argia.eus
INPRIMATU
Osasuna: Aspirinak babestu egiten du koloneko minbizi
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a

Aspirina edo azido azetilsalizilikoa, eta baita beste AIEE batzuk ere -esaterako, ibuprofenoa edo naproxenoa- erabiltzeak, koloneko minbizia izateko arriskua nabarmen murrizten du, Harvard-eko Medikuntza Fakultateko ikertzaileek Jama aldizkari ospetsuan argitaratu berri duten osasun-azterketak erakusten duenez.
Azterketa horretan ia 83.000 emakumeren datuak bildu dira, 1980. urtean hasi eta 2002ko ekaina bitartean beren analgesiko eta antiinflamatorioen kontsumo-erabilerak jarraitu baitzituzten ikertzaileek. Eta autoreek mesede esanguratsua aipatzen dute Aspirinaren erabilera ohizkoarekin lotuta -gutxienez bi konprimitu hartu behar lirateke astean horretarako-, koloneko minbiziari aurrea hartzeko orduan.
Hala ere botikaren mesede horiek hamarkada bat baino luzaroagoan kontsumitu ondoren nabaritzen dira bereziki: zenbat eta handiagoak izan erabilitako aspirina edo AIEEen dosiak, orduan eta txikiagoa da minbizi-mota hori garatzeko arriskua. Horrela, astean 14 pastilla azido azetilsaliziliko hartzen dituzten emakumeak -eta horrela 10 urtetan zehar- dira minbizia jasateko arriskurik gutxien dutenak, botika hori erabiltzen ez duten emakumeek baino %53 gutxiago, hain zuzen ere. Naproxenoa edo ibuprofenoa bezalako antiinflamatorio ez-esteroideekin ere antzeko emaitzak lortu dira, horiekin ere dosi handiak erabili behar dira. Eta, horregatik, ikertzaileek alderatu behar izan dituzte onura potentzialak botika horiek hartzeak ekar ditzakeen kontrako erreakzio grabeekin. Izan ere, aspirina denbora luzean erabiltzeak odoljarioak gertatzeko arriskua gehitzen baitu.
Hona hemen ikertzaileen ondorioa: aspirina ahalik eta dosirik handienean erabiltzeak, botika hori ez erabiltzearekin alderatuta, kolon eta ondesteko minbiziaren balizko bi kasutatik bat prebenituko luke, 1.000 pertsonen artean, eta 10 urteko epean. Baina denbora horretan heste-urdailetako 8 odoljario larri kasu gertatuko lirateke. Botika horiek kontsumitzearen mesedeak eta kalteak zorrotz baloratu beharko dira, beraz, kasu bakoitzean, azken erabakia hartu aurretik.