Nola bizi du txapelketa bertsolariak?


2021eko uztailaren 19an
Txapelketan zuek eta zuen etxekoren batek kantatu izan duzue. Nola bizi duzue kasu bakoitzean?
Xebastian Lizaso. Oso ezberdin. Norberak parte hartzen duenean, aldi berean egoten da estuago eta lasaiago. Estuago gehiago jokatzen duelako, eta lasaiago norberak badakielako zer egin dezakeen.
Ez naiz joan semea txapelketan ikustera. Neuri ez zait gustatu inoiz txapelketan aurrean etxekoak egotea, eta pentsatzen dut hari ere ez zaiola gustatuko.

Jon Lopategi. Niri tokatu zait semearekin txapelketan kantatzea, Bizkaiko Txapelketako 87ko finalean. Erantzukizuna semearengan jartzen nuen. Neu erreleboa ematera joan nintzen, ez nuen sentitzen irabazteko obligaziorik eta inoizko lasaien joan nintzen. Semeak eta biok elkarrekin jardun genuen, eta pozik itzuli ginen orduan ere txapela janztea tokatu baitzitzaidan. Oso esperientzia polita izan zen.

Estitxu Arozena. Ni Nafarroako Txapelketan parte hartzen hasi nintzenean aita jada txapelketa horretan aritzen zen. Pentsatzen dut berak kezka izaten zuela, baina nik beregatik batere ez, nahikoa lan bainuen neure buruarekin.
Baina tokatu zait bestelako saioetan entzutea. Zeuk kantatzen duzularik, aurreko egunetan kezka izaten duzu. Aitak kantatzen duenean ez duzu bezperetan kezkarik izaten, baina egunean bertan bai. Baina horregatik ez diot entzutera joateari utzi, eta berak ere ez ni entzuteari. Halabeharra ere bada, Nafarroako bertso mundua hagitz txikia da eta.

Xabier Amuriza. Gure alaba oraindik oso gaztea da. Kantatu duen Eskolarteko Txapelketetara ez naiz ikustera joan, berak ez zuelako nahi, eta neuk ere ez. Esana diot belauniko eskatzen badit bakarrik joango naizela. Nik neuk asko sufrituko nuke. Beharbada geroago, segurantza handiz ikusten dudanean...
Txapelketaz kanpoko saioetan kantatu izan dut berarekin. Gustura aritzen gara, lasai. Plazan saio polita egitera joaten naiz, eta aita-alaben kontrastea beste inorekin ezin du izan. Bera gustura ateratzen da txalo gehiago jotzen diotelako niri baino.

Zeren bila doa bertsolaria txapelketara?
X. Lizaso. Bertsolariak garai bakoitzean motibo diferenteak ditu izena emateko. Batzuk intuizioz, beste batzuk "beno, besteak badoaz eta neu ere joan egingo nauk" esanda, eta beste batzuk bultzaka eramanda joan izan dira. Gu 1980an hasi ginen Txapelketa Nagusian, eta garai hartan inori ez zitzaion burutik pasa ere egiten ezezkoa ematerik.
Baina, nik uste, bertsolaritzak premia gehiago duela bertsolariek baino noizean behin horrelako astindua jasotzeko. Bertsolaritzaren gurpila ondo badoa ez du txapelketa beharrik, baina noizean behin jende berriari ateak irekitzeko aukera da txapelketa.

J. Lopategi. Ni neu txapelketara joateko nagi samarra izan naiz beti, baina batzuetan besteek bultzata, eta beste batzuetan obligazioa sentituta, hainbeste aldiz izan naiz txapelketetan, eta beharrezkoak direla uste dut. Bertsolaritzari noizean behin astinaldia emateko, eta bertsolaritza ezagutzera emateko, ondo ikusten dut txapelketara jendea joatea, gu joaten ginen modura edo borondate gehiagorekin.

E. Arozena. Gu bertsoa egiteko gai ginenerako joan ginen txapelketara, inguruak motibatuta. Izan ere, Nafarroako Txapelketan, gure aurreko gazteenak jada urte batzuk bazituen, eta tarte handia zegoen. Geroztik ezezkoa ia ezin izan da pentsatu ere egin. Lau urtetik behin Euskal Herrikora joan gara, herrialdea ahalik eta hobekien ordezkatzera. Anbizio pertsonalak baino gehiago, inguruak bultzatuta joan naiz ni. Orain bai, orain uzten dizute ezezkoa emango duzun pentsatzen hasten.
Beste bertsolari batzuek plaza gehiago lortzeko joaten dira txapelketara, eta arriskutsua da: Txapelketa batzuentzat poza eta gehienentzat irristada da. Ez dakit bertsolariari mesede egiten dion txapelketan itxaropen gehiegi jartzeak.

X. Amuriza. Nire kasua atipiko samarra da, nahiko berandu joan bainintzen txapelketara. Ordurako beste izen bat hartua nuen, bertsolaritzaz teorizazioak eginda nituen, Hiztegi Errimatua argitaratua... Gogoa neukan zerbait egin nezakeela erakusteko. Irabaztera joateko ez da izan behar lotsarik. Txapelketaz kanpo geratzea zirkuitutik kanpo geratzeko arriskua delako ere bai, baina batez ere zerbait egin eta erakutsi nahi dugulako joaten gara txapelketara. Nigan eragin handia izan zuen anbizio artistikoak, lehen aldiz joan nintzenean. Konfiantza ere eraman nuen.

Eliteko belaunaldiak planteatu lezake txapelketara ez joatea? Zer jokatzen du bere karreran?
X. Lizaso. Hor bi alde daude. Bata bertsolariak jokatzen duena, eta bestea txapelketak jokatzen duena. Asentatutako belaunaldia joango ez balitz aurtengo txapelketara, txapelketak galduko luke norberak baino gehiago. Txapelketa egiteko garantizatuta behar da bertsolari batzuen parte-hartzea.
Bakoitzak ere jokatzen du, dudarik ez. Txapelketak eman eta kendu, biak egiten ditu. Lehen bezala ez da inor gelditzen. Arriskua bakoitzak neurtu behar du: gauzak ondo irtenda zenbat emango dit, eta gaizki irtenda zenbat kenduko dit. Baina ez dut uste jendea galdu dezakeenagatik joan gabe geratuko denik.

J. Lopategi. Nik irabazi egin dut txapelketarekin. Bizkaian lehen txapelketak egin zirenean, bertsotan zerbait ibiltzen nintzen inguruko herrietan, baina ez neukan batere entzuterik. 1962ko txapelketa irabazi nuen eta txapelketa horri esker nire burua ezagutzera eman eta aukera izan nuen bertsolari profesionalagoekin aritzeko. Orduan lotu ninduten Azpillagarekin eta Azpillaga jada bertsolari ezaguna zen.

E. Arozena. Eskaparatera ateratzeko ona da txapelketa. Oraingo belaunaldi asentatuak txapelketara joango ez balitz zerbait galduko luke, eta txapelketa izan daiteke aldagai eraginkorra bertsolariak berriro kokatzeko, baina badira beste aldagai batzuk ere. Izan ere, uste dut bertsolaritza etapaka aldatzen dela: elitean egoten ahal zara 10 edo 15 urte, baina noizbait bukatu beharra dago, batez ere berriak ate joka heldu direlako eta plaza kopurua izugarri ez delako handituko, edo zeuk etapa bukatu duzulako... Belaunaldi egonkortua ez da beti izango egonkorra, elitea ez delako inoiz egonkorra izan.

X. Amuriza. Txapelketatik aparte ere, bertsolaritzak lehia berea du. Bat plazara badoa, beste norbaiti kentzen dio lekua. Elitean toki estua dago eta hor badago konpetentzia, zintzoa, baina konpetentzia. Saioan bertan ere bat-batekoa lehia da, biren artean ari zarenean kantuan, besteak baino hobeto egin nahi duzu... Hortik txapelketarako aldea ez da hainbestekoa, eta belaunaldi oso batek ez du txapelketatik alde egingo, bertsolaritzatik alde egin gabe behintzat. Gainera txapelketak badu plus bat espektazioan eta jendearen aurrean norbere burua erakustean...
Manuel Lasartek ez zuen txapelketan parte hartzen, eta izugarrizko fama eta prestigioa zuen. Baina horiek oso kasu bakanak izan dira. Normalean, txapelketara ez doana edo koldarra delako, edo plazan lekurik ez daukalako izango da, zeren bestela ere bertsolaritzan pixka bat gora egiteko lehiakorra izan behar da; anbizioa behar duzu.

Noiz utzi zenioten parte-hartzeari eta zergatik?
X. Lizaso. Nik 2001eko txapelketari esan nion ezetz, eta dezente lehenagotik hartua neukan erabakia. Atzetik jende berria bazetorren, tokia uztea ona da, eta norbera erre baino lehenago neurria hartzea ere bai. Gurditik jaisteko une egokia aurkitu, eta pentsatu nuen "hemendik aurrera bertsotan ahal den gutxien sufritu behar dut eta ahal den gehien gozatu".

J. Lopategi. Ni adinean gora nindoan, sentitzen nuen memoria eta fakultateak eskasten ari zitzaizkidala. Aurreko txapelketan ere garbi utzi nuen azkena izango zela. Eta erretiratzeko garaia nuela erabaki nuen, gazte oso onak zetozelako.

E. Arozena. Nik ikasleei erraten diet, erdi broman eta erdi serio, euretako batek txapela irabazten duenean, ni etxera joango naizela. Nafarroan ikusten dudanean maila ona dagoela, lasai utziko dut. Gure aurrekoek ere hori egin zuten eta guk ere transmisioa egiten badugu hobe.

X. Amuriza. Nik txapelketetan ez dut oso ibilbide luzea ere. Berandu hasi nintzen, 39 urterekin. Eta jada 50 urtera inguratuta, ez nuen txapelketan parte hartu, eztarriz gaizki nengoelako, baina erabakita nengoen huraxe izango zela azkena. Adinarekin abildade intelektual gehiago izan dezakezu, baina anbizioa eta ausardia jaitsi egiten dira.
Gogoratzen naiz Xebastianek erretiratzea pentsatu zuela esan zuenean, jende baten erreakzioa zein izan zen. Haserretu ere egin nintzen. Txapelketan ibiltzeko urte batzuk nahikoak dira, gero! Xebastianek 20 urte inguru egin ditu eta nahikoa da, ezta? Zenbat eskatu behar zaio bertsolari bati? Lopategiren kasuan, zer esanik ez! 62an jokatu zuen lehen txapelketa, eta 90era arte jarraitu... Inork ez du inolako zorrik inorekin eta hauen aurrean txapela erantzi behar da eta egin dutena goratu.
Egañak txapela oholtzan galtzea erabaki du, eta oso txalogarria da, baina aurten irabazten badu hurrengo txapelketan ere derrigor atera behar al du? Egaña txapelketatik erretiratuko balitz, nik oso natural hartuko nuke. Gainera gizonak hori bakarrik ez, beste gauza asko ere egin behar ditu munduan!

