argia.eus
INPRIMATU
Epaiketa politikoa, aldagai politikoen eraginpean (Bero-beroan)
2007ko otsailaren 21
Epaiketa politikoa da 18/98 auziarena, hor ez da zalantza handirik, gutxienez Euskal Herrian. Eta politikoa esan nahi denean, esan nahi da dauden akusazioei eusteko argudio juridikoek ez dutela oinarririk, eta salaketa horiek sortu eta mantentzen badira, eremu politikotik dagoen eskuhartze garbiagatik dela. Auziperatu eta defentsaren ikuspegia ere politikoa izango da orokorrean, eta alde horretatik fiskaltza eta defentsaren arteko lekuko eta perituen -adituen- arteko lehia gogor eta errepikakorra biziko da hilabeteetan. Epaiketa luzea izango denez, eta karga politikoak zama handia duenez, pentsatzekoa da datozen hilabeteetan izango diren aldaera politikoek ere eragina izango dutela auzian: PSOEk PPren presioari aurre egiteko epaiketaz egin dezakeen erabilera komunikatiboa; ustezko bake prozesuaren egoera desberdinen eragina... Une politikoaren egoerak esperantzarako tarterik uzten du, baina salaketa eta zigor eskaeren gogortasunak beldurra ere ematen du, erdibiderako tartea urria delako kasu gehienetan.