argia.eus
INPRIMATU
Salamankino berriak
Edu Zelaieta Anta 2021eko uztailaren 16a
Salamankinoak Salamanca ingurutik heldu zirenei erraten zitzaien duela 45-50 urte Nafarroako Bidasoaldean, Berako eta Lesakako industrialdeek gora egin zuten garaian. Segur aski, hasieran, salamankinoak Salamanca ingurukoak izanen ziren. Baina, geroago, kanpoko jendeen etorriak ugaritzearekin, Zamorakoak nahiz Avilakoak ere salamankino bihurtu ziren. Nonbait, ez zen astirik izan denbora alferreko bereizketetan galtzeko. Ñabardurak galtzaile suertatu ziren berriz ere. Bertako nekazariek nahikoa lan zuten bizimodu berriari egokitzeko, baita kanpotik etorritako langile xumeek ere ogia irabazteko.
Lehengo batean, Berako aitona kaskazuri bat imintzioka ari zitzaion telebistari, kasik berekin mintzatuko balitz bezala. Ostatuko gainerako lagunen arreta bereganatzeko-edo erran zuen ozenki: hor dituzue salamankino berriak. Telebistan, Frantziako matxinatuak ageri ziren. Protestaka. Inkonforme.
Gure amak eta aitak Parisen ezagutu zuten elkar, 60ko hamarkada hiri mitifikatuan. Beratik abiatua zen aita. Galiziako herri ttiki batetik ama. Biak gazte-gazteak ziren, Frantziara lan bila joanak. Ilara luzean izan zuten lehen enkontrua. Paperak egiteko zain.