Parte hartu ala ez erabakitzerakoan, non dago bertsolaritzari eta bertsolariari komeni zaionaren arteko muga?
X. Lizaso. Aldea dago muga norberak jarri duen edo jarri egiten dizuten. Bertsolariak ez du behar izaera gogorra publikoaren aurrean bakarrik, etxean, alegia Bertsozale Elkartean eta antolakuntzan ere bai. Izaten dira presioak, nik ere izan nituen, baina egoskorra ez du izan behar besterentzako bakarrik, norberaren buruarentzako ere bai, eta erabakia hartu eta kito.

X. Amuriza. Muga dago askatasun pertsonal osoan. Askatasun pertsonal osoa erabilita, kolektiboak aurrera egingo du, belaunaldiek aurrera egingo dute... Mugimendu hori ez dago batak edo besteak har dezakeen erabakiaren gorabeheran. Askatasun pertsonal osoa erabilita, gehienek erabakiko dute bere adinean txapelketara joatea. Beraz, beste erabaki bat hartzen duenari utzi bakean! Noiz egingo duzu gora eta noiz tiratuko duzu? Gaztea zarenean. Behin maila bat hartuta kontserbadore bihurtu daitekeela? Baina orduan ere, goizegi utziz gero arriskua dago plazak galtzeko, beraz, gehienak joan egingo dira.

Asko hitz egiten da prestaketaz orokorrean, baina bakoitzak egiten duen lan zehatzaz sekretismorik badago?
E. Arozena. Gure kasuan behintzat ez. Nik uste dut oraindik galdera nagusia dela nola entrenatu behar den, eta inork ez dakiela zer egin behar den ongi entrenatzeko. Egin litezke mila saiakera, azken 7 hilabetean kontzentratuta egon, saioetan ongi aritu... eta eguna iritsi, eta azkena geratu. Inork ez du formula aurkitu, nik uste, ez dagoelako.

X. Amuriza. Ez dago sekretismorik prestakuntzan. Eta etxeko lanik egiten ez duenari, igarri egiten zaio, gaizki egiten duelako. Errimen lanketak bertsotarako ondorio eta etekin berehalakoa du, eta lau puntuko bertsoetan ez, baina zazpi-zortzi puntukoetan igarri egiten da. Neurri luze horietan oin egokiak ez badatoz, puntu bortxatuak datoz, zertara datozen ez dakizun puntuak, eta hori bertso txarra da. Puntu aldrebesa berdin baita aldrebesa lau puntuko edo zortzi puntuko bertsoan, eta puntu aldrebesa duen bertsoa ez da ona, hortz bat trabes duen aurpegia itsusia den bezala. Beraz, penalizatu egin behar da. Ezin da barkatu errima zaila hartu duelako. Bertsoa ziur egiteko moduko lanketa eduki behar duzu, eta bestela, ez arriskatu.

Eguna eta bezpera nola eusten duzue?
J. Lopategi. Niretzako atsegina ez dena da aurreko egunetan edozein etorri eta "txapelketan zer? Egingo duk edo zer?" zirika ibiltzea. Bezperan lo asko egitea eta urdaila betetzea zaindu izan dut. Txapelketarekin gogoratu orduko izaten da tripan urduritasuna. Baina behin eguna iritsi eta oholtzara igotakoan, lasaitasun modukoa etortzen da. Ez dago atzera egiterik eta "hemen ahal dena egin behar da" pentsatzen dut.

X. Lizaso. Egunean urduri egoten naiz. Momentu batzuetan zure buruari esan behar diozu "hi Xebastian, lasai egon hadi". Beste batzutan estutzeko ere esan behar zaio, lasaiegi egotea ez baita ona. Oreka litzateke, kantatzen ari zarenean estutu, eta eserita zaudenean lasaitzea. Baina hori lortzen oso zaila da.
Bezperan ez naiz nerbioso jartzen. Bi alditan joan naiz finalera bezperan bertso afarian kantatuta. Batean gainera, Xabierrek berak erretiratu gintuen Andoni eta biok.

X. Amuriza. Hori bertsolaritzaren efemerideetan geldituko da. Andrea eta biok Gipuzkoa aldera joan ginen eta konturatu ere egin gabe, aho-ahora sartu Santa Luzia eguneko afari batera. Begiratu eskuinera eta han non ikusten ditudan bi hauek. "Baina bihar goizeko 11:00etan finala duzue, eta zuek zer kristo egiten duzue hemen?" bota nien.

X. Lizaso. Bezperari bere neurrian ematen diot inportantzia. Bezperan bertso afaria izanez gero, 2:30ean erretiratu, 9:00etan jaiki eta Donostiara!

X. Amuriza. Bai, etxean bazaude ordua kontrolatu dezakezu, baina gau hartan jakinekoa zen: erromeria, Imuntzo eta Beloki, eta bi hauek... 3:00ak edo 4:00ak arte egon behar zen han! Etxera bidali nituen.

X. Lizaso. Hurrengo egunean antzeman al zen ezer? Ez! Orduan?

X. Amuriza. Zu hurrengo egunean oso ondo ibili zinen, eta goizeko saioan bi poto edo egin zenituen, eta ez zenituen egingo beste era batera joan bazina.

X. Lizaso. Ez, zera! Igual-igual!

X. Amuriza. Igual-igual ez dakit. Hori bakoitzak ikusi behar du, baina bertsolaritzatik distraitzeko nora eta horraxe joatea! Bertsoaren aho-ahora, jende dena gainean izango duzunean eta beste gairik aterako ez denean. Nik bezpera lasai egoteko hartzen nuen.

X. Lizaso. Baina finalean aurrena eta bigarren egin genuen eta! Zer egin genezakeen hori baino hobeto?

E. Arozena. Gero eta gehiago entzuten da bezperako talasoterapia kontuez. Gure belaunaldikoak eta hortik aurrerakoak ez dut uste bezperan bertso afarira joango direnik eta 4:00ak arte ibili. Hori desagertzear den espeziea da.

X. Lizaso. (Barrez) Eskerrik asko!

X. Amuriza. Nik bezperako egunetan, zera ibiltzen nuen buruan: «Egitekoak eginda daude, orain ezin dut ezer egin, eta garaia heltzean ahal dudana egingo dut. Ez dago ezer nire esku, banaiz izango naiz eta ez banaiz ez naiz izango, eta ez dago bueltak ematerik horri». Poliziak atxilotu nauenean ere, horrela hartu izan dut. Lasaitasun psikologikoa ematen dit.
Egunean bertan tentsioa izaten dut. Badakit nerbioso zerk jartzen nauen: jendarteak. Beraz, kontzentrazioa mantentzen dut, ez naiz hizketan hasten. Ez begiratu ez dakit nori, ez ibili hara eta hona... Neure baitan bilduta egoten naiz. Saioan infinitura begiratzen baduzu ez duzu inor ikusten, masa bat ikusten duzu. Baina pertsona konkretuak ikusiz gero, pentsatzen duzu "hori ere hor zegok!" eta oso motibo gutxi behar dut nik urduri jartzeko.

J. Lopategi. Bai, ikusten duzu bertsolari bat aurrean, hark badaki zuk nola egiten duzun bertsotan, eta jada, nahi gabe berarentzako kantatzen ari zara. Hark zer pentsatuko duen eta nire bertsoa nola kontsideratuko duen pentsatzeak kalte egiten dit.

X. Lizaso. "Honek bertso ona zer den badaki" pentsatzen duzu eta bertsoa bukatzean, nahi gabe begia harengana joaten zaizu.

X. Amuriza. Txapelketak urduri jartzen zaitu, baina badu halako kutsu epiko bat: duen tentsioak, giroak eta espektazioak ni behintzat jaso egiten nau.

Oholtzatik jarraitzen al duzue saioa?
X. Lizaso. Ez duzu zeu egiten ari zaren saioa gehiegi kontrolatzen, baina saioa orokorrean nola doan antzematen duzu oholtzatik. Konturatzea erraza da, baina konpontzea da zaila!

E. Arozena. Oholtzatik nabari da nor ari den ongi eta nor ez, baina iruditzen zaizu besteak oso ongi ari direla. Zure irudipena ez da hagitz objektiboa. Besteen gaia entzutean pentsatzen duzu: "Hau niri jarri balidate"...

X. Lizaso. Beste bertsolariei jarritako gaiarekin bertsoa akordatzea, seinale txarra ez da. Seinale txarra da besteei gaia jarri eta zeuri ez ezer etortzea. Horrek esan nahi du zeuri jartzen dizutenean ez zaizula etorriko! Han goian inork uste baino bertso gehiago egiten da. Etengabe bertsotan ari zara, edo behintzat arrazoia bilatzen.

X. Amuriza. Ni ahalegintzen naiz ez saioa jarraitzen. Badakit edozerk larritu egiten nauela, eta pertzepzio horiek oso subjektiboak izaten dira, batzutan ez duzu ondo neurtzen ere. Xebastianek esandakoa eginda -eta saihestezina da askotan- edozerk jartzen zaitu urduri! Besteei gaia jartzean ideiarik etortzen ez zaizulako, edo beste baten bertsoa entzun eta "ni ez naiz kapaz hori egiteko" pentsatzen duzulako...
Nik neure lanaren kontua eramaten dut: «Ea, nik hurrena agurra bota behar dut. Hori da egin behar dudana, eta agurra botatzean bukatzen da niretzako txapelketa». Agurra botatakoan zer? Hurrengo lana. Horrek psikologikoki asko laguntzen dit eta beste batzuei ere hori esaten diet: Txapelketa osoa ez duzu batera egin behar. Bertsoak banaka egin behar dituzu. Ez zara gauza zortziko handi bat egiteko ala? Hartu itzazu gauzak banaka, ez hartu saio osoa batera egin beharko zenukeen moduan: puntuari erantzun, bakarrean... Bestela, korapiloa egiten da. Gainera oso azkar joaten da denbora hor goian, eta saiatzen naiz azkartasunak ez nazala irentsi.

Maiz esaten da "bertsolari honek arriskatu du". Zer da arriskatzea?
X. Amuriza. Nik horri ez diot sekula zentzurik aurkitu. Bertso luzea egitea arriskatzea da? Jendearen ustea baldin bada bakarkako lanak doinu luzean egin behar direla, bakarkako lana lau puntukoan egitea, hori bai litzatekeela arriskatzea!

X. Lizaso. Jendeak, doinu luzea erabiltzeari esaten dio arriskatzea. Eta finalera doazen denek, gaia jartzerako erabakita eramaten dute doinua. Beraz, ez duzu gaia jarritako momentuan arriskatzen, arriskua doinua erabaki duzun momentuan hartzen duzu.

E. Arozena. Nik uste dut posible dela edukietan ere arriskatzea. Arriskatu zaitezke publikoak ondo hartuko ez duen arrazoia botata, edo betiko gauzak esan beharrean zerbait berria sortzera joanda... ez dakit arriskatzea den hitza, edo ausartzea.

