Rapa Nui uhartea: paradisu hasi eta infernu bukatu

  • Mende gutxitan Rapa Nui edo Pazko uhartera iritsitako gizakiek basoa suntsitu zuten, eskueran zeuzkaten landare eta animalia guztiak desagerrarazi zituzten eta antolatuta zeukaten gizarte aberatsa hondamendi eta kanibalismora eraman zuten. Horra irakaspen kezkagarria damaigun ipuin egiazkoa.

2021eko uztailaren 20an

Rapa nui edo Pazko uhartea 1722ko Pazko egunez aurkitu zuen Jacob Rogggeveen esploratzaile holandarrak. Hego Amerikatik 3.800 kilometrora eta biztanleak dituen hurbileneko irlatik (Pitcairn) 2.660ra dago. Klima gozoa du, lurzorua jatorri bolkanikokoa eta ondorioz aberatsa... eta hala ere oso eremu txiroa aurkitu zuen Roggeveenek: zuhaitz bakar bat ez, ezta hiru metro baino handiagoko zuhaixkarik ere, zelaiak ihi eta iratzez beteta, neguan erretzeko egurrik ez, hegazti, abere eta muskerrik ez, etxean hazitako oiloak ziren uharteko animalia bakarrak. 2.000 biztanle inguru bizi ziren uhartean XVIII. mendean, jatorri polinesiarrekoak.

Gehienoi Pazko uhartea bere estatua erraldoiengatik egiten zaigu ezagun. Hainbat erreportaietan ikusi ditugu giza itxurako irudiok, Rapa Nui film famatuan ere bai. Itsaso Barean isolaturiko uharte eta jende horien inguruan badira gauza esplikatu gabekoak, eta beren inguruan teoriak eta zientzia fikzioa nahastu izan dira.

Hasteko, ez da erraza esplikatzen nola lortu zuen hain giza talde txikiak 10 metro altuerako eta 82 tonatara iristen diren 200 harritzar zizelkatu eta harrobietatik hamar kilometrora eraman ondoren, han zutunik, paratzea. Horien oinarrietan gainera 152x3 metroko egiturak daude antolatuak harriz. Ez hori bakarrik, beste harri asko zeuden eginak edo egite bidean, batzuk 19 metro luze eta 270 tona baino gehiagokoak. Nola egin, eraman eta eraiki zituzten monumentuok? Ez zegoen ez errestan eramateko enborrik, ez sokak egiteko lehengairik, ez horrelako monumentuak eraikitzeko behar den adinako biztanle kopuru eta antolakizun politikorik. Nola esplika daitezke bertako zaharrek kontatzen dituzten bidaiak ontzi txukun bakar bat egiteko zuhaitzik ez badauka Rapa Nui uharteak?

Galdera horiei arkeologoek aurkitu zizkieten erantzunak duela urte gutxi, eta horien berri eman zuen Discover Magazine aldizkarian Jared Diamond biologo eta geografoak. Berrikitan gaztelaniaz plazaratu du artikulu hura Crisis Energética aldizkari elektronikoak. Jared Diamondek egin du arkeologiak, polenaren analisiak eta paleontologiak Pazko uhartearen iraganaz eskaini dituzten argibideen laburpena, eta istorio gogorra atera zaio: giza talde batek bere ingurua ezagutzarik eta neurririk gabe ustiatzearen ondorioz, nozitu dezakeen gainbeheraren ipuin egiazkoa.


Oharkabeko gainbehera

Gizakiak Kristo ondorengo 400. urte inguruan heldu ziren Hawaii uharteetatik Rapa Nuira. Harrizko «moai» famatuak 1.200-1.500 urteen artean egin eta zutiarazi ziren, eta uharteak biztanlerik gehien orduan eduki zuen: batzuen ustez 7.000 eta beste batzuen ustez 15.000 inguru. Esan dugunez, XVIII.ean, gizon zuriak iritsi zirenean 2.000tan zeuden.

7.000-15.000 izanez gero, moai horiek zizelkatzea bazuten eta irlaren alde batetik bestera eramatea ere bai, sokak eta enborrak edukiz gero. Ba ote zituzten eskueran? Zeelanda Berriko John Flenley eta Ingalaterrako Sarah King-ek egin dituzte urteetan zehar zoruetan pilatu diren polen eta hazien analisiak, eta gaur Rapa Nuik duen itxurarekin zerikusirik ez daukan paisaia zaharra aurkitu dute.

