argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
2021eko uztailaren 27a


Europako Kontseiluaren aholkuak bete ditzala Nafarroako Gobernuak

Hala eskatu dute Udal Administrazioan ordezkaritza duten sindikatu guztiek, hala nola, AFAPNA, CCOO, UGT, ELA, LAB eta ASIT-ek. Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak, Pedro Pegenautek, eman du bere erantzuna: Nafarroako Hizkuntza Politikak ez omen du parekorik inongo herrialde demokratikotan eta orain arteko bideari segiko omen diote.


Zavalak herri literaturaz bildutakoak Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku

Antonio Zavalak berrogeita hamabi urtez bildu ditu herri literaturarekin zerikusia duten agiriak, hala nola, bertso-paperak, eskuizkribuak, liburuak eta grabaketak. Euskaltzain osoak material hori Sendoa argitaletxearen Auspoa sailean argitaratu du aldika-aldika. Agiri horiek guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku jarri ditu eta Foru Aldundiak zein Jesusen Lagundiak hitzarmena sinatu dute. Bilduma Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean gordeko dute eta Gipuzkoako diputatu nagusi Joxe Joan Gonzalez de Txabarrik hitz eman du bilduma digitalizatu eta edonoren esku jarriko dutela.


Guridiren El Caserío Baserria izango da

Guridiren El caserio zarzuela lehenengo aldiz euskaraz entzuteko aukera izango da abenduan. Arrasateko Izaskun Murgia Elkarte Lirikoak antzeztuko du Baserria izena hartu duen zarzuela Arrasateko Amaia Antzokian. Lehenengo aldia da zarzuela bat euskaraz taula gainean entzun ahal izango dena. Naroa Elortzak itzuli du euskarara zarzuela.
Duela urte batzuk Azpeitian zarzuela beraren abestiak kantatu zituzten euskaraz, Xabier Euzkitzek egindako itzulpenak, alegia.
Arrasaten, abenduaren 10, 11, 16 eta 17an taularatuko dute Baserria.


Katalanez ari diren tokiko telebista digitalek puntu gehiago izango dituzte

Generalitateko Kontseilu Eragileak hala erabaki du tokiko telebista digital pribatuen baimenak banatzeko oinarriak onartu dituenean. Gutxienez emanaldien erdia katalanez eskaintzen duten telebistek puntuazio handiagoa lortuko dute.


Euskara Sustatzeko zuzendari berria

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Igone Etxebarria Zamalloa izendatu du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Euskara Sustatzeko zuzendari. Etxebarriak Lorea Bilbao ordezkatu du.