argia.eus
INPRIMATU
Internet: sarearen kontrolaren borroka (Bero-beroan)
2007ko otsailaren 21a
Azaroaren 16tik 18ra Informazio Gizartearen 2. Mundu Gailurra egingo da Tunisian Nazio Batuen Erakundearen babespean. Internet garapenean diren herrialdeetara nola hedatu izango da gailurraren gai zentrala, baina zeharka bada ere, beste gai batek hartu du jada Interneteko nazioarteko eztabaidaren mamia: nork eta nola kontrolatu behar du sarea? Gaur egun sarearen kudeaketa Icann izeneko enpresa estatubatuarrak egiten du, berak banatzen ditu eta kontrolatzen ditu Interneteko domeinuak, Kalifornian du bere egoitza eta diru irabazi asmorik gabeko erakundea bada ere, Amerikako Estatu Batuen (AEB) Merkataritza Departamentuaren menpe dago. Hor dago koska, kontrolean, eta Europako Batasunak eta beste herrialde batzuek -India, Txina...- kontrol hori beste era batera bideratu nahi dute. AEBek, jakina, ez. Informazioa boterea bada, bistan da gaur egun den informazio sare indartsuenaren kontrolak zer garrantzi duen. Oraingoz, dena den, ez da aldaketarik aurreikusten, baina AEBen jarrera hori berean mantenduko balitz, ezin da baztertu etorkizunean sare bat baino gehiago izatea, eta horrek bertan behera utz lezake egungo sare izaera.