X. Amuriza. Arriskatzea niretzat ez da puntuagarria. Salto handia egingo duzula-eta, mundu osoaren arreta horra bideratu baduzu, hutsak nabarmenago geratzen dira. Arriskua hartu duelako egindako hutsak ez dira barkatu behar. Hasiberriek egingo dute agian, baina zaila da esperientziaduna garaile aterako ez den arriskuan sartzea. Gaitasunarekin eta konfiantzaz sartzen bazara, hori ez da arriskua.

X. Lizaso. Horrelakoetan txarrena da, lehen zeuk erabilitako gaia tokatzea. Automatikoki etortzen zaizu lehen botatako arrazoia. Hori albora utzi eta berria bilatzen hasten zara, eta oso zaila da.

J. Lopategi. Niri bitxia gertatu zitzaidan 62an, nire lehen Txapelketa Nagusian. Xalbadorrekin kantatu nuen lehenik. Gaia jarri ziguten, ni morroia eta bera baserriko nagusia. Lehenengo ideia etorri zitzaidan: "Zu gorabehera, baserri zaharra/ jantziko luke sasiak". Berak bota zuen bere bertsoa eta ni neurea botatzera nindoala, Xalbadorri begiratzean pentsatu nuen: "Arraioa! Bukaera hau berari entzun nion eta!". Orduan inor ez zen egoten segundorik ere itxaroten, eta bertsoa hasi nuen azkenik pentsatu gabe. Narraskeria bat egin nuen eta akabo, hantxe bukatu zen txapelketa hartako nire ilusioa, lehenengo bertsoan!

X. Amuriza. Beste gai batzuk badaude behartzen zaituztenak gauza jakinak esatera. Txapelketarako niri ez zaizkit gai horiek gustatzen. Eduki politikoa dutenetan eta, ezin dituzu arrazoi batzuk saihestu, obligazioa sentitzen duzu. Esanak dituzu hainbat aldiz, baina berriz esaten ez badituzu, erdizka geratzen zara, esatea tokatu egiten delako, eta fribolo izateko arriskua dago.

Epaileen aurrean nola kantatzen du bertsolariak?
X. Lizaso. Ez da oso ezberdin kantatzen, baina berdin-berdin ere ez. Bertsolariak entzuleentzat kantatzen du. Baina dakidanean aurrean zortzi lagun daudela papera eta boligrafoarekin, saiatzen naiz esanahi desberdineko errima berdinak ez erabiltzen, badaezpada. Saio normalean hori hitz joko polita da, baina txapelketan horrelako batekin asko jokatzen duzu.

E. Arozena. Desberdin kantatzen da bertso afarian, jaialdian eta txapelketan. Egoera bera da desberdina. Gaiekiko koherenteago izaten ere saiatzen gara, baina ez epaileengatik, formatuak eskatzen duelako baizik. Bestelako saioetan agian bertso batek merezi du gaitik pixka bat aldentzea.

X. Amuriza. Txapelketara zoazenean, asmatu edo ez, pentsatu egiten duzu: hemen zeri ematen diote garrantzia edo balioa? Eta garbi dut: bi txapelketetan Lopategik eta biok bederatzi puntuko laburrean egin bagenuen, egin genuen bagenekielako horri garrantzia plus bat ematen zitzaiola. Horixe zen mitoa, bederatzi puntuko laburrean egitea.

X. Lizaso. Garai batean bederatzi puntuko motzean jardutea gauza handia zen, baina nik beti esan dut: bederatzi puntuko laburrean bertso txarra baino, zortziko txikian bertso ona hobea da. Baina jendearentzat ez da berdin, eta epaileentzat ere ez.

J. Lopategi. Nik behin egin nuen bakarkako lana zortziko txikian. 62ko txapelketan, lehen bertsoa korapilatu zitzaidan hartan. Bakarkako gaia jarri zidaten: zu hegazkinean zoaz, parakaidasarekin salto egin duzu eta goitik behera zatozela, kantatu hiru bertso.

X. Lizaso. Ba ni epaile banintz, neurri hori hartu izana puntuatuko nuke. Lurra jo aurretik hiru bederatziko botatzeko denborarik ez du-eta ematen!

Epaile onena ez ote bertsolaria bera?
X. Lizaso. Ofiziokoak daki ondoen ofizioaren berri. Ez dut esan nahi epaimahaikoek ez dakitenik, kontuz! Baina bertsoaren barruko tripak bertsolariak ezagutzen ditu ondoen. Sarri konturatzen gara «honek bertso polita bota bai baina lagunari bidea itxi dio», edo «hau arrunta zen baina ederki markatu dio bidea lagunari»... Bertsolari ez denak ez du hori ikusten, ez duelako lan hori probatu. Orain, lagunak epaitzera joatea beste gauza bat da.

E. Arozena. Bertsolariak ez du papeleta hori hartu nahi. Dena den, pentsatzekoa litzateke. Zuek bazenekiten zuen garaian bederatziko txikia baloratzen zela. Orain ez dakigu zehazki zer baloratzen den. Batzutan nahiago nuke epaileek idatzi dezatela zer den eurentzat bertso on bat, sorpresak ere hartzen dira-eta.

X. Amuriza. Ni epaile egonda nago eta nik ez dut epaile izan nahi, batez ere neure lagunena. Baina gauza ez da hain sinplea. Bertsolariak askotan oso ideia peregrinoak ditu. Bertsolariak oso diferenteak gara eta oso ideia diferenteak eduki ditzakegu edertasunari buruz. Epaile batek izan ditzake irizpide artistiko objektiboagoak bertsolariak baino. Azkenean literatura egiten ari gara, ahozkoa, baina literatura.
Bertsoa ona denean, nahiko nabarmena izaten da. Baina puntuazioaren erdian, 4tik 7-8ra, nik neuk suspentso emango nituzkeen bertsoak baloratu izan dira 7-8. Adibidez, bertsotan drama ezin da gratuitoa izan. Gaira natural ez badatoz, ezin ditu norberak motiboak asmatu, bertsoari indarra emateko. Asmazioak izan behar du bere egiatasun eta sinesgarritasuna. Artifiziala denean, suspentsoa da, bertsoari indarra eman beharrean hustu egiten baitio.

X. Lizaso. Hori dudako bertsoekin gertatzen da. Bertso onarekin eta txarrarekin ez da puntuatzeko dudarik izaten.

X. Amuriza. Ni gehien harritzen nauena da, bertsolariak finalaurrekoetan 1.000 punturen inguruan ibili, eta 20 punturen barruan egotea gehienak. Hori bai dela enpatea!

E. Arozena. Hori da ez dituztelako bertso batzuek 4 eta besteak 9 puntuatzen. 6-7 punturen artean neurtzen dituzte denak.

J. Lopategi. Epaileek segundo gutxiren buruan erabaki behar izaten dute, eta hori nahiko arriskutsua da. Beharbada, bertsolaritzaren garapenak eta neurrietan-eta exibizioak egitera iritsi izanak, ekarri dezake epaimahaiak denbora hartzea erabakitzeko, eta hurrengo egunean edo ematea bere epaia.

X. Amuriza. Epaileak zerbitzu bat eskaintzen du. Edo sistema aldatzen dugu, edo ezin dugu epaimahaia aldiro kuestionatzen ibili.

X. Lizaso. Ahalik eta ondoen egitera joaten dira, hori ez du inork dudan jartzen. Baina epaileen lanak berezko ezaugarria du, ondo egiterik ez dagoela.

Egitura piramidala du aurtengo finalak: zortzi bertsolari hasi eta bik jokatuko dute buruz burukoa. Bertsolarientzako egokia al da egitura hau?
E. Arozena. Txapelketa berez da piramidala. Egitura honek morboa du, baina gerta daiteke Gipuzkoako txapelketan gertatu zena: buruz burukora iristerako, jada txapelduna nabarmen agertzea, eta beraz, nahiko alferrik geratzea azkeneko zati hori. Duen beste arrisku bat da, maila berdintsuan jardunagatik, hirugarrena buruz burukotik kanpo geratzen dela, eta agian bigarren edo txapeldun egin zezakeen.

X. Amuriza. Nik beti defendatu dut egitura piramidala. Entzuleek ere gehiago baloratzen dute: askoz inpaktu, abiadura eta emozio handiagoa hartzen du saioak baldin eta zortzi bertsolari hasi, gero lauk segi eta azkenean biren artean jokatzen bada txapela, eta ez zortzi bertsolari goiz eta arratsaldeko saio eternalean jardunda. Baina horrela egiten ez bada da bertsolariek ez dutelako nahi. Bertsolariak horretan kontserbadoreak dira edo gara.

J. Lopategi. Denak sentituko dira txapeldun gai...

X. Amuriza. Parte-hartzeari dagokionez, Txapelketa Nagusiaren azpian badaude beste txapelketa asko ere: herrialdeetakoak, gazte sariketak... beraz, nik neuk Txapelketa Nagusia pixka bat goragotik hasiko nuke. Hau Txapelketa Nagusia da, ez promozioa. Hori txapelketak berez egingo du.

E. Arozena. Nik uste dut parte-hartze zabala polita dela. Egun batean kantatuta etxera joango dira gehienak, baina pozik. Eta Txapelketa Nagusiaz kanpo ez dago diozun bezainbeste txapelketa.

Amuriza eta Lopategi, 82an desenpatea jokatzea tokatu zitzaizuen...

X. Lizaso. Enpaterik ez zen han.

X. Amuriza. Desenpatea jokatu zen, puntu gutxiren aldea balego azken saioa biren artean egitea erabaki zelako.

J. Lopategi. Hori epaimahaikoek erabaki zuten euren kontura.

X. Lizaso. Finaleko bertsolariak astean bertan bildu ginen eta han erabaki zen ez zela desenpaterik egingo, puntu erdi baten aldea egonda ere. Eta finaleko egunean, nik ez dakit zeinek erabaki zuen, 11 punturen barruan geratzen baziren, desenpatea jokatuko zela. Beraz, hori ez zen desenpatea izan, oraingo buruz burukoa baizik.

J. Lopategi. Goizeko saioa bukatu zenean Joxe Mari Aranalde eta Anjel Aranburu etorri zitzaizkidan eta esan zidaten: "Pentsatu dugu enpatea emanez gero beste lan hauek egitea...". Nik esan nien, "nola enpatea, enpaterik ezin da eman eta!", baina "ez, ez, ematen bada, ematen bada," erantzun zidaten. «Hemen zerbait bada», pentsatu nuen.

X. Amuriza. Baliteke orduan epaimahaiak ez zegokion atribuzio bat hartzea, baina bertsolariek hartu zuten erabakia ere barregarria izan zen. Zortzi hasi eta zortzi amaitu, finalak horrela planoan jokatzea, bertsolaritzan egin den erridikulurik handienetarikoa da. Eta uste dut, bertsolarien esku bakarrik balego, gaur ere erridikuluak jarraituko lukeela.

E. Arozena. Hura ez dakit nola izan zen, baina uste dut egun, saio piramidala egin ala ez, antzera erabaki behar litzatekeela: 20 puntu baino gutxiagoko aldea badute, buruz burukoa jokatuko da.