Azken 30.000 urteetan -eta gizakia iritsi arte- oihan subtropikala omen zen Pazko uhartea, zuhaitz eta zuhaixka sendoz mukuru betea. Baso hartan ugariena palmondo mota bat omen zen, gaur Rapa Nuin ezagutzen ez den baina Txilen oraindik bizi dena: palmondo txiletarra. 25 metroko altuera harrapa dezake eta 1,80 metroko diametroa eduki. Intxaur tankerako hazi jangarriak ematen ditu eta enborreko izerdiarekin oraindik Txilen azukrea, ziropak eta ardo tankerako edaria egiten dituzte. Beren enborretan oso erraz joango ziren pirritan moai handiak...

Eta zer jaten zuten rapanuitarrek? Indusketak egin dituzten paleontologoak harrituta geratu dira hemen aurkitu dituzten hezurren ia herena izurdeenak zirelako. Hori ez baita gertatzen Pazko uharteko biztanleen jatorrizko lurraldeetan, Polinesian. Izurdeak animalia handi samarrak dira, 75 kilotara irits daitezke Pazko uharteko lurzoruetan aurkitu direnak, eta horiek ezin dira itsas bazterretik harrapatu, ez amuz eta ez arpoiz. Ontzi handi samarretan sartu beharra zeukaten itsasoan horiek ehizatzera. Palmondoz egindako ontzietan seguruenik.

Indusketek erakutsi dute izurdeaz gain, rapanuitarrek itsasoko hegazti asko harrapatu eta jaten zituztela. Gaur egun ez bezala, 25 hegazti klasek beren habiak hemen egiten omen zituzten. Gainera lurreko hegaztiak ere jan zitzaketen jendeek: hontzak, lertxunak eta loroak, adibidez. Ikertzaileek uste dute itsas txakurrek bertan egiten zituztela umeak.

Gisa horretako paradisua aurkitu zuten Polinesiatik etorri ziren gizakiek gaur Rapa Nui (Uharte Handia) deitu duten uhartean. Beraiekin ekarri zuten beste inmigrante klandestino bat ere: arratoia. Honek ere balioko zuen jateko, basoko zuhaitzen egurrez egindako sutan erreta. Bidaia hori duela 1.600 urte gertatu zen... eta laster hasi zen gainbehera.

400 bat urte geroago (800.ean) oihanak oso bakanduta zeuden. XV. mendean bukatu ziren denetarako (sua, ontziak, moaien garraioa) erabiltzen ziren palmondoak, basoen lekuan baratzeak egin ziren, arratoiek jaten zituzten hazi eta landare txikiak, hegaztiak desagertzen joan ziren, itsaskiak ere bai gehiegi harrapatzeagatik, zuhaitzik gehienak suntsitu egin ziren, ontzirik ezean izurde gehiago ezin zen harrapatu, oiloak ugaritu behar izan zituzten herritarrek... eta azkenean kanibalismoraino iritsi ziren. Hona herritarrek oroimenean gorde duten irain beldurgarri bat: «Zure amaren haragia haginetan itsatsita daukat».

Ikusi denez, lehenbiziko mendeetan naturaren oparotasuna baliatu eta ugaritu egin ziren gizakiak. Ondoren, harrizko moaiak eraikitzen hasi ziren, giza erakundetzearen eta agintearen ikur gisa. Klanen arteko borrokak gertatu ziren. Eta lurra gehiegi ustiatu zutenean, alderantzizko bideari ekin zioten: gosetea, kanibalismoa, liskarrak... Zuriak iritsi zirenerako jende asko kobazuloetan babestuta bizi zen, borroketatik ihesi. Moai batzuk zutik zeuden, eta beste batzuk lurrean etzanda. 1864an bota zuten lurrera azkeneko moaia: talde batekoek beste taldekoei irain egiteko.

Hona Diamonden komentario bat: «Pazko uharteko zibilizazioaren kolapsoa imajinatzen ahalegintzen gara eta gure buruari galdetzen diogu zergatik ez ote zuten jendeek beren inguruan erreparatzen, nolaz ez zuten ulertu zer ari ziren egiten, nolaz ez ziren gelditu berandu izan baino lehen. Zertan ari ote ziren pentsatzen azken palmondoa eraitsi zutenean? Baina ziurrenik hondamendia ez zen bat-batean gertatuko, malda behera luze eta tristea izango zen. Azken finean, ikusi bukatu gabe abandonatutako estatua horiek: oihanak behar zituzten moaiak enborretan pirritan eramateko eta haiek jasotzeko sokak egiteko. Eta oihanak mantso joan ziren desagertzen, hamarkadatan zehar».

Diamond ohartzen da Rapa Nuikoek ez bezala guk ezagutza handiak ditugula, hondamendia geldiarazteko. Baina beste aldetik, haien aldean guk hondamendia egiteko tresna askoz sendoagoak dauzkagu. Gauza batean gara berdinak: ez Pazko uhartekoek eta ez guk ez daukagu hau agortu ondoren ihes egiteko beste mundurik eskueran.

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude