argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2021eko uztailaren 20a

Anarik bakarkako hirugarren diskoa plazaratu du Metak diskoetxearekin: Zebra. Inoren Ero Ni taldeko Borja Drake eta Mikel izan ditu lagun Bonberenean grabatutako diskoan. Hirugarrengoan rockera hurbildu da gehiago.

Glu Glu antzerki taldeak Oscar Terolen Todos nacemos vascos liburua eramango du eszenatokietara urtarrilean. Galder Pérez eta Eloi Beatok egokituko dute eta, besteak beste, Gorka Aginagalde, Gurutze Beitia eta Josean de Miguelek jokatuko dituzte rol nagusiak.

Txirri, Mirri eta Txiribiton
dira abenduaren 2an zinema aretoetan estreinatuko den Pailazokeriak animazio filmaren protagonistak. Imanol Zinkunegik zuzendu du eta Joxan Muñoz eta Juanba Berasategik osatu dute Hordagok ekoitzi duen filmaren gidoia.

Agustin Ibarrola artistak Muñogalindon (Avila, Espainia) jarriko du fundazio-museoa, bere obrak erakusteko. Artadi baten alboan izango da eraikina eta artadiko zuhaitz batzuk eta harkaitz batzuk margotuko ditu.

Armiarma (www.armiarma.com) literatura atari mamitsuak jaso du aurtengo Anton Abbadia saria, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik.

Elgar Oinka Hazparneko dantza taldeak Xango, altxa xango ikuskizuna aurkeztu berri du. Koldo Ameztoi kontalariaren Xango istorioak gidatzen du 40 dantzarien saioa.

Koldo Izagirrek Sua nahi, Mr Churchill? narrazio liburua plazaratuko du aurki, Susaren eskutik. Errealismo poetikoan kontatutako hamazazpi ipuinez dago osatua. Portua eszenatoki, zamaketariak, pilotuak, arrantzaleak... ageri dira liburuan.