X. Lizaso. Bai, bigarrenak ez badu aukerarik lehenengoa harrapatzeko, alfer-alferrik jardutea da!

Txapela janzteko momentua nolakoa da?
X. Amuriza. Momentu horretan nebulosa batean sartuta egon izan naiz. Han zaude, bati eta besteari kasu egiten, baina ez zara ezertaz jabetzen. Askotan pentsatzen dut: zergatik ez nintzen kontzienteago izan? Gozamena eromen hori bukatzean etortzen da, biharamunean. Orduan jabetzen zara egindakoaz.

X. Lizaso. Momentu hartan zurrunbiloak jaten zaitu, ez zara enteratzen. Sari-ematea dela, prentsa...

Orain non dituzue txapelak? eta oroigarriak?
X. Amuriza. Eskulturak badakit non dauden, baina txapelak non dauden, oraintxe ez naiz gogoratzen.

E. Arozena. Nik Nafarroako txapelak horman nituen zintzilik, eta behin hormak pintatzeko kaxan sartu eta uste dut kaxan egongo direla oraindik.

J. Lopategi. Nik kopak garajean ditut, otar handi batean.

X. Lizaso. Oteizak egindako eskultura han dago, salan. Txapela armairuan dago, kristaletik ikusten dela. Lehengoan Beñat semeak esan zidan Zarauzko Lizardi gazte sariketa irabazi zuenez, nirea kendu eta berea jarriko zuela. Esan nion baietz, baina maila berekoa ekartzen duenean!

Iritzia: «Labe Beroa» (Jokin Sorozabal, bertsolaria)

Kontuak ateratzen aritu naiz. Hogei urte eta hamazazpi txapelketa, Nagusi, Gipuzkoako eta gazte mailakoak denak batuta; hiru txapela ere bai, gazte mailakoetan noski. Besteetara iristeko ez dugu modurik izan. Horietarako "labe beroa" behar dela esaten zuen behin Joan Mari Lekuonak; eta nik gogoan dut ezin ulertu izan niola orduan, orkatiletaraino bakarrik bustia izan nonbait artean.

Orain badakit zer esan nahi zuen. Txapelketak bere jardun araudiak ematen dizkio bertsolariari eta haien barruan aurkitu behar du berea emateko parada. Lehorra izango da bestela bere erantzuna; baina bai esker onekoa ere arauak betez eta arau emailearen prestigioa goratuz lan on bat egiten duenarekin.

Metafora polita iruditzen zait labe beroarena. Aldera dezagun zartaginarekin: Baten berotasuna sakona da, serioa eta iraunkorra; aspalditik zegoen piztu eta pittinka tenperatura igotzen. Itzali ere ez da berehalakoan egingo. Errespetua ematen du bere atea ireki eta barrura sartzeak. Zartagina berriz unean berotu eta txinpartak darizkiola jartzen da; nahikoa da ur tanta bat oliotan erortzea eta labean ikusiko ez duzun erantzuna emango dizu berehala. Sutatik zerorrek altxatuko duzu eta berehala hozten hasiko da, beste su batean jarri edo mahaira daramazun bitartean, bidean janari prestatu berria pikatuz.

Bi su klase bi sukaldaritza ezberdinetarako: Bertsotan egiteko bi era bi testuinguru ezberdinetarako, bietatik inor gutxietsi gabe, bata bestearen osagarri direlakoan bertsolaritzaren sukalde zabalean. Txapelketan arrakasta izateko horra pista bat beraz: Labea ongi berotu.

Plaza librean eta bertso afarietan zenbat poto eta beste akats tekniko txiki egin ote ditugu lasaitasun osoz, elkarrizketaren haria jarraitzeari lehentasuna ematearen truke, eta nire kasuan, zenbat bertso hasi ote ditut bukaera pentsatu gabe, saioaren erritmoak bereganatuta, bidean pentsatu beharko dudala esanda? Txapelketan ez da horrelako konturik izaten, dena hotzagoa eta auto-kontrolatuagoa izaten da. Zer esan erabakitzerakoan ere: margaritaren erdiko hosto luzeenak eta gora begira daudenak hautatu izan ditut nik behintzat, gehien ikusten direnak eta ederrenak direlako, ertzeko ximurren ordez, badaezpada ere. Entzule masa handi edo giro lokal txikiekin komunikatzeko arras teknika eta baliabide ezberdinek dute arrakasta; une bakoitzean egokiena hautatzean dago koxka.

Beroarekin bat presioak ere gora egiten du, eta hori kudeatzen ikastea nahitaezkoa da. Alde horretatik miresmena diet urteetan txapelketa guztia pasa eta bukaerara tinko iristen direnei, beraien gaitasun absolutuan inolako galerarik nabaritu gabe.

Noizean behin labea piztu beharrak eman izan dizkigu batzuei lanak. Hortik abiatuko nuke nire txapelketen inguruko esperientzien kontaketa, berez artikulu honen helburua zela ahaztu gabe. Oroitzapen mota asko ditut ganbaran gordeta. Ez dut ahaztu behar txapelketa batean egin nuela debuta Zaldibiako frontoi xahar hartan; pasatzen naizen bakoitzean begiratzen diot, eta hantxe da mendi-kontra bateko ospelean isil-isil. Gero Eskolartekoak, Osinalde, Lizardi, Xenpelar... Horiekin hasi eta azken Txapelketa Nagusietara arte kontatuko nituzke makina bat sentipen, klase guztietakoak. Baina presioa, txapelketako legeetara makurtzeko txipa aldatu ezina eta gainerako topikoak aski aipatuak izaten dira lehen ere.

Deigarriagoa da niretzat berotasun hartan kantatutako bertso askoren gaurko balioa, adibidez. Labea ongi berotzen asmatu dudan gutxitako batean kantatutako batzuk entzun izan ditut handik urte batzuetara -batzuk ari baikara kolezionatzen, urteak alegia-. Pittin bat arraro sentitu nintzen batzuekin, haiek al ziren pentsatuz ni Belodromora eraman ninduten bertsoak. Baina horra, teknikoki inoiz egin nuen txukunena egin nuen bertsotan hasi eta buka; eta guk bezala, bertso osoaren kontrolean hainbeste energia gastatu gabe, puntuz puntuko inprobisazio asko egiten duenarentzat, ez da gutxi.

Gaur badakit, nire gusturako bederen, nire bertsorik ederrenak ez direla txapelketan kantatuak izan; denborarekin gustu hori bera aldatzen doala eta nire dohainak ere ez direla berak: Azkartasuna eta zuzentasuna bezalako armak, ez dut esango galtzen direnik baina norberak gutxiago baloratzen dituelako edo, nekezago ageri dira eta horren ordez malezia, esperientzia, heldutasuna... ibilian egindako bidearen arrastoak. Norbera ez da halere bere buruaren epailerik egokiena. Bertsotara joateko ilusioa da gutxien aldatu dena, orain ere, saioa hasteko orduaren sabeleko kilima eta guzti, esango nuke ia lehenean sentitzen dudala, tokiak eta egunak dauden arren.

Nahiko itxura onean eta ipinitako helburuak betez -bidean doala dirudi behintzat- txapelketa hau ere bukatuko da. Labeak bero jarraituko du puxka batean baina itzaliko da eta hor geldituko gara betiko galdera unibertsalekin: Nor garen, nondik gatozen eta nora goazen... eta nik beste honakoa erantsiko nioke galdera sorta filosofikoari: Nor gaituzte, nola ikusten gaituzte, nor gara haientzat... Azken boladan asko pentsatzen dut horretaz eta garrantzi handia ematen diot: Alegia, nor da gaur bertsolari bat plaza batera iristean.

Bertsolaria, gutxienean eta baloraziotan sartu gabe, figura bitxia behintzat bada. Etortzen da eta publikoaren aurrean kokatuz bere nik ez dakit zer kontatzen du, eta jendea adi egoten da, era ulertezinean atzerriko zenbait adituren harridurarako. Honelako adibide gutxi omen daude. Guk ezagutu dugunetik izan da horrela; axaletik begiratuta ez dirudi aldatu denik. Baina patxada gehiagorekin begiratu behar diogulakoan egoten naiz. Pittinka, herri jakinduriaren enbaxadore izatetik nola halako zerbait profesionalagoa bihurtzen ari delakoan nago, oso garbi esplikatzen ez badakit ere. Bertsozale Elkartearen lan onak, bertso-eskolek, irakaskuntzako aurrerapausoek eta beste zenbait adibidek ematen diote bertsolaritzari profesionaltasun zantzu hori, eta jakina, bertsolaria tarte horretan dago.

Etorkizuna gure eskutik dugu eta auto-kontrolatzeko gaitasun handiarekin; taldeetan antolatuta gaude, bertso-eskoletan sortzen ditugu gazteak eta bistan da nolako maila duten, telebistan gaude, BEC beteko dugu... Baina nago bertsolaria ahulago ez ote den izango etorkizunean figura artistiko gisa, herrira iritsi eta jendeak izango dion miresmen magiko hura ez ote duen galtzen ari. Aspaldi demostratu zen bertsolaria ikasiz egin zitekeela; artista... Eta ederra izan behar zuen, guk baino gehiago aurrekoek ezagutu zuten zera hori.

Gazteei aholku bat eman beharko banie ez nieke txapelketa bat nola prestatu esango, nik ere ongi jakin ez dudalako eta beraiek nik baino hobeki dakitelako jada. Baina esango nieke, ez uzteko beraien buruak gehiegi akademizatzen -hitzaren zentzu apalenean hartuta- eta nork bere estiloaren eta nortasunaren bila erretzeko indarrak, asko izatea baino hobea delako diferentea izatea.

Zorionak lan onak egin dituztenei, animuak denei eta bidean ikusiko dugu elkar, era batean edo bestean aurkituko dugu modua. Hauek ere badira gure foro eta jardunaldietarako eztabaida gaiak, oso politak gainera nire ustez.

Iritzia: «Aparraldiaz» (Jon Sarasua, bertsolaria eta Bertsozale Elkarteko Aholku Batzordeko kidea)

Ezohikoa den gauza bat gertatu da bertsolaritzan azken hogei urteotan. Bere kultur esparrua autoeratzeko intuizioa mamitu du bertso-munduak. Tresna bat sortu zuen, eragile guztien bilgune: elkartea. Eta elkarte horretan, auskalo ze kausalitate eta kasualitategatik, toki askotan eskas dagoen molde bat taxutu da. Etorkizun-ikuspegiak eraikitzeko gaitasuna (bisioa), epe desberdineko helburuak kateatzeko gaitasuna (estrategia), eta ekiteko gaitasuna. Eta hiru horien artikulazioarekin gauza bat egin du bertso mugimenduak: gidatu. Zuzen edo oker, beste indarrei (merkatu joerei, administrazioaren ahalmenei, hedabide-monopolioaren nahiei, gatazka politikoaren baldintzamenduei) men egin gabe ontzia gidatu.

