zertarakoan, lehentasunetan indarrak jartzean baizik. Izan ere, orain artekoa mantentzea edota orain artekoak are gehiago gizentzeko xede duen eztabaida galdua baita, antzua da. Egun bizi garenontzat, euskara indarberritzea lehentasuna ote da? Horra hor, erantzun beharreko lehenbiziko galdera.
Bizi garen Europan euskaldun eleaniztunak izan nahi dugu, ez hizkuntza asko dakizkigun euskaradunak. Etorkizuneko eszenatokia, beraz, ez da elebakartasunean ardazten. Horrek, besteak beste, euskara indarberritzeak gaztelania edo frantsesa hizkuntzak albo batera lagatzeko zurigarria ez dela erakusteko balio beharko luke berez, arriskuan ez dauden hizkuntza nagusiagoen osasunaz kezkatzen direnak euskara normalizatzeko hartu beharreko neurri zehatzen eztabaidaren inguruabarrera erakarriz. Baina, neurri zehatzei buruz hitz egiten hasi aurretik, euskara normalizatzea nahi den da lehentasunez mundu guztiak argitu beharko lukeena.
Izan ere, dena ez dago hiztunen baitan uzterik. Hiztun batzuek eskubide guzti-guztiak eta beste batzuek murriztuak dituztenean areago. Hizkuntzek pertsonak behar dituzte, eta pertsonek, aldiz, taldeak, komunikazioa pertsonen arteko gertaera baita. Neoliberalismoaren printzipioei segituz, hizkuntzak pertsonen aukeren kontura beste barik utzi nahi izatea abantailaz jokatu nahi izatea da, euskarari azken arnasarako bidea egitea.
Aurrekoa argitu ondoren normalizaziora iristeko neurri zehatzez jardun beharko genuke. Baina, eztabaida hori gidatzeko estrata behar da, 2006. urtean zehar Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia ebaluatzen hasteak, eta eremuz eremu lortu direnak, dauden gabeziak, beharrak eta lehentasunak finkatzeak hori egiten lagun diezaguke, eztabaida bera antolatuz, askotariko gizarte taldeak adostasun berrietara iristea ahalbidetuz. Baina, prozesuak aurreiritzirik gabe esku-hartzea eskatzen du, norberak eskuartean dituen egitasmoak eztabaidan jartzeko aukera errefusatu gabe aritzea, gutxienekoak izan daitezkeenak adosteko malgutasunez jokatzea.
Bide horri ekin nahi diogu?