Zein dira omenaldi honen nondik norakoak?
Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Euskaltzaindiaren babespean, omenaldi-liburua eskaini nahi izan zitzaion Txillardegiri bere zahar-saritzean. Arazoak arazo, omenduaren 75. urtemugan plazaratu da liburua azkenean.
Nola gauzatu zenuten asmoa?
Parte-hartzaileen kopurua mugarriztatu behar izan zen, ezinbestez. EHUri dagokiola, orduko Euskal Filologia Saila, geroztik Euskal Filologia eta Linguistika eta Euskal Ikasketak deituetan banatua, izan zen deitua; bai eta beste irakasleren batzuk ere. Euskaltzaindiari dagokionez, euskaltzain oso eta ohorezko guztiak. Atzerriko izen batzuk gaineratu zituen Txillardegik berak eta haiek ere hartu zuten gure gonbita.
Eta nolakoa izan da jasotako erantzuna?
Omenaldiaren arduradunok geure poza eta esker ona agertu behar dugu jaso dugun erantzun eskuzabalagatik. Liburu gotorra ez ezik, mamitsua ere bada. Bereziki nahiko genizkioke eskerrak eman Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekari, Txillardegiren bibliografia guztiz ugaria hain trebeki biltzeagatik. Liburu honetan argitaratzen den zerrenda bibliografia akademikoa da soilik, omenduak berariaz hautatu dituen idazlan batzuk izan ezik. Gainerakoa, Euskaltzaindiaren webgunean ikus daiteke. Bata eta bestea burulangile nekaezinaren eta euskaltzale suharraren ibilbide luzearen ispilu garbiak dira. Bi parte-hartzaile joan zaizkigu artean, zorigaiztoz: Andolin Eguzkitza eta Kas Deprez. Betiereko atsedenean gerta bitez.