Bere pentsamendua ekoitzi du. Biderako pentsamendua, ideia organikoak sortu ditu, bileretan, zigarro ke artean, afalostetan, eztabaida garratzetan, paper galduetan. Ideia horiek gorputz bat osatzen joan dira, kulturgintza ulertzeko modu bat, praktikan mamitua, ez oso formulatua, irekia. Nik esango nuke pentsamendu hori egungo gizartean nagusi diren ildoekin dialektika propioan kokatzen dela. Eta tradizioaren eta sormenaren arteko konexiotik ekiten duela bai bisio mailan eta bai eguneroko ekintzan. Modu propio xamar batean ulertu ditu hainbat gauza: artistaren tokia mugimendu artikulatu batean, sorkuntzaren kokapena merkatuan, administrazioarekiko interlokuzioa, arazo politikoarekiko kokapena, transmisioa ulertzeko modua, hedapenaren neurria... Asmatuko ote dugu ibilbide horren senari eutsiz bide berriak urratzen?

Besteren artean, bertsoaren mugimenduak izan duen gauza berezietako bat arrakasta pentsatzeko eta kudeatzeko modua da. Uste dut baduela mamia. Arrakasta ez da helburu. Arrakasta ez da bidea ere. Arrakasta da garraio bat biderako, batzutan hartu beharrekoa, bestetan utzi beharrekoa oinez joateko, batzutan iparretik urruntzeko bidea har dezakeena, inoiz abiaduragatik iparra lausotu dezakeena, neurria hartuz gero, nahi duguna, joatea baitugu xede. Adibidez, bertso modaren arrakastaren aparra gorantz zihoanean ETBrekin hautsi zuen Elkarteak, noizbait xeheki kontatzea mereziko lukeen arrazoi multzo bat tarteko. Txanpain kopan arrakastaren aparra eta kultur ekintzaren nahiz zaletasunaren likidoa bereizten ikasi genuen intuitiboki, bildu gintuenaren oinarriek eta bideak berak erakutsita. Eta uste dut likidoa elikatzen jarraitzea izan dela mugimenduaren lanik ederrena, aurretik eta geroztik.

Azken urteotan, euskararen inguruko sorkuntzak belaunaldi berrietan eragina izateko ahalmena galdu egin duela dirudi, eta bestetik, erdal komunitatean duen bisibilitatea, are gehiago. Kezkatzekoa da euskarari darion sorkuntzaren errealitatea. Egoera horretan, bertsolaritzarentzat ere ingurunea ez da erraza. Aurten, txapelketa nagusiaren inguruan antolakuntza-lan ona egin dela dirudi. Belaunaldi berrietara iristen eta esparru berrietan presentzia izaten ari da bertsoa hilabeteotan, lehia-muntaia honi esker. Poztekoa dela uste dut, ekimen gaitasunaren seinale, besteak beste. Ez dut uste presentziaren hazkuntzari nolanahi uko egiteko moduan gaudenik.

Apar igoaldi bat datorrela ematen du. Hiru iruzkin sortzen zaizkit telegrafikoki. Batetik, txapelketak eragindako mugimendu hau zenbateraino izango den (beste batzutan gertatu izan den moduan) zaletasun gorakada benetako bat oinarrituko duen gertakaria, ala zenbateraino itzaliko den lehia eta komunikazio-muntaia itzaltzean. Bestetik, iduri du arrakastaren garraioan kilometro batzuk egiteko abagunea dela. Ondo, baina balia dezagun iparraz mintzatzeko eta bideari buruzko pedagogia egiteko. Garraiotik oinetara jaisteko prestutasuna galdu gabe, gero ere hala joan beharko da eta, gurpilak eta zapatak txandakatuz, kasik gehiago eta hobeto bi hanketan. Azkenik, ni, aparraldiak gorabehera, eta erdi-kanpoko begiratuarekin, bertsolariei darien bertsogintzaren ezaugarri kualitatiboei begira nago. Nortzuk diren lehiaren zoriak hanpatuak, nola diharduten, zer duten esateko. Eta dena ez dut gustuko, lehen baino gehiago nau erakartzen ona deritzodanak, lehen baino errazago uxatzen beste gauza batzuek. Uste dut horretan, kualitate horietan, ari garela etorkizuna jokatzen, kulturbide interesgarri bat izatetik ez izaterako tarte estuan aurrera edo atzera egiten.

Galdera bat utzi dut erdi parean erantzun gabe. Asmatuko ote dugun. Baiezkoan nago. Niri behintzat, bertso-munduko pertsona multzoak ia beti usterik baikorrenak gainditu izan dizkit.

Iritzia: «Txapelketaren gazi-gozoak» (Amaia Agirre, bertsolaria)

Egutegiari orria pasa diot. Ez dut azaroan geratu nahi. Hala ere azaroko zenbait konturekin geratu nahi dut. Urrian ere ez dira urriak. Ez dakit nola hasi. Ez dakit nola jarraitu. Bertsotan maiz gertatzen den moduan badakit non bukatu nahi dudan, baina bitarte horretako bidea ez dakit nola borobildu.

Lekunberrin, Hendaian eta Urretxun egokitu zitzaidan kantatzea, gozatzea, sufritzea, indarrak neurtzea... Hiru egunpasa eder izan dira dudarik gabe. Finalerdietara pasa nahi horrek itsutu egin ninduen agian. Lotuta joan nintzen, konfiantza falta handiarekin. Beldurtuta. Nire buruari izan diot beti beldurrik handiena.

Hendaiako egunean, gerora zer esana ekarri duen kamisetekin egin zidaten lagunek ongi-etorria. Bazkalosteko postre gozoa izan zen. Zuriz jantzitakoen aurrean ez nuen zuri geratu nahi. Paparra aterata kantatu beharra sentitzen nuen nire baitan. Presoen alde neraman kamisetagatik neurri batean, baita jendearekin nuen zorra kitatzeko beharra nuelako ere. Lagunekin argazki familiarra atera eta Beltzeniara. Momenturik beltzenean heldu nintzen Beltzeniara. Entzule uholdeak erdian harrapatu ninduen. Eskerrak Jokin Urangaren bizkarrekoak eztarriko intxaurra bere lekuan jarri zidan. Hendaiakoa zoragarria izan zen niretzat. Inoiz ahaztuko ez dudan berotasuna sentitu genuen oholtza gainean burua hotz genuenok.

Urretxu. Nafarroatik Lapurdira eta Lapurditik Gipuzkoara. Ez nintzen, hala ere, etxean sentitzen. Etxeko txikiaren "izeba irabazi, txapelduna, txapelduna, oe, oe, oe..." hitzek, ordea, animatu egin ninduten. Negar malkoei ez nien kanporako biderik utzi, baina gustura egingo nukeen negar. Pozarren. Besterik ez bazen ere ilobarengatik egin behar nuela sinestu nahi izan nuen. Hankak lurrean jarrita joan nintzen baina ezkerreko txorkatilak hala behartuta erdi herrenka joan nintzen, eta kartzelako lekua eta finala urrunegi geratu zitzaizkidan.

Nire bizitzako ametsik handienetako batekin amets egiteko aukera izan dut. Amets horretatik balde bat ur bota izan balidate bezala esnatu naiz, baina neguko egunsenti ilun eta hotzei irribarrez egin nahi diet ongi-etorria. Gustura nago egindakoaz. Ez nuen honaino iritsiko nintzenik espero. Benetan. Oroitzapen kasi gozoa dut orain nire barruan, ez dizuet ukatuko. Hala ere, aurtengo nire txapelketak gozotik askoz ere gehiago izan du gazitik baino. Ehiztarientzat txori kantua bezain ederra da bertsolariarentzat txalo zaparradak barruan eragiten duen zirrara. Frontoi eta areto beteek bete egin naute. Bertsozaleen bertso goseak ase egin nau. Ez dakit inoiz eskertzeko modua eta aukera izango dudan. Mila esker une zailetan zuen babesa eskaini didazuen guztioi. Bejondeizuela!

Hiru puntukoa... (Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus)
1 - Zer esan nahi du zuretzat aurtengo txapelketak?
2 - Orain arte nola bizi izan duzu aurtengo txapelketa?
3 - Zer egitera aterako zara finalean?

Andoni Egaña


1- Askotariko sentimenduak pilatu zaizkit aurten: finalean aritzearen ohorea eta gozamena, ohorea eta sufrimendua, lekukoa oholtzan bertan ematearen poza, nik neronek saio ona egin nahia, ez egitearen ikara, egin ahal izatearen grina... Gehitxo akaso. Abantaila batekin ordea: sentimendu horiek guztiak, ez ditut elkarrekiko kontraesanean bizi.

2 - Zain. Itxaropenez. Finalean zuzenean sartzeak baditu alderdi makur batzuk ere: kosta egiten zaizu zure burua han aurreikustea. Bestalde, bai hedabideek eta bai kalean jendeak, behin eta berriz galdetzen dizu finalari buruz. Eta nahi ez duzula ere, ito samarrik aurkitzen zara.

3 - Nirea egitera. Hau izango dut azken txapelketa, ondo bidez. Baina egun-pasa ez naiteke joan. Zor diet ahalegina nire buruari, bertsozaleei, eta lehiakideei. Aurten, poz hartuko dut lagunen batek irabazten badu. Eta nik saio ona egin badut, ez da nik adina gozatuko duenik azken buruz burukoan. Datozen urteetarako atarikotzat hartuko nuke.


Maialen Lujanbio


1 - Txapelketa, besteak beste, bertsokerari estualdi bat emateko aukera da. Astebururoko geratu gabeko martxan ez dugu tarterik hartzen egiten ari garena eta egin nahi duguna perspektiba pittin batekin ikusteko, zer, nola eta zergatik. Txapelketak horretara jarrarazten gaitu: eduki, forma, hizkuntza eta abar aztertu eta fintzera.

2 - 2005eko urtarrilean dagoeneko lehenengo gaia jarri ziguten Txapelketaz.
Oso presente egon da kontua urte guztian. Burrunba itzela Txapelketa artean hasi ez-eta. Behin hasiz gero, urak bere onera egin du. Badoa badoa... eta oso ondo doa.

3 - Bakoitzak izaten ditu bere buruarekiko erronkak, publikoarekikoak ez ezik. Norberarekikoak betez gero, bestea ere betetzen da normalean. Biak bat. Beraz, publikoa gozarazteko, neurekikoak egitera joan nahi dut: Bertsoera biluzia eta betea; eta errealitatetik eta nigandik hurbil kantatu.


Amets Arzallus


1 - Txapelketa bere lehen zentzuan beti da jokoa, lehia nahi bada. Nik joko bezala bizi dut, eta lehia hitzak, lehia ekonomikoa ez den arte, ez du ezer itsusitik niretzat. Beti izan naiz zalea, eta uste dut edozein delarik ere emaitza nire emaitzaren zati handi bat horri zor diodala. Ez dira txapela, finala, edo puntuak bakarrik jokatzen, zerbait gehiago ere bada bertsoaren jokoa.

2 - Oso ongi, ez naiz kexatzen ahal. Nik kantatu dudan saioetan hiruetan plaza ederra zegoen eta horrek asko lagundu dit. Nire lanari dagokionez, ez dakit zer esan, ez dut ia hitzik. Oraindik labe barruan bezala nago, dena beroan bizi dut eta ez dut ahalik distantzia hartu eta hotzean aztertzeko.

