Reme Ulloa: «Lan duina egin dugula sinestea da dugun poz bakarra»


2021eko uztailaren 12an
Juanma Bajo Ulloa esan eta erraza hari titulua ezartzen: zinema zuzendaria da. Aldiz, Reme Ulloa esan, eta askok ez lukete jakingo zuri titulua ezartzen...
Bada, Reme Ulloa Juanmaren ama da. Bizitza osoa semeei begira eman duen pertsona. Tirtiria, oso. Batere protagonismo gogorik gabe, semeak zoriontsu izatea beste asmorik izan ez duena -eta ez dakit behin ere lortuko dudan, oso zaila dago eta, baina tira!-, eta, nolabait, egiten ari dena ontzat ematen duen emakumea. Asko kostatu zait hori. Hogeita bi urte egin nituen nire semeen aitarekin ezkondurik. Gero, 1986an, harengandik dibortziatu eta zerotik hasi behar izan genuen. Oso janda daukat hori, gaur egun. Nik uste ama gehienak, salbuespenak salbuespen, ni bezain porrokaturik saiatzen direla seme-alaben alde. Jainkoak eman zidan argitasun gutxi-askoa horren alde jarri dut.

Ama, beraz. Horixe, hitz batean, eta batez ere: ama.
Horixe: ama, batez ere. Noski baino noskiago! Ama.

Amaren maitasunak jarri zintuen, beraz, Juanmaren alde eta haren ondoan...
Amaren maitasuna. 1986an, bide berria egin behar eta "hemendik jo behar dugu!", esan zuten nire semeek, eta handik jo nuen nik ere, beraiekin batera. "Nor izango da buru, nork egingo ditu zuzendari-lanak?" izan zen hurrengo galdera. Sasoi hartan Juanma oso gaztea zenez, neuk hartu nuen zuzendaritza. Agerian, Juanma dugu taldeko buru, bera da artista, baina ondoan ditu bi anaiak, Eduardo eta Abel. Eduardok ahal duena egiten du, baita idatzi ere. Zaharrena, berriz, Abel, informatikari da eta horretan ari da lanean oraintxe. Zinematik diru askorik ez datorrenez, beste non edo nondik ere saiatu egin behar!

Zinematik diru askorik ez datorrela? Besterik uste nizun...
Askok hots egiten dute, "egingo al didazu halako lana?". Hots egiten dizuten askok, ordea, adiskide edo ezagun dituzulako hots egiten dizute, sos batzuk aurreztuko dituztelakoan. Lan egiten duenak, berriz, dirua behar duelako egiten du, eta kinka horretan bizi gara beti, arnasa lasai hartu ezinik.

25 urte dira zinemagintzan hasi zinetenetik... Nola izan zen hasiera hura?
82-83a edo izango zen. Foto denda genuen etxean eta, hori dela eta, hiru semeek ere erraztasun handia izan dute beti kamerak hartu eta erabiltzeko. Baina Juanma izango zen zaletuena, edo nabarmenena.

"Nabarmenena"...
Ordurako bere-bere ideiak zituen. Niri asko gustatzen zitzaidan zinema, oso zalea nintzen. Baita fotografia zalea ere, gaztetatik. Juanma, berriz, 12 bat urte zituela hasi zen super 8ko kamera hartu eta lehenengo lanak egiten. Juanma zen tirtiriena, zaleena, kezka handiena zuena. Garai hartan, Izarretako Gerra ikusi zuen, ikaragarri gustatu zitzaion, eta handik lasterrera gidoi bat egiten hasi zen. Horrela hasi zen dena. Berehala, fundamentu handiagoko lanak egiten hasi zen: laburmetraiak. Cruzar la puerta izan zen lehenengoa, oker ez banago, 1984an. Ondoren, A quien puede interesar, Calor, Cien aviones de papel, El reino de Victor, Akixo... Ordurako, egoera bihurritzen hasita zen gure etxean. Nire semeen aita zinema-kontu haiek txorakeria zirela esaten hasi zen, ez zuela merezi, denbora galtzea besterik ez zela...

Eta zuk? Zer esaten zuen "amak"?
Ni ez nintzen iritzi berekoa. Ez dut esango amets egiten nuenik, baina iruditzen zitzaidan Juanmak egiten zuen lanak balioa zuela. Hasieran, igoal esango nion Juanmari: "Tira, zera esan du aitak, hau eta hura...". Aldi berean, ordea, ez nion semeari bidea galarazi nahi. Eta hori dela eta ez dela, etxeko giroa txartu egin zen gu ezkontideon artean. 86an, Cien aviones de papel eginda ordurako, banandu egin ginen senar-emazteak. El reino de Victor 1989an bukatu zuen, eta ordurako segitu beste erremediorik ez zuen izan Juanmak, egiten zituen lanek diru etekin handia zekarkioten eta. Alegia, zera esan nahi dut, sari asko ematen zizkiotela. Batean aurkeztu eta hogei mila duro; bestean, eta berrehun. Zerotik hasi behar izan genuenez gero, dirua biltzeko modua zen lanak sariketetan aurkeztea: poltsa osatzeko era. Ni jostun nintzen eta, nik zuri eta zuk niri, batak besteari laguntzeko modua egin genuen.


Artista zen, ezpaletik...
Bai horixe. Ez izan dudarik! Bazen zinema-kritikari bat, donostiarra, gogoan dudana. Juanmak Cien aviones de papel egin zuenean, sari mordoa jaso zuen: zirenak eta ez zirenak eman zizkioten. Gasteizen ere jaso zuen saririk eta, behin, Canciller Ayalan egin zen afari batean, zera esan zidan kritikari hark: "Orain bai! Laburmetraia mundua erraza da. Hemen irabaztea, honenbestean! Komeriak gero datoz, profesionalen artean lehiatu behar izaten denean". Jakina, horixe gertatua zitzaion berari! Ez zait bizian ahantziko. Beste gizonezko bat nuen alboan, Radio Vitoriakoa, eta honek bestela esan zidan: "Hara bestea! Gerokoak gero! Gero ezin badu, zer egingo diogu bada!". Harrezkero, Akixo egin zuen. Hamaika sari jaso zuen. Hurrena, El reino de Victor: Goya saria. Handik atzera, arrakasta, profesionala, behintzat. Ekonomikoa ez da eta hainbestekoa izan behin ere. Hori da kontua.

Nahiko kasu berezia da zuena: Juanma da buru, zeuk esan duzu, baina familia osoaren babes, laguntasun eta lankidetza du. Zein da zure lana?
Juanma da zuzendari, dudarik gabe. Baina gidoia egiten ari dela, ez aholkurik, baina informazioa bai, eskatuko dit. Galderak eta. Gidoi bat egiten ari bada, igoal, eta mutiko bat, honen arreba, eta haurdun dagoen ama ageri badira, galdetuko dit adibidez: "Ama, eta nola izaten da...?". Horren gainean berak baino eskarmentu handiagoa dut nik, eta galdetzen badit, ahal dudan beste laguntzen diot. Batetik, ondoan nauka momentu horietan. Bestetik, halako jaialditan film bat aurkeztea erabakitzen duela? Dirua behar izaten da filmaren kopiak eta beste egiteko. Dirua nondik? Banketxeetatik. Nork eskatu? Neuk, bankuek ni beste inor ez naute ezagutzen eta. Abala? Geure etxebizitza. Huraxe hipoteka! Horrela hasi ginen, adibidez. Gure lanean ez dago beste distirarik. Gero etorri zen taldea osatzea: produktore exekutiboa, argazki zuzendaria, makilatzea... Eta, jakin dezazun, lehenengo filman gurekin lan egin zutenek gurekin egin dute lan haren ondokoetan ere. Bada zer edo zer!

Bertigorik ez al duzu? Alegia, filma egin nahi eta etxea hipotekatu beharra ere...
Bertigoa? Ez dakit bertigoa zer den ere!


Beldurtzeko gaitasuna galdua ote duzu?
Hara, karakter gogorra daukat. Alegia, hizketan ari eta bero samarra naiz: oldarkorra, nahi baduzu. Inori aurre egin behar, ordea, eta onez onean saiatzen naiz, gozo antzean, baita lepazintzurretik gora eginda naukatenean ere. Zer gertatzen da orduan? Ez dagoela oker handiagorik, xemeikorik ez izan eta zure kontuak gaizki irtetea baino. Seme bat hiltzea, edo aberiaren bat gertatzea, horixe oker handiagoa, baina, bestela? Adibide hori jarri dizut, ze nire Juanma beti dabil errepidean. Askotan esaten diot neure buruari: "Egunen batean, hots egingo didate, esanez: 'zure semea...'", zeren, istripu bat baino gehiago izan dituzte, baina orain arte onik irten dugu. Hortaz, semeren bati oker handiren bat gertatzea izango litzateke txarrena. Gainerakoan, era guztietako arazoak izan ditugu. Nik, behintzat, problema latzak izan ditut, eta aurre egin behar izan diet denei. Eta beti irten naiz onik. Baina boterea zuen jendea ere fortunatu zaigu bidean, eta ez digute erantzun, ez digute ordaindu zor zigutena.

Airbagi buruz ari zara, ala?
Bai. Gure hondamena izan zen hori. Epaitegira jo eta epaileak ere errazena egin zuen: dena irakurtzeko lana hartu ez zuela eta beste aldeari eman arrazoia! Guk kontratua genuen sinatua, filmaren etekinetan -handiak, bere garaian-, guk ere parte izateko. Eta dirurik ez duela eragin diote! Hortaz, zer okerragorik galdetu didazu...

Horiek denak pasa eta zer egin?
Eta zer egin behar dugu? Lanean segi! Oraingo filmarekin, Fragilekin, lau bat urte egin ditugu hara eta hona. Ni, bestalde, taldeko mandataria naiz: "Ama, halako eraman behar da!". "Ondo da, eramango dut!". "Ama, halako egin behar da!". "Egingo dut nik!". Mandataria. Azken filma dela eta, haren izenburua, Fragil, erregistratu egin behar genuela. Joan naiz eta, oso hitz arrunta zela eta ez zegoela erregistratzerik. Batean joan, bestean etorri, zoratu ez nintzenean! Azkenean, baietz, bazegoela erregistratzerik. Bada, orduan pikutara! Ez genuen erregistratu nahi izan! Hamaika horrelako!

Zenbateraino egin dizue kalte jarrera horrek?
Ez dakit zenbateraino, baina jakina da kalte egin digula, kalte egin diola Juanmari. Ez dute Juanma ulertzen. Ez dira konturatzen independentzia duela bertuterik handiena, inork bera erabil dezan ez du nahi eta ez dio inori uzten. Berezko balioak ditu, naturalak. Ez dakit nola esan ere. Batzuen iritziko txoropitoa izango da. Eta baliteke. Ez da munduko mutikorik onena, bere ama naiz eta badakit. Niri ere egiten dit errieta. Baina, errieta egiten didanean, utzi egiten diot esaten. Handik pixka batera, esan egiten diot: "Juanma, hau eta hau esan duzu, baina zera jakin behar duzu...". Eta irentsi behar izaten du hark ere. Nik ulertzen dut haren errieta hotsa, gainezka egiten du eta. Hamaika tokatu zaio!

Azken filmak ere badu soka...
Fragil bederatzi hilabetean egon zen muntatze-laborategian, oker muntatzen zuten eta. Erreko ez zara, bada! Dirurik ere ez genuen eta! Zeu ere erreko zinateke! Hondamena zen guretzat! Gero, azkenean, filma hartu, banatzaileari eman, eta ez duela telebistan jartzen! Hurrena, berriz, ministerioan fakturazioa aurkeztu genuenean, auditoria eta guzti, banatzaileak aurrea hartu zigula jakin genuen, kopien gastuen faktura bertan sartu duela, nahiz eta hori guk pagatu behar genuen, gure gastuetakoa zen. Berdin publizitateari dagokionez. Gure gastu zirenak, beraien fakturan sartu zituzten, dirulaguntza beraiek jasotzeko! Gureak diren 50 milioiko gastuak aurkeztu dituzte, beraiek 30.000 euro lortzeko! Hortik atera kontuak nola gabiltzan!

Zer onik jasotzen duzue saltsa honetatik, hortaz? Zein poz?
Poz bakarra, lan duina egin dugula sinestea. Batetik, bihotzez egin dugu lan; bestetik, Juanmak egin nahi izan duena egin dugu.

25 urte baino gehiago ari zarete horretan.
Eta hamahiru lan baino gehiago, lanak gureak dira eta! Horrek ere zer edo zer balio du. Eman dezagun, nekazariak: bizi guztia ari dira lanean eta ez dute etxea eta soroa besterik. Urtero, garia eta patata ereiten. Euritea datorrela, eta kitto! Eta, hala ere, hurrengo urtean berriz. Ez dute handik irteteko asmorik, bi sos ez izanda ere. Berdin ari gara gu, lanean.

Zinemak baserriak baino glamour handiago du, ordea.
Guk ez diogu glamourrari batere opa! Begira Juanmari, ea noiz joan den ospakizunen batera. Bere lagunek egiten dituzten festetara ere ez da eta joaten! Sikiera, esango balute: "Ez dik ezer egiten eta, gainera, festarik festa zabilek!". Baina hori ere ezin esan! Hainbat jaialditara hots egiten diote, epaimahaiko izan dadin. Berak ezetz esaten du beti, ez dela nor besteren lana juzgatzeko. Bartzelonako pornografia jaialdira joango da, ohorezko presidente egin dute eta; saria emango du eta gainerakoan ez da azaldu ere egingo! Non da, hortaz, Juanmaren harropuzkeria? Ez dakit bada, nik!

Zer behar da film ona egiteko?
Film ona egiteko? Kasu! Bi gauza dira: film ona eta takila ona. Zertaz ari gara?

Film ona.
Lehenengo, planoak grabatzen jakin behar da: kamera non jarri zuzen erabaki eta aktore-aktoresak zuk erakutsi nahi duzuna esaten ari diren momentua grabatu. Hortik dator film ona. Besterik da film horrek gero onarpen handia izatea ikusleen artean. Guk, adibidez, eskutitz zoragarriak jaso ditugu Fragil filma dela eta. Ama batek bidali zigun bat, esate baterako, esanez hamar urteko alabari kontatu ziola, oherakoan. Kontatzen ari zela eta txundituta zeudela, biak, ama-alabak. Ezin sinetsi zuela geltokiko eszena. Horren eszena gogorra, polita, eta hainbeste sufrimendurekin.

Errekonozimendu horixe, beraz: ama baten eskutitza.
Bai. Horrelakoak ditugu sari. Fragil egin eta Gasteizko banketxeetako, gizarte segurantzako eta beste zenbait erakundetako laguntzailerentzako proiekzioa egin genuen. Asko laguntzen didate eta estimatu egin nahi nik! Jakina, badakit zein duten laguntzeko arrazoia: bat eman eta bi kentzen dizkidatelako, baina dena dela, asko laguntzen didate. Filma ikusi, bukatu, tabernatik tabernara hasi zer edo zer hartzen eta, goizeko ordu biak eta erdietan, haiek, artean, filmaren gainean hizketan! Hori handia da, gero! Filma ikusi eta haren gustua duzu ahoan. Zer besterik behar duzu? Horixe da Juanmaren zinemagintza.

Goya, sonbreirua esekitzeko
«Atzera begirakoa egin eta esaten diozu zeure buruari: 'Okerrik egin al dugu? Bai, egin dugu'. Juanma bere izenaz ez baliatzea, adibidez, okerra da. Baina berak ez du nahi. Eta aurrera! Zenbait jendek uste du Juanma hantustea dela, baina ez da horrelakorik. Bere izenaz ez baliatzeak, adibidez, duintasun handia ematen dio Juanmari. Beste askok zeharo bestela jokatzen dute. Jasotzen dute Goya saria eta uste dute Jainko eta Andre Maria direla, biak batera. Lau ditu Juanmak, lau Goya, eta sonbreirua esekitzeko dauzka. Horrelakoxea da Juanma».

