argia.eus
INPRIMATU
Ihesi: Berastegi, Muñagorriren herri berdea
Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2021eko uztailaren 19a
Berastegiri buruzko lehen idatzia 1027koa da: Nafarroako errege Santxo Garzes III Nagusiak, Iruñeko apezpikutzari bidalitako mugei buruzko idazkian ageri da. Iruñeko autobidea hartuta, GI-2130 errepidean atera gara Berastegira. Bertako plazara jo dugu, eta biderako indarrak hartzeko, ezer baino lehen Zelai tabernan sartu gara. Ehiztariak ari dira hamaiketakoa egiten. Gure asmoen eta ibilbidearen berri galdetu digute, baina euren ibiliei buruz ez digute ezer kontatu nahi izan.

Zelai tabernatik irten, eta honen eta udaletxearen arteko «Eliz bidea»n behera jaitsi gara, marra txuri-horiek markatzen digutenez. Berehala iritsi gara Tourseko San Martin elizara.

Txundituta miatu dugu atriotzarra: kontzertua emateko, abesbatzentzat, edozein ekitaldi kulturalentzat... ez dago horrelako plaza estalirik XXI. mendean.

Eliza eskuinera utziz, ezkerreko bidetik jo dugu. Baserri mordoa pasatu dugu, zein baino zein ederrago, herriko panoramaz dastatzen dugun bitartean. Arbia eta artoa laboretan eta ardiak bordetan dira nagusi. Gaztain eta kiwiak ere tentagarri daude.


Errota eta zentral elektriko zaharra

Hondarbide etxe egin berriaren parean hartu dugu eskuinera, gorantz egiten duen maldari eutsiz. Berehala, bidearen eskuinera, Arrateko errotarekin eta zentral elektriko zaharrarekin egin dugu topo. Bertan errezil sagarrak aurkitu ditugu, lurrera erori berri, gozo. Hamaiketako hoberik ez dago.

Hurrengo kurban, ezkerreko bidea jarraituko dugu, errotara doan errekastoa zeharkatu gabe. Pare honetan sutzen zuten garai batean karobi-zuloa. Kareharriak erreta lortutako karea lurrak ongarritzeko erabiltzen zuten, etxea egiteko eta hormak zuritzeko. Baina harrobietako labe industrialek ordezkatu zituzten basoko labe bitxiok. Ez larritu marra txuri-horiek gurutzea markatzen badigute ere. Ibilbidearen bukaera aldera berreskuratuko ditugu.

Pagadia eta pinudia elkartzen diren mugan goaz, eta arbolak jantzi okre gordinak eranztekotan dira.

Malda menperatu dugunean, eskuinera hartu dugu, pagaditik ateraz eta Gazpio bordara iritsiz. Abereen inbidia sentitzen du edonork horrelako etxola ikusita: Beheko solairua ganaduarentzat du, eta goikoa lastoz ondo betea. Hemen inor ez da neguaren beldur.

Berehala jo dugun bidegurutzean ezker hartuko dugu, eskuinera baserria utziz. Hurrengo bidegurutzean ere ezker hartuko dugu, marra txuri-horiekin berriro adiskidetuta. Pinudiaren ertzetik goaz. Hurrengo bi bidegurutzeetan ere ezker hartuko dugu, marrei jarraiki.


San Sebastian ermita

Jada behean Berastegi ageri zaigula, eskuineko muinoan San Sebastian ermita ageri zaigu. XIV. mendekoa da, eta antzina izurriteen kontra gurtzen zenez, hegaztien gripea gogoan eman ditugu aldapan behera, herriranzko urratsak.

«Bakea eta Foruak», Muñagorriren proklamia

Berastegiko Elutsenea etxean jaio zen Muñagorri, 1794an. Bere aita eta aitona bezala, bera ere izkribaua zen, 1838an bere proklamia bota zuen arte. Honez gain, errentan hartuta zituen Berastegi, Elduaien, Areso eta Eratsungo burdinola hauek: Ameraun, Ollokiegi, Plazaola, Urto eta Zumarrista. Kontratista ere aritu zen, esaterako, Irurtzundik Gasteizerako errege-bidea egiten 1932an.
Gobernu liberalaren aldeko joera zuen eta lagun liberalak ere bazituen, baina gerran bere burdinolak karlisten zerbitzura jarri zituen, eta Zumalakarregik berak ere behin baino gehiagotan bisitatu zituen.
Gerra luzatzeak karga ekonomikoa ekarri zion, karlistak gero eta gehiago luzatzen baitziren ordainketetan, eta Muñagorrik ezin zien ordaindu bere errementari, ikazkile, itzain eta abarri. Egoera horretan, pakearen bila mugitu behar izan zuen: Iturmendin bildutako karlistak komentzitzen saiatu zen, gerra ahalik azkarren bukatzeko. Alferrik. Orduan, liberalengana jo zuen, 1837ko azaroan Madrila aurkeztuz, Bardají Azara presidente liberalarengana. Honek ontzat hartu zuen Muñagorriren eskaria, alegia, foruak errespetatzea gerra bukatzearen truke. Milioi bat errealeko laguntzarekin itzuli zen Madrildik.
Horrela, 1838ko apirilaren 18an «Bakea eta Foruak» lelopean bere proklamia bota zien gipuzkoar eta nafarrei Berastegin bertan.
Era berean, Carlos erregegaiari gutuna idatzi zion, hemendik alde egiteko eskatuz. Hona bere hitzak: «Vos y vuestros consejeros las habéis convertido (las tierras) en un desierto, habéis sembrado en ellas el luto y hacinado a montones de cadáveres. Abandonadlas pues cuanto antes. Si tenéis derecho a la corona de España, nosotros no nos opondremos a ello, pero sabed que esta no es una guerra de personas y que nosotros navarros y vizcaínos no hemos reconocido jamás a otros reyes que nuestros fueros y nuestros privilegios".
Karlisten eskutik berehala etorri zen Iturbe brigadierra Muñagorriren tropak sakabanatzera. Ez zitzaion lan zaila egin, armada murritza baitzen, batik bat bere burdinoletako langileek osatua. Honen ostean karlisten juntak izkribau funtziotik bota zuen, eta burdinolak eskuetatik kendu zizkioten. Erasungo Zumarrista burdinola bakarrik ustiatu ahal izan zuen.
1838ko urriaren 14an fusilatu zuten eta Erasungo elizan lurperatu.


Bertsotan oroitua

Muñagorrik jarrarazitako bertsoak (37 zortziko txiki) uste da Barojarenean inprimatu zirela eta Euskal Herri osora zabaldu. Bertsootan azaldu zuen bere proklamia:

Muñagorrik diona
bere proklamian
gerrak hondatzen gaitu
bosgarren urtian
ihaz jarri zan Carlos
Madrilko bidian
bultza zuten atzera
gerra bere oñian

Iturria: Joxemiel Bidador.
Diario de Noticias 2002-10-13.