argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
2021eko uztailaren 16a


Bidasoamedia.info astekari digitala sarean

Pausumedia elkarteak, Antxeta Irratiaren laguntzarekin, sortu du Bidasoamedia.info izeneko astekari digitala. Euskara hutsean da eta Hendaia, Biriatu, Pausu, Hondarribia eta Irungo informazioa sareratzen dute. Eguneroko berriak eta hainbat gai bereziri buruzko atalak irakurri ahal izango dira. Oier Imaz irundarrak eta Haritz Zubelzu hondarribitarrak filosofiari buruzko Antzerki magikoan solasean izeneko atala egingo dute, Juan Mari Sarasola irundarra nazioarteko gaiez arituko da Zokoburuko dunetatik atalean eta Iker Garaialde hondarribitarra teknologia berriei buruz arituko da Teknikaren Hackelarrea atalean.


Urruñako eta Ziburuko ikastolen aldeko jaialdiak

Urteak dira Goierriko ikastolak, Urruñako Ikastola eta Ziburuko Piarres Larzabal Kolegioa elkarlanean ari direla. Iparraldeko ikastolen egoera zaila kontuan hartuta, hainbat jaialdi antolatu dute 1997az geroztik Urruñako eta Ziburuko ikastolak diruz laguntzeko. Goierriko ikastolek eta Hazia elkarteak abenduaren 4an Urruñako elizan kantaldia antolatu dute. Urtarrilaren 7an berriz, Ordiziako Majori kiroldegian kantaldia eta pailazoak izango dira. Lortutako dirua Urruñako ikastolari (sei gela erantsi nahi dizkiote oraingo eraikinari) eta Ziburuko Piarres Larzabal Kolegioari (eraikin berria egiten ari dira) laguntzeko izango da.


16 urteko ikasleak euskara ikasita utzi behar al du eskola?

Besteren artean, galdera hori egin diote 11.984 laguni EAEn, Eusko Jaurlaritzako Euskal Gazteen Behatokiak prestatutako Gazteen Argazkiak 8 inkestan. Inkestari erantzun dion %93ak uste du derrigorrezko hezkuntza amaituta euskara jakin beharra dagoela (gaztelania jakin behar dela %98k uste du). Alabaina, %48ak baino ez du uste derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan euskaraz badakitela edo jakingo dutela.