Pruden Gartzia historialariak eskuratu du Juan Zelaia V. saiakera saria Lazarraga. Ernazimentua euskaraz saioarekin. Juan Lazarraga idazle arabarraren testuinguru historikoa eta literarioa osatu du Gartziak.
Pok ekoiztetxeak Aitzpea Goenagak idatzitako Ongi ibili antzelana estreinatuko du abenduaren 16tik 18ra Donostian. Loli Astoreka, Olatz Beobide, Miren Gojenola eta Edi Naudok gorpuztuko dute opor bidaia batetik bueltan galtzen diren lagun taldea.
Uxue Apaolaza idazle gazteak Umeek gezurra esaten dutenetik ipuin liburua plazaratu du, Erein argitaletxearen eskutik. Iban Zalduak adierazi duenez, irakurlea deseroso sentiarazten duten ipuinak dira Apaolazarenak.
Telmo Esnal eta Asier Altunaren Aupa Etxebeste! filmak Ikusleen Saria jaso du Madrileko Alcine jaialdian. Laburren atalean, Joxe Mari Goenagaren Sintoniak Ikusleen Saria jaso du eta Borja Kobeagaren Eramos pocos lanak Gidoi Onenaren eta Zuzendaritza Artistiko Onenaren sariak.
Koldobika Jauregik Altzürükü izeneko erakusketa du zabalik Donostiako Ekain galerian. 40 obra inguru jarri ditu; gehienak egurrean egindako xilografiak dira. Lanok Mikel Laboari eta Zuberoako artzaiek kantatzen dituzten basa aireei egindako omenaldia dira.
Miren Aranbururen taldeak, Miren Aranburu Ensemblek Lorategi hibridoa, laugarren diskoa, plazaratu du Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen Errabal zigiluarekin. Aurrekoen aldean, disko hau garaikideagoa dela adierazi dute taldekideek.