argia.eus
INPRIMATU
Kotto
Joxemari Ostolaza 2021eko uztailaren 16a
Ez nuen ezagutzen, nahiz guk bezala Ibardineko uretatik edan. Berak Berako oinean, guk Urruñakoan. Berak Espainiakotik, guk Frantziakotik. Erdian, kaskoan, bentak, erdibituak bizi garenaren lekukoak, ikuilu kontrabandoaren merkatal guneak. Funtzionatzen die, eta behar dute berea gure euskal zaurian pozoia eman eta sakontzeko. Guardia zibil, polizi, militar, funtzionari frankista eta enparatu ohien oinordekoak ditugun gehiengo komertziantearen parajean zintugun zu Euskal Herriaren ordezkari, mendi beraren haranetakoak batera bizitzeko ahalegin horretan akabatu zaituzten hori. Hori zuten hain zuzen eraman ezinekoa, arbasoengandik inkubatuta jasotako birusa, bakean utz gaitzaten eragozten dien eritasuna. Bortxaz eraman zintuzten, eta torturatu ohi duten eran. Kartzelara kondenatu ere. Duela bederatzi hilabete libre utzi zintuzten, mila eta hirurehun bat egunez zure onenak ziegetako bakardadeetan utziak zenituela jada. Ez zuten aski horrekin. Gehiago behar zuten. Kartzelara berriz. Urrun eta bakartua. Ataka horretatik pasatako edonork daki, bere buruaz beste egitea dela tortura hori gainditzeko eratako bat. Espainia eta Frantziako Gobernuetako arduradunek ere bai. Jakitun ziren eta kondenatu zintuzten urka-ziegara.