argia.eus
INPRIMATU
Osasuna: Giltzurruneko transplanteak: argi-itzalak hemen ere
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a
Transplanteen Espainiako Erakundeko zuzendari den Rafael Matesanz doktoreak era guztietako iruzkinak egin zituen, 2004. urtean giltzurruneko transplanteen inguruan egindako lanen berri emateko ekitaldian. Badira itxaropenerako arrazoiak: donazioek ia %5 egin dute gora, eta bestetik familiartekoen aldetik gero eta ezezko gutxiago jasotzen dituzte medikuek hildakoen organoak transplanteetan erabiltzeko baimena eskatzen dietenean.
Baina berri pozgarriekin batera, ezin ahaztu bestelakoak ere: esaterako gaixoek ia bi urte itxaron beharra daukate giltzurruneko transplante bat lortu arte. Eta horregatik, gaur egun itxarote zerrendetan giltzurrunaren zain dauden 4.200 gaixoen artean, aurten ez dira 2.250 transplante besterik egingo, aurreikuspenen arabera.
Giltzurruneko transplanteak ez dauka aparteko zailtasun teknikorik, gaur egun horretara jarriak dauden kirurgialariak oso trebeak baitira. Arazo nagusia organoen eskasia da. Gure herrialdean, transplanteetan erabilitako giltzurrun guztietatik %2,8 besterik ez ziren emaile bizietatik lortu, eta gainerakoak hildako pertsonei erauzitakoak izan ziren. Zifra horiek oso urruti daude Europako beste herrialde batzuetakoekin konparatzen baditugu (%13), eta zer esanik ez Ameriketako Estatu Batuetara begiratuz gero: bertan giltzurrun transplanteetan erabilitako organoen %41,5 bizirik dauden pertsonek emandakoak dira.
Gure artean nahiko arrakasta izan dute hildako senideen organoak emateko egindako kanpainek, eta horrela Espainia da aurrenekoa transplante tasari dagokionez: 36,4ko indizea, milioi biztanleko. Eta Euskal Herrian tasa are handiagoa da, 46,4koa milioi biztanleko. Baina hori guztia oso positiboa izanik ere, emaile bizietatik lortutako giltzurrunen kopurua gehitzea da osasun agintarien asmoa. Izan ere, EAEn milioi biztanleko 86 pertsona daude giltzurrunaren zain, baina gaur egun, Osakidetzako ospitaleetan ez da egiten emaile bizien giltzurrun transplanterik.