Nortasun agiria
Remedios Ulloa (Jimena, Jaen, 1943). Hantxe bizi izan zen bederatzi urte arte. Handik, Donostiara. Hamahiru urte zituela hasi zen lanean, jostun. Hemeretzi urtetan, ezkondu, eta Gasteiza. Etxekoandre eta beraien fotografia dendan egin zuen lan, erabat zinemari ekin zioten arte, 1986 inguruan. Bajo Ulloatarren Gasteizko Zinema produkzio-etxeko mandatari kargua du. Hamaika lan egin behar izaten du. Ez du berehalakoan estresak joko, ez du eta astirik. Ezta bere buruari eskaintzeko denbora ere. Mandatari karguaz eta zinemaz jardun dugu, baina, horrez gain, etxepeko -komunitateko- behin betiko administrari da; eta, horrez gain, berogailuaren administrari, "norbaitek egin behar du eta!"; eta, horrez gain, lau pertsona gobernatzen ditu etxean, hiru semeak eta bere gizonezkoa; horrez gain, etxeko lanak; horrez gain... "Astirik ez neure buruari opa izateko! Baina ispilu aurrean jarri eta erraz apaintzen dut neure burua". Horrez gain, benetako gidoia egiteko gaia. Hurregi du, ordea, Juanma Bajo Ulloak: hurregi, garbi ikusteko.

Irakaspenak
«Egia da Fragil filmarekin esperantza handiagoak geneuzkala: uste genuen ikusleak kalitatezko lana ikusteko gogoa izango zuela, baina, nonbait, gazteei begirakoa da, batik bat, zinema. Ondo pasa eta barre algara batzuk egin beste helbururik ez dute, nonbait, eta efektu berezietan mozkortu! Nik uste dut hemendik atzera askoz gehiago pentsatu beharko dugula zertan eta nola gastatu dirua, zeren bateko digitalizazioa eta besteko pirateria, nahiko lan badugu».

Bertsoa

Doinua: Erreguetan

Zer poz duzuen galdetu eta
lanak pozten omen zaitu,
lan duinaren harrotasunak
hortan jarraitzeko gaitu.
Beraz egina eginda dago,
eta egiten jarraitu
duintasunak, jan ezta ere,
barrua asetzen baitu.

«Amerikarrak, aaa!»
«Behin baino gehiagotan esan izan diot Juanmari. Cien aviones de papel Super 8an egin zuen. Orain ez dakit zer harrera izango zuen, urak joan dira eta, baina nik uste orduan ikusleak oso gustura hartuko zuela benetako film formatuan. Garai hartan Juanma gazte zen, oso, baina ideia bikaina izan zuen. Gainerakoan, nik ikusitako filmen gainean zer esango dizut, bada! Gaztetan ikusi eta zirraragarriak iruditzen zitzaizkidan asko eta asko! Orain atzera berriz ikusi eta ez zait iruditzen hain eder direnik. Orain akatsak topatzen dizkiet. Garai batean bai, 'Amerikarrak, aaa!, haiek bai!'. Gaur egun...».


Azkenak
Tomate hazien bildumagileak eta bioaniztasunaren zaintza logikak

Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.


Armarri-zimitz jaspeztatua
Gonbidatu gabeko turista

2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten. Eta euskaraz izendatu ere bai! Urte batzuk pasa dira eta ez dut esango gure artean ikusteaz ohitu... [+]


2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Gintonikaren ezkontza

Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta burbuila zakar gehiegi.


Aurkezle eta umoregile bat salatu dute, hainbat emakumeri eraso egiteagatik

"Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", seinalatu dute idatzi batean, sare sozialetako kontu berri baten bidez hedatu dena. Leku ugaritako neska gazteak elkartu dira salaketa egiteko. EITBk bertan behera utzi du, kautelaz, pertsona hori ageri... [+]


2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Eguneraketa berriak daude