argia.eus
INPRIMATU
Zubipeetako gorbelmenak
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21

Gorbela zabal ageri da itsaslabar gaineko belazeetan. Itsasoaren erasoak betez bete harrapatzen dituen baserri ugaritan uzta kaxkarxeagoak dira. Kendu bakarrik ez du egiten, ordea, itsasoak. Baserritar ugariren diru sarrera osagarria izan da gorbela. Ekaitzek hondartza eta arrokatan uzten duten emaria bildu eta ihartu arte txukun-txukun eguzkitan zabaldu ondoren "belar" hau lantzera emandako lantegietara bidali. Urteak dira ijitoek ere langintza hau bere egin zutela, alga preziatuak zabaltzeko belazerik gabe errepide erraldoien zubipeak gorbelmen eder egiten.

Gauza preziatua gorbela! Gizakion elikaduran gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da. Sze Teu idazle japoniarrak "kanpotar agurgarrienari, baita erregeari berari ere, eskaintzeko moduko jaki eder dira algak" idatzi zuela badira 2.600 urte. Hemen ere garai batean purrustaka atzera botako genukeen jakia gero eta maizago baliatzen da. Gaur egun berrehunetik gora gorbel espezie jaten da. Jatekoaz gain kosmetikan, osasungintzan, laborategietan... Freskoan zazpi bilioi tona gorbel biltzen omen da urtero, hamarretik zortzi Asian.

Gorbelak lurrak ongarritzeko ere erabiltzen dira. Karbonatotan aberatsak izan eta lurrak egokitu eta ph-a igotzen badute ere, landareek kopuru txikietan baina hazteko derrigor behar dituzten elementu kimiko ugari dutelako erabiltzen dira batik bat. Beste ongarrietan aurkitzen zailak diren antimonioa, kobaltoa, barioa, silizioa, estrontzioa, aluminioa... gorbelak baditu. Gorbel-erauzkinak gaitz, izurrite eta izotzei aurre egiteko landareak indartzen ditu eta zitokinina eta auxina hormonak dituenez landareen hazkundea sustatzen du.

Haziendarentzako jatena ederra da gorbela eta usu erabili izan da. Garai batean itsasotik belazeetara garraiatzeko zituzten idi uztarriek gozo asko jango zuten.