...erdal herriari hurbiltzea dugu helburu". Hori ulertu nuen nik, finala Donostiako Belodromotik Barakaldora eraman behar zutela jakin nuenean. Eta pentsatzeari bi minutu eman gabe onartu nuen mezua, nahiz eta erabaki horretan subentzioek, sosek ere bere indarra izango zutenaren errezeloa izan. Berdintsu zioen. Baina Nerbioaren bi aldetan lehiaketan ibilitako ni bezalako bati harrigarri zaiona ez da Bertsozale Elkartearen erabakia, ez eta horren esplikazio ofiziala, guk futbolean ez bezala bertsolariek Bilbora egin gabe Bilbon jokatuko dutenaren iragarpena baino. Guk, Baskoniaren aurka Basaurin, Arenasen kontra Algortan eta bertakoak arerio, Sestaon, Barakaldon, Santurtzin, Erandion, Getxon eta Portugaleten jokatu izan dugu. Eta bagenekien jakin, ez ginela Bilbon ari. Zer dute bada bertsolariek guk ez genuena, Barakaldon kantatu eta Bilbon jokatu dutela esan eta onartuak izateko? Ez dut pentsatu nahi euren estimurako Barakaldo ez askitzat jo, eta Bilbo erabiltzea onartu dutenik besterik gabe. Aurki, merkatu legeek Durangoko Azoka ere bilbotartu dezakete, editoreek eta sortzaileek hala erabakita. Loiun hartzen dugula hegazkina alegia, ez Bilbon.