3 - Finalerako ez dut inongo estrategia, edo egin beharren kalkulurik, ez partikulazki halako ez dakit zer egin nahirik ere.
Ez noa konkretuki ezer egitera, ez egitera ere ez noan bezala.
Nahiko nuke tabladutik jaitsi, pentsatzen jarri, eta nire buruari esatea: "ezin nezakeen gehiago egin".

Bertsoak
1935
Euskerari.

Txirrita:

Larogei urte gainean ditut,
nago hanketako minez,
Donostiara etorria naiz
erren haundia eginez.
Bi bastoirekin txit larri nabil
pausorik eman ezinez.
Euskera ia ahaztu zait eta
erderarikan jakin ez,
maixu batekin eskolan laxter
hasi behar det latinez.

Bukaeran eskuarekin Ariztimuño apaiza seinalatu zuen, maixu bera aukeratua zuela, alegia.

1936
Gerrari.

Txirrita:

Zenbat errezo egin izan det
nere denboran elizan,
ta pozik nago ikusirikan
pakian nola gabiltzan.
Ni naizen bezin kobarderikan
inor ezin leike izan
semeak gerra ez joateatik
mutil zar gelditu nitzan.

1960
Gaia: Uztapide, korbata erabiltzen ez duena, Perurena, korbata erabiltzen duena.

Uztapide (laugarren bertsoa):

Nik ez ote det erantzuteko
gaur izango bihotzikan?
Gere jatorria aitortzeko
guk ezteu beste pozikan.
Baserritarren boltsan askotan
ezta faltatzen sosikan.
Brusa beltzak'e kalian eztu,
gizona, bate lotsikan.

1962
Bixiguari.

Basarri:
Olio eta piperrarekin
zein ez du horrek gozatuko?
bazkari eder bat ez ote degu
egun hontan osatuko?
bixigu begi-gorri
begira danok horri,
nor ez da inguratuko?
nik desapiyo egiten dizut
etzerala sobratuko

1965
Hildako emaztearen soinekoari.

Xalbador:

Pentsa zazute alargundu bat
ez daike izan urusa,
dolamen hunek, oi! ez dezala
ainitz gehiago luza,
orai urtea ziloan sartu
andreñoaren gorputza,
haren arropa hantxe dilindan
penaz ikusten dut hutsa.

Geroztik nihaur ere nabila
guzia beltzez jantzirik,
ez dut pentsatzen nigar eiteko
ene begiak hersterik,
ez pentsa gero, andre gaxoa,
baden munduan besterik
zure arropa berriz soinean
har dezaken emazterik.

1967
Baserri hutsari.

Lazkao-Txiki:

O, baserritxo, hartuko dezu
bihotz barrenetikan min
eskerrak mihirik ez dezu eta
ezin dezu gaur hitz egin;
zenbat fameli hazi dezuen
Jainkuak bakarrik jakin,
orain bakarrik uzten zaituzte,
ondotik danak aldegin.

Zuk eman dezu hainbat haurtxoren
babesa eta epela,
ikusten zaitut gaur egunean
eskerrik gabe zaudela;
bertsolaria minberatzen da
zu ikustian horrela,
gaur baserri hau ikusten det nik
gure euskera bezela.

Kontzientziari.

Lazkao Txiki:

Kontzientzia nolakua dan
etzaiteztela atzendu,
gizonak nola bizi behar dun
ederki erakusten du;
premin danari lagundu eta
inori ezer ez kendu,
lege beharrik ez genduke guk
hori beteko bagendu.

Oheari.

Uztapide:

Nere oraingo hiru bertsotan
ohiaren kontua dabil,
badakizute ni erdi gaixo
eta naguala debil;
bere aurrian aurkeztutzen naiz
eta jarriko naiz umil:
ohi zuri baten jaio nitzan da
ohi zuriyan nahi nuke hil.

1980
Aitari.

Amuriza:

Aita izena kanta beharrak
jarri dit bihotza bero
aukera eder hau izango zenik
ez nuen hemen espero
preso nengoen Zamoran eta
han gelditu ia ero
joan nintzen ta bertan nengola
aita hil zitzaidan gero,
nahiago nuke edozer baino
hemen bizirik balego.

Aita nuen nik umoretsua,
inoiz geza ta gazia
harek agertu zidan bidea
baitzen bertsoz ikasia;
oi, ene aita, nire egunak
ere aurrera doaz ia,
baina zugandik hartua baitut
bertsotarako grazia,
nik egingo dut arbola handi
zuk emandako hazia.

1982
Gaia: Hi naufrago bat haiz itsasoaren erdian, ohol baten gainean; badator itsasontzi bat, ikusten hau, eta aurrera segitzen du.

Amuriza:

Itxaso hori dago zatarra
nire oihua eta negarra
untzi bat horra nun azaltzen den
nik behar nuen izarra
oraintxe sartu zait arra
berriz piztutzeko garra
baina hau da zori txarra
ikusi naute aurrean eta
ai hau destino baldarra
laguna ondotik pasatu eta
nik hemen ito beharra.

Une honetan ez dago errez
hemen jartzea oso haserrez
itsasoaren erdian nago
laguntza horren beharrez
untzi bat hor daukat aurrez
lehenengo hasi naiz negarrez
ta azkenean didarrez:
nora zoazte hemen utzita
nora zuen gizalegez
bihotz apurrik hor baldin bada
salbatu, otoi mesedez.
Urak bete dit ia sabela
ito zorian nago honela
untzi haundi bat pasatzen eta
niri ukatu batela
hau da hilaren eskela
edo zer esan bestela
hori da bihotz ustela
biziagatik oso gustora
galduko nuke txapela
baina munduak hor jakingo du
kriminalak zeratela.

1986
Gaia: Zahartutako zeure erropak basurara bota dituzu eta hara non ikusten duzun beste gizon bat zuk botatako erropak jasotzen.

Lopategi:

Erropa zahar hoiekin
etsia nengoen,
beti jantzi ohi naiz
al denik ondoen,
akaso bota ditut
behar zen baino lehen,
baina ondorioa
horra hor nabarmen:
triste nago zeren
aitona zahar horren
jokoa gaur zer den
ikusi ondoren
miseria gehiegi
daukagu hemen.

Triste ikusten zaitut
aitona izanik,
gaizki hartu zaituzte
egia esanik
zer eman nezake nik
zuretzat nigandik?
Ez nuen uste kasu
hori inun zanik,
hartzazu dohainik,
ez eman ordainik,
bihotza jadanik
lehertua daukat nik,
erropa gehiago ere
badut oraindik.

1989
Gaia: Bizitza guztia itsasoan eman duzu: Gaur egun ohetik mugitu ezinez zaude. Leihotik sartzen zaizu itsasoaren olatu hotsa.

Xebastian Lizaso (hirugarrena):

Hamaika ordu uretan pasa
eguzkitik ilargira,
gauean ere polita baita
itsasoaren dizdira,
ez dakienak zail da jakiten
han ohi degun ikusmira,
ni hemen baina nere lagunak
oraindik han ari dira,
aitonazahartu egonagatik
batere ez zait kupira
egunen baten irtetzen banaiz
ni etxeko atarira,
azken arnasa eman nahi nuke
itsasoari begira.

1993
Gaia: Zezen-plaza inguruko belaze batean ari zaren zezena zara. Zauden lekutik «ole»! eta txalo zaparrada latzak entzuten dituzu. Xabier Eguzkitze (hirugarrena):

Pakirri eta El Yiyo hil ziren,
beste hainbat daude grabe;
familietan sortu izan dugu
makina bat atsekabe,
burla egiten digute, baina
gu adarkadetan trebe.
Naiz bi adar onen jabe;
ni toreatu behar nautenak
guztiz lasai ote daude?
Nereak ia egin du baina
ez nereak egin gabe!


Gaia: Bi neska-lagun zarete. Unai Iturriaga, zuk, etxe oneko mutil batekin zita bat egin duzu gaurko. Zita horretarako jantzi egokirik ez eta Andoni Egañari, zure neska-lagunari, eskatu dizkiozu jantziak.

Iturriaga:
Benetan ez da mutil makala,
neska, aurkitutakoa;
etxe oneko semea eta
benetan guapo guapoa.
Trajerik badaukazu,
egin zaidazu kasu,
nahi nuke bat diskretoa:
eskote zabal zabal zabala
ta luzera motxekoa.


Egaña:
Eskoteakin hasi ezkero
zerorrentzako kaltia;
nahi eta ezin, ezin eta nahi,
izaten da eskotia.
Sartu nahi du patrikan,
ez du diru faltikan;
ai! adiskide maitia,
horretarako onena dezu
bate gabe joatia.


Egaña (hirugarrena):
Barruan dezu ezinegona
ta mingainean pozoina;
orain artean neskatxa zinen
orain bihurtu nahi doña;
polita zera baina
ni ere, alajaina,
oso neskatxa moñoña;
igual neronek jarriko ditut
soinekoa eta soina.

1997
Deskribatzeko hitza: Burua.

Andoni Egaña:

Batzutan da argia,
besteetan iluna;
batzutan pilakoa,
besteetan astuna;
kanpotik ilea du,
barruan garuna;
lepo gainean denok
daukagun laguna,
gehiegik gutxiegi
erabiltzen duna.

2001
Gaia: Zure lagun min bat hil zen joan den astean Himalaian. Gaur jaso duzu berak handik bidalitako postala.

Maialen Lujanbio

Kaixo Maialen: zer moduz?
oroimena daukat zugan,
presente zauzkadalako
nere mendi abenturan.
zorionean gabiltza
mendiarekin loturan;
badakizu, beti gisa,
nahi ta ezinaren mugan.
Makaluko gailur horrek
gu jartzen gaitu liluran;
etzirako egongo gera
gailurrarekin joskuran.
Har zazu muxu bero bat,
jarri konfiantza gugan.
Zein bero zen muxua ta
nik zeinen hotz hartu dudan!

Negar egin nahi dut baina
ez egitea hobe da,
malkoak jausiko dira
bestela postal gainera,
ta korritu ta borratu
hemengo muxu ta zera...
Intzirika hasi nahi baina
nijoa aguantatzera.
Imajinatu dezaket
kanpo-base hartan bera...
Bere ilusio ta amets
guzia joan da gainbehera.
Ikurrinarekin juan nahi
zazpi milako batera,
ta orain Makalun dago
heriotzaren bandera.

Irratiak eman zuen
elur-jauzien abisu,
baina zuk ametsarekin
horrenbeste konpromisu
bazendun, ta holakotan
egoskor bat dirudizu;
aurrera segiko zendun,
beti egin dezu berdintsu.
Bizitzan ilusioa
Herioren paradisu;
gero arte esaten ere
ez didazu utzi, aizu;
ta zuri azken hitz batzuk
esan nahiean naukazu,
karta bat egingo dizut,
akaso jasoko dezu.

