argia.eus
INPRIMATU
Ezpalak
Katixa Garate 2021eko uztailaren 27a
Eskulangintza XXI. mendean
Artisautzaren egoera eta erronkak aztertuko ditu Ortzadar elkarteak XXI. Folklore Jardunaldietan. Azaroaren 15etik 18ra, aditu andana bilduko da Iruñean: Arbaso elkarteko Bernat Vidal, Julio Caro Baroja museoko zuzendari Susana Irigarai, Aranzadiko Fermín Leizaola... Artisautza egungo gizartean, Artisautzako Uban proiektua eta Artisauak, lanbide baten izatea edo ez izatea izango dituzte mintzagai, esaterako. Hitzaldiez gain, dokumentalak proiektatuko dituzte eta Joxe Ulibarrena omenduko dute.


Musika garaikidea Bilbo eta Gasteizen

Hasi dira jada Bilboko Gaur Egungo Musiken Jaialdia eta Gasteizko Carmelo Bernaola Nazioarteko Musika Jaialdia. Biek ere musika garaikideari eta azken ehun urtekoari egingo diote leku. Bilbon 35 autoreren 38 lan interpretatutko dituzte, zortzi estreinaldi tarteko, azaroaren 30a bitarte. Emanaldiak Guggenheim museoko auditorioan eta Euskalduna jauregian izango dira. Besteak beste, Arbos hirukoteak, Espacio Sincrok eta Musika Inerpretazio Laborategiak eskainiko dituzte kontzertuak. Abenduaren lehena arte, Gasteizen ere kontzertu andana izango da ostegunero Jesus Guridi kontserbatorioaren auditorioan: Ensemble Surplus, Des Iscles, Enigma taldea...


Euskal zinema Lekeition

Aitzindaria da Lekeitioko Zine eta bideo Bilera euskarazko zinemagintzan. Horren lekuko da Benito Ansola sortzaileak aurten Amalur saria jaso duela IBAIAren eskutik. Aurtengoa XXVIII. aldia du eta 34 film inguru ikusi ahal izango dira, azaroaren 15etik 19ra: film laburrak, dokumentalak, sormen lanak... Filmen artean daude Arantxa Gurmendiren Basamortuko irribarreak dokumentala, Oscar Galánen Xoxoak beleari laburra eta iñaki Beraetxeren Art police sormen lana. Bestalde, Emakumeek Egindako Zinemaren X. Erakustaldia egingo dute Bilbon, larunbata bitarte. Besteren artean, Sara Marazkiaranen La llorona eta Isabel Ayguavivesen La Valiente laburrak eta Patricia Ferreiraren Para que no me olvides eta Ángeles González-Sinderen La suerte dormida proiektatuko dituzte.

Publizitate afixa historikoak Baionan

XIX. mendeko eta XX.eko lehen lau hamarkadetako Euskal Herriko kartel publizitarioak ikus daitezke, Baionako Euskal Museoan zabaldu duten Euskal Herriko Afixak. XX. mendearen hasiera erakusketan. Publizitateak izan duen garapena ikusteko aukera ona da. Bilbo, Donostia, Iruñea eta Baionako jaien programak aurkeztuen dituzten afixak, kirol ekitaldienak, espartinenak nahiz gatzarenak... denetarik dago. Batzuk gaztelaniaz, beste batzuk euskaraz eta bestetzuk frantsesez daude eta hiru hizkuntzak uztartzen dituenik ere bada. Urte amaierara arte egin daiteke bisita.

Txotxongilo festa Bilbon

Azaroaren 14tik 20ra era guztietako txotxongilo ikuskizunak eskainiko dituzte Bilboko XXIV. Nazioarteko Txotxongilo Jaialdian. Bertako nahiz kanpoko taldeek parte hartuko dute. Panta Rheik Alaia antzeztuko du, Azikak Barne Iluna, Kubako Pálpito taldeak Con ropa de domingo, Galiziako Cachirulok La piedra que arde... Itzal bidezko txotxongiloen eta paperezko antzokien gaineko bi ikastaro izango dira, halaber. Aurten txotxongiloen arloan 25 urte bete dituen Antzezkizuna taldea omenduko dute. Eta txotxongilo ugari ikusteko parada izango da, Barrainkua kultur etxean jarritako erakusketan.

* * * * * * * * * * * * * * *

Nafarroako Liburutegi Nagusia 2008-9rako. Iruñeko Mendebaldean eraikiko da Nafarroako Liburutegi Nagusia eta Nafarroako Filmoteka hartuko dituen eraikina, Musika Kontserbatorioaren eta Pablo Sarasate Orkestraren egoitzaren ondoan. Alde Zaharreko eraikina txiki geratu zaio Liburutegi Nagusiari eta egoitza berriaren kokapenak zalaparta ugari sortu du azken urteetan. Nafarroako Gobernuak proiektua aurkeztu berri du. Eraikinak lau solairu izango ditu eta 20.000 metro koadro. Liburutegiaren funtsetako 280.000 ale jasoko ditu eta Filmotekak proiekziotarako areto bat izango du, 216 besaulkirekin.

Elkar Fundazioa da Euskalgintza Elkarlanean fundazioaren izen berria. Irudi bateratua eskaini nahi du Fundazioak eta, hala, Elkar izena hartu dute Bilintx, Xalbador, Xalem, Mattin... denda ohiek. Fundazioaren baitan, banaketara dedikatutako enpresek ere Elkar izena hartu dute. Diskoetxe eta argitaletxeen izenak bere horretan mantendu dituzte: Oihuka diskoetxea, Elkar argitaletxea, Sua Edizioak... Gaur egun, 450 lagun ari dira Elkar Fundazioaren barruko enpresetan.

Gidoigileak batu dira. Umiliatuta, gaizki ordainduta eta ignoratuta sentitzen dira zinema eta telebistako gidoigileak. Eta horrexegatik Ikus-Entzunezko Gidoigileen Elkarteen Federazioa osatu dute Madrileko, Kataluniako, Galiziako, Valentziako eta Euskal Herriko elkarteek. Besteak beste, pelikularen aurrekontuaren %3a eta DVDen salmenten egile eskubideak jasotzea aldarrikatu dute.