argia.eus
INPRIMATU
Oiartzungo
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Madalensoron herriko bertsolarien saioa genuen. Realak denboraldi osoa zeraman partidarik galdu gabe. Biharamunean Sevillan jokatzen zuen. Izenik gogoratzen ez diodan bertsolariak, neurri txikiko "Maritxu nora zoaz " doinuan, puntutako lehen lerroan zortzi silaba sartzeko aukera dotorea ematen duen horretan, "atzo joanak zaizkigu kastilla barrena, bihar galduko balute sekulako pena" kantatu zuen. Sevillan, erretiroa hartzear zegoen Gazteluk eremu aluan galdu zuen baloia eta Bertonik Realari liga irabaztea eragotziko zion gola sartu zuen. Diario Vascok aditu bat zuen. Futbola deus gutxi ezagutu, baina egunero idazten zuen horietakoa. Luis de Andia zuen sinadura. Ormaetxea larrutu egin zuen. Ez omen zuen zeukan taldea merezi. Eta talde haren balentriak, Boronaten jakituriari zegozkion, Expositoren merituak -jokalari gehienak lehenik berarekin egondakoak baitziren- bazterreratu gabe. Ormaetxea, nefastoa zen. Acosta -de Andiaren bataio deitura- hark ez zion Albertori treguarik eman, eta Realak hau kanporatu arte ez zen baretu. Galesa ekarri zuten. Luis de Andia haren orduko lerdeak bertan dirauela oraindik irudipena daukat, Diario Vasco eskutan hartzen dudan bakoitzean. Albertok zuen giza mailaz ezin zitekeen entrenadore kaskarra izan, nahiz eta espektakuluari bizkarra eman.