Txapeldunaren agurra
1935
Iñaki Eizmendi Basarri
1936
Manuel Lujanbio Txirrita
Txapela irabazteagatik egin zioten omenaldian kantatutako bigarren bertsoa, oparitu zioten makilari:

Irurogeita hamasei urte
garaia det umiltzeko,
gauza haundiren beharrik ez det
goitik behera amiltzeko;
bi bastoi habek aski nitun nik
munduz mundu ibiltzeko,
hirugarren hau andregaiari
arkakusuak hiltzeko.

1960
Iñaki eizmendi Basarri
Pozak txoratzen hementxen dago
une hontan bertsolariya.
Etzaio, noski, asko damutu
gaur onuntza etorriya;
neu ez naiz ezer, Jaunaren graziz
lendabiziko sariya.
Eskerrik asko entzuten egon
dan jende ongi-haziya;
jaialdi hauek ematen dute
txertua eta biziya;
era ontako bileratxo bat
noiz ote zan ikusiya?
Izan'e txoko berezi honek
badu grazi bereziya:
lur zati bat esan diteke
zerutatik ixuriya;
gozotasunen gozotasuna,
ezti guziyen eztiya,
zeure eskutan daukazu beti
nahi dan aukera guztiya,
inuntxo ere eztezu berdinik,
bihotzeko Donostiya.

1962
Manuel Olaizola Uztapide
Bertso bat eskatzen dirate hemen
saio honen azkenean,
gaur halakoxe eguna zan da
ezin aspertu lanean,
berriz'e izan leike
garisti edo merke
ari biharra onean,
ni zuen morroi beti izango naiz
behartzen zeratenean.

1965
M. Olaizola Uztapide
Berriro ere borondatia
badaukat nik lanerako,
zuek baino lagun hoberik ez da
nere aldamenerako,
gure lan hori izan dedila
euskeraren onerako,
berriz ere ni prest naukazute
zuen serbiziyorako.

1967
M. Olaizola Uztapide

Agur bat egin behar dizutet
bihotza bete-betian,
bai al dakit ba zer pentsatzen’e
neguen nere artian?
sekulan enaiz egon izandu
hola poztasun batian,
ia berriro juntatzen geran
danok datorren urtian.

1980
Xabier Amuriza
Haizak hi txapel zer sentitzen duk
ene eskura heltzean
ez haut buruan erabiliko
baizik zintzilik iltzean.
Iltzea berriz josia diat
nik dakidan bihotzean
han egongo haiz uda beroan
eta neguko hotzean
bizi naizela biontzat eta
berarentzat ni hiltzean.

1982
Xabier Amuriza
Lehengo txapela nuelarikan
iltze batean jarria
hura gorde zun maitearekin
badaukat kezka larria
biak berari eskaini hala
bilatu maite berria
ez da berria, baizik zaharra
nik maite dudan herria
gaurkoa zuri eskaintzen dizut
publiko agurgarria.

1986
Xabier Amuriza
Lehengo txapela nuelarikan
iltze batean jarria
hura gorde zun maitearekin
badaukat kezka larria
biak berari eskaini hala
bilatu maite berria
ez da berria, baizik zaharra
nik maite dudan herria
gaurkoa zuri eskaintzen dizut
publiko agurgarria.

1986
Xebastian Lizaso
Merezi edo merezi gabe
txapel ta guzti kantari
bere zati bat eskaintzen diot
hurbil dudan jendetzari
beste zati bat bihotz-bihotzez
eskaintzen diot aitari
txaloak parte hartu dezuten
bertsolari guztiari.


1989
jon Lopategi
Lehendabizi milesker
bihotzez deneri
batez ere aurrez dauden
nere ikasleeri
txapela ematen zaio
gaur edozeineri
eskaini nahi nioke
pentsatu zeineri:
jantzi gabe joan zen
Fernando Aireri.

1993
andoni Egaña
Zuek horrela ikusi eta
neroni jartzen naiz alai
batasun honek beharko luke
euskaldungoaren dohai
ni lehengoa naiz buru gaineko
uztai edota ez uztai
inor ez zegoen lasai
urduritasuna etsai
denak irristadaren zai
goizean goizik Lazkao Txiki
aipatu dute nolanahi
zuen txaloak beretzat dira
nere txapela ere bai.

1997
andoni Egaña
Honuntz etorri eta den-denoi
mila esker ematean
bi txapel gehitxo ote ditudan
jabetu naiz bapatean
Jexus ta Natxi, Mixel, Mariaxun,
zerrenda luze betean
burutik kenduz jarri nahi nuke
zuen eskuen artean
lanean ari zeratelako
Bertsozale Elkartean.

2001
andoni Egaña

Nere berezko dohai
apalen legami,
hau eskeini nahi diot
Xebastiani
Mikel, Millan, Iñaki,
Anjel eta Joni
berso belaunaldiko
hari eta honi.
Baina hik Andoni,
pentsatzen ipini,
badituk bi nini,
hau nori eskeini:
gaurkoa Saioari
eta Juleni.

Mahaikideak
Estitxu Arozena
Bertsolaria
30 urteko lesakarrak esperientzia handia du txapelketetan: Lau aldiz hartu du parte Txapelketa Nagusian, eta hamaika aldiz urtero jokatzen den Nafarroako Txapelketan. Bi aldiz jantzi du gainera txapela Nafarroan, 1995 eta 1998an. Psikologia ikasketak egin zituen, eta bertso irakasle da Nafarroako ikastetxe eta bertso eskoletan. Bertsozale Elkarteko transmisio taldean ere ari da lanean.

Jon Lopategi
Bertsolaria
Muxikan jaioa, 1934an. 1962an irabazi zuen Bizkaiko txapela, eta 1989an Euskal Herrikoa. Franco garaian Jon Azpillagarekin batera plazaz plaza abertzaletasunari hainbat bertso kantatua. Bertso irakasle aritu da Bizkaiko ikastoletan, eta egungo puntako bertsolariak bere ikasle izandakoak dira: Unai Iturriaga, Igor Elortza, Paya anaiak... Bere bizitzaren berri Jon Lopategi, bertsozko mezularia liburuak jasotzen du.

Xebastian Lizaso
Bertsolaria
Azpeitian jaioa, 1958an. Aita bertsolaria izaki, umetatik edan zuen bertsoetatik. 1986an irabazi zuen Euskal Herriko Txapelketa. 31 urte bete ditu plazaz plaza (16 urterekin egin zuen lehenengoa). Bertso afari eta plaza askotako erregea eta Andoni Egañaren bikotekide artistikoa. Pernando Amezketarraren marrazki bizidunei ahotsa jarritakoa da eta egun etxe agentzia batean ari da lanean.

Xabier Amuriza
Bertsolaria
Etxano, 1941. Euskal Herriko txapelduna 1980an eta 1982an. Ordura arteko bertsokera irauliz, gaurkoa sortu zuen. Txapelketan epaile izana, Xalbadorri txistu jo ziotenean ere bai, hain zuzen. Bertsoak egiten ikasi egiten zela teorizatu eta bertso eskolak sortu zituena bera da. Lan handia du argitaratua, tartean, bertsolariek entrenatzeko oraindik duten tresnarik onena, Hiztegi errimatua eta biografia, Enaz banaz.

Bitxikerien historia

Ezagutzen den lehen bertso desafioa 1801ean jokatu zuten Amezketako Juan Inazio Zabalak eta Hernaniko Txabalategik. Txorakeria gutxi, 5na ontza urre jarri baitzituzten jokoan.

Oesteko bakeroen estilora, erdi-bidean zuten zita: Billabonako plazan. Juezak ere bi aldeek aukeratu zituzten: Txabalategik Altamira eraman zuen, Aizarnazabalgo sakristaua. Zabalak, berriz, Fernando Amezketarra. Hirugarren jueza, inpartziala, Jose Mendizabal Tolosako arziprestea zen.

4.000 entzule bildu omen ziren eta bi orduko libreko saioan, dena libre izan zen bestea menperatzeko. Epaia ere, justua: berdinketa.


Sarigintza

1935ean, lehen txapelketan, orain baino giro bilduagoan eman ziren epaia eta sariak: saioa bukatuta, bersolari eta antolatzaileek egindako bazkariaren ostean. Irabazleak, Basarrik, 100 pezeta jaso zituen.

100.000 pezetako saria jarri zen 1968an, bertsolari onenek parte hartu zezaten. Zortzi finalistak Basarri, Xalbador, Lasarte, Uztapide, Lopategi, Mattin, Mitxelena eta Arozamena izan ziren. Lehenak (Basarri) bigarrenari (Xalbador) hamar puntu baino gutxiago atera zizkionez, sariak erdibana egin zituzten.

Saririk bitxiena 1967koa izan zen: Goizeko saioa bukatzean, siloi handi bat zozketatu zen finalisten artean.

Urrezko ezteien plaka da 1997ko finalean Unai Iturriagak jaso zuena. Saria eman behar zuten Eusko Jaurlaritzako ordezkaria eta Nafarroako Gobernukoa, arratsaldean eta esku hutsik etorri ziren Belodromora. Xanti Hoteleko Anamarirengana jo zuten antolatzaileek, eta bere aitaginarreben oroigarriak salbatu zuen protokoloa. Antolakundea oraindik zorioneko sentitzen da, Iturriagak agurrean zaztatu ez zituelako.

Txapela ahaztu ez zitzaielako pozik egon daiteke txapeldunen bat. Izan ere, urte batean finala baino pare bat egun lehenago ohartu ziren antolatzaileak txapela bordatu gabe zegoela oraindik.


Eszenategi atzekoa

Euskaltzaindiak antolatu zituen 1960tik 1980ra arteko txapelketak. 1986an, bertsolariek antolakundearekin zituzten desadostasunak medio, txapelketa eurek antolatzea erabaki zuten, eta Bertsolarien Elkartea sortu -egungo Bertsozale Elkartea-. Bertsolariek erabaki zuten Manuel Lekuonak emango zuela txapela. Finalaren bezperan antolatzaile batek Jose Antonio Ardanza txapela emateko prest zegoela zioen telefono deia jaso zuen, baina ez zuen atzera egin. Harrezkero, txapela bertsolaritzari lotutako norbaitek eman du.

Bezpera gau osoa pasatzen zen finalerako Belodromoa prestatzen. 1997an, goizeko 4:00etan, Belodromo barruan zero azpitik 10 graduko tenperatura «atseginean» jardun zuten lanean. BEC-ek ez omen du hainbesterako lanik eman behar.

Bertsolariak aizkoran. Horrelako zerbait imaginatuko zuen egunkari ezagun bateko marketing buruak, aurten antolatzaileekin publizitatea adosten ari zela. Izan ere, gaztelaniaz zera bota zuen: «Kolpe gogorra jotzen dutenean ezpalak lehertuko dira, noski!». Tira, ez zebilen hain oker.


Gaiak eta «ai-ai-»ak

Todoterrenoa zen gai-jartzailea lehen bi txapelketetan, (1935 eta 1936an): gaiak bertsotan jartzen zituen, eta aldi berean epaimahaiko kide ere bazen. Bertsolari denek txandan txandan gai berari kantatzen zioten. 1936an Basarrik jarri zituen gaiak bertsotan. Hona gerrari buruz kantatzeko eskatu zuenaren azken bi puntuak:
"Gerra zitalen ondoren txarrak
azalduz bota bertsoa
ta agertu sutsu zein gehiagoka
beretzako gorrotoa"

Kartzelako lana lehen aldiz 1960an jarri zen Txapelketa Nagusi batean.

Baina txapelketen historiako lan bitxienetakoa 1965ean jarri zuen Alfontso Irigoienek: "Kontatu iguzu hiru bertsotan izkirimiri bat, txiste bat. Ez du ajolarik gordin samarra bada ere, baldin txukun kontatzen badezu. Minutu bat daukazu txistea aukeratzeko".


Epaileak

1935ean, lehen txapelketan, epai-mahaian izen ospetsuak eseri ziren: Jose Ariztimuño Aitzol, Joseba Zubimendi, Toribio Altzaga, Jose Olaizola, Manuel Lekuona eta Txomin Olano. Puntuatzeko taulak ondo bereizten zituen gogoan hartzeko bertsoak eta eskasak:
Bertso oso txarra 0 puntu
Txar samarra 5 puntu
On samarra 10 puntu
Ona 15 puntu
Oso ona 20 puntu

1986an epaimahaiak puntuak bistan eman zituen, bertso bat bota orduko pizarran nota altxaz. Publikoak ikusten zuen bertsoari jarritako nota, baina bertsolariak ez. Jendea bertsoak entzun beharrean, kalkulagailuarekin puntuaketa jarraitzen aritu zen eta beraz, Lizasok berak baino lehenago jakin zuten entzuleek txapela irabazia zuela.


Teknologia ez hain berriak

1935ean, lehen txapelketan, bertsolariek mikrofonorik gabe kantatu zuten.

Transkribatutako lehen saioa 1936koa da, «Harriketarren» eran egina: izkribauak iladan jarri, eta batek lehen puntua hartu, besteak bigarrena...

Teknologien alardea 1960koa izan zen: entzule erdiak Victoria Eugenia antzokian kabitzen ez zirenez, kanpoan altabozak jarri zituzten, zuzenean entzuteko. Hau da magnetofoiz grabatutako lehen txapelketa.

Pantaila handiak krask! egin zuen finaleko oholtza prestatzen ari ziren batean. Gauean, Bordelera joan behar izan zuten bila, bertsolarien keinuak eta ustezko «txupoiak» gertutik ikus zitezen.


Piramideari punta ateraz

Lehen txapelketa piramidala 1960an egin zen: Finalean gailendu zen Uztapidek aurreko txapeldun Basarrirekin jokatu zuen buruz-buru txapela. Basarrik bigarrena jantzi zuen.

Piramidearen piramidea, berriz, 1962koa izan zen: Goizean bi saio jokatu ziren, eta bigarrengoan kantatzeko sailkatu ziren Mitxelena, Lazkao-Txiki, Xalbador eta Arozamena. Hauei gehitu zitzaizkien aurreko txapelduna, Basarri, eta txapeldunordea, Uztapide. Hauetatik lau sailkatu ziren arratsalderako: Xalbador, Uztapide, Lazkao-Txiki eta Basarri. Arratsaldean, bi sailkatu ziren buruz-buru txapela jokatzeko: Uztapide eta Basarri, aurreko txapelketan buruz-buru aritu ziren biak, alajaina!
Buruz-buruko lan osoa bakarkakoa zen, eta ez nolanahikoa: 2 puntu erantzun; oinak emanda bertso 1; eta Kartzela: 3 bertso bere bizitzari, 3 bertso bertsolarien patroiari, "Urte Zaharrari" bertso bat doinu berezian eta 3 bertso "ama" hitzari.
Hainbeste sailkapen frogaren ostean, nor gailendu zen erabakitzen lan handia izan zuten. Uztapidek irabazi zuen.

1965ean Uztapidek, aurreko txapeldunak, zuzenean buruz-burukoa jokatu zuen eta bigarrena jantzi zuen.


...eta gaurko bertsogintza sortu zen.

1980an dago aurtengo finalaren hazia: Txapeldun Xabier Amuriza izan zen eta gaurko bertsokera agertu zuen, euskara batuan hain zuzen.

Andoni Egañak aitortua duenez: «80ko txapelketan entzun nionean pentsatu nuen ‘nik ere bertsotan horrela egin nahi dut’. Bertsotan hasi nintzen nire kasa 81ean, batez ere Amuriza entzun ondoren» (ARGIA, 1773.alea).

Baina egungo bertsogintzaren aitak ez zituen zorionak bakarrik jaso ordura arteko bertsogintzaz erdi zenean, berak kontatzen duenez: "Zeharki eta disimuluan kuestionatzen ninduenakandik zuzen eta gordin deskalifikatzen ninduenakana, bertsino posible guztiak jaso nebazen" (Enaz banaz, 241 orria).


Txistuen mintzoa

1967an, Uztapiderekin buruz-burukoa jokatzeko epaimahaiak Xalbador aukeratu zuenean gertatu zen txapelketaren historiako unerik beltzena: 6 minututik gorako txistu-jotzea!

Xalbadorrek txistuak txalo bihurtzea lortu zuen bertso honekin:
Anai-arrebak, ez, otoi, pentsa
neure gustura nagonik,
poz gehiago izango nuen
albotik beha egonik;
zuek ezpazerate kontentu
errua ez daukat, ez, nik...
(Jende dena txaloka hasi zen, eta ezin zuen segi tarte batean. Ondoren, honela bukatu zuen)
zuek ezpazerate kontentu
errua ez daukat, ez, nik,
txistuak jo dituzute bainan
maite zaituztet oraindik!


parte-hartzea: Denok kabitzen gara

Emakumeen parte-hartzea ez da atzokoa. Diario de San Sebastián egunkariak (1875-9-18) Saran egindako lore-jokoen kronikan honela dio: "Arratsaldean koplariei sariak eman zitzaizkien, zortzi bertsolari aurkeztu ziran eta oien artean bi español eta emakume frantzes bat. Emakume frantzesak jaso zuan saria...".

Lehen txapelketan, 1935ean, 20 pisu astun igo ziren Donostiako Poxpolin antzokiko ringera, eta hogeiak saio berean aritu ziren: Basarri, Zepai, Txirrita...

A eta B mailako bertsolarien katalogoa egin zuen Euskaltzaindiak 1980an, txapelketa lehen mailako bertsolariekin egin zedin. Horra lehen mailakoen definizioa: aurreko txapelketetan parte hartu dutenak, eta hortik aurrerakoak, Euskaltzaindiak erabakitzen dituenak.

Parte-hartzearen errekorra 1965ekoak du: 115 bertsolarik hartu zuten parte!

1986an, txapelketa antolatzeko Bertsolarien Elkartea sortu zenean ere parte-hartze jendetsua izan zen: 105 bertsolarikoa. Txapelketa hartan parte hartu zuen lehen aldiz emakume batek, Kristina Mardarasek. Hurrengoan ere, 1989an, emakume bakarra aritu zen kantuan, Arantzazu Loidi. 1993an Estitxu Arozena eta Amaia Telletxea aritu ziren; 1997an 5 emakume, 2001ean 6 eta aurten 10.


Azkenak
Greba eguna dute Ipar Euskal Herriko funtzio publikoan

Frantziako Gobernuaren aurrekontu proiektuan Gizarte Segurantzan egitekoak dituzten murrizketak salatzeko mobilizazio eguna dute ostegunean. Manifestazioa abiatuko dute 10:00etan Baionako geltoki aitzinetik.


2024-12-05 | Leire Ibar
Durangoko Azokak ateak irekiko ditu ostegun honetan, ikasleen bisitarekin batera

Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako.


Zaku bete galdera iritsi dira Leizaran institutuko ikasleak Pape Niangen solasaldira

Andoaingo institutuan izan da Pape Niang, bere migrazio-esperientzia kontatzen. 16-18 urteko gazteek, aurrez Pape Niang, hasiera berri bat liburua irakurria zuten ikasleek, jakin-minez, gogoetez eta galderez bete dute aretoa. Bejondeiela, pertsona kritikoak heztea baita... [+]


2024-12-04 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Muga-zergak ezarriko ote zaizkio unibertsitateko talentuari ere?

Ipar hemisferioan ikasturtea hastearekin batera izan ohi den albiste-zaparradan argitaratu zen duela astetxo batzuk: aspaldiko urteetan ez bezala, txinatar jatorriko ikasleak (275 milatik gora) ez dira jada ugarienak Estatu Batuetako unibertsitateetako atzerriko ikaslerian;... [+]


Urduñako espetxe frankistako biktima gehiago deshobiratzeko lanak abiatu dituzte berriro

Astelehenean abiatu zituzten lanak eta frankismo garaiko 20 biktima berriren gorpuak topatu dituzte honezkero. Asteburura arte luzatuko dute gorpuzkiak lurpetik ateratzeko hirugarren kanpaina.


2024-12-04 | Julene Flamarique
Autonomo faltsuen lan eredua aldatuko duela esan du Glovok, jabea epaitua izan baino egun bat lehenago

Sei urteko espetxe zigorra ezar diezaiokete Oscar Pierreri langileen eskubideen aurkako hainbat delituengatik. Epaiketa asteartean izan da Bartzelonan, eta astelehenean iragarri du legearen pean kontratatuko dituela 15.000 rider. CGT sindikatuak “fiskaltzaren aurrean... [+]


2024-12-04 | Tere Maldonado
Biraka jarraitzen du gurpilak

Gogoratzen al duzue? Legebiltzarreko %90ak onartu zuen Hezkuntza Akordioa duela bi mende –barkatu, bi urte–. Ezkerraren biltzarkideen erreakzioa euforiaren eta neurriko gogobetetasunaren artean mugitu zen. Onarturiko dokumentuaren arabera, zentro pribatuek diru... [+]


Ikusezin

Tabernan zaude, barran, eskatu nahian. Mostradorean beste pertsona batzuk ere berdin. Laster izango da zure txanda, baina zuri tokatu arren, zerbitzariak ez dizu galdetu ea zer nahi duzun, salto egin dizu eta zure atzean etorri den gizona atenditu du. Ergel aurpegia geratu... [+]


Euskara mailu bat da

Neronek esan nezake, baina Macronek esan zuen. Frantses nazioa zatitzeko tresnak omen dira frantsesa estatu hizkuntza bilakatu baino lehenagotik ere exagonoan baziren hizkuntza horiek. Aitortu ordez Frantziak hizkuntza horietako hiztunak azpiratu, uniformizatu eta asimilatu egin... [+]


Materialismo histerikoa
Beteta

Bata bestea irentsiz gordetako azken galtzerdi parearen ondoren, ezin izan nuen kaxoia itxi. Horrela zegoen, gaizki itxita, bi astez jada, pijamena (pijamen tiraderan, oparitutako hiru izan ezik, ez dago pijamarik; “etxerako” kamiseta eta galtzaz beteta dago). Atera... [+]


Eguneraketa berriak daude