argia.eus
INPRIMATU
Osasuna: Estresak gizendu egiten du
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a

Estresak sabelaren barruko gantza ugaritzen du, eta horrek arrisku kardiobaskularra biderkatzen du. Estres kronikoak jota dauden pertsonak dira arrisku kardiobaskularrarekin lotuagoa dagoen obesitatea garatzeko joera handiagoa dutenak.
Izan ere, ez dira gauza bera obesitate zentrala -edo abdominala, sabelaldekoa- eta periferikoa. Periferikoa ipurmasail eta izterretan pilatzen da, usuagoa da emakumeetan eta ez dago lotua arrisku kardiobaskularrarekin. Obesitate zentrala, ordea, bestelakoa da: gantza kasu honetan enborrean pilatzen da, sabelaldean batik bat, bai azalpeko ehunean eta baita barrualdean ere. Eta azkeneko gordailu horiek dira, hain zuzen ere, arrisku kardiobaskularra gehitzen dutenak.
Estresaren eta obesitate zentralaren arteko lotura frogatua dago aspalditxotik, eta berriki egiaztatu da obesitate zentralaren eta arrisku kardiobaskularraren artekoa ere. Beraz, lotuta gertatu dira estresa eta arrisku kardiobaskularra.
Murtziako Unibertsitatean, Obesitatea eta Oinarrizko Ikerketa Taldeko Maria Dolores Garcia Prieto doktorearen zuzendaritzapean egindako azterketak zera erakutsi du, gizonek eta emakumeek ez diotela berdin erantzuten estresari, eta erantzun horren arabera gantza modu diferentean pilatzen dela gorputzean, sexu batean eta bestean. Azterketa horretan 335 pertsona sartu ziren: 1948. urteko aurreneko 6 hilabeteetan jaiotako 1.299 gizonek eta 1960ko aurreneko 6 hilabeteetan jaiotako 959 emakumek osatutako taldetik hartuak.
Pertsona horiei hainbat galdeketa egin zitzaizkien ea estresa nola sumatzen zuten jakiteko, eta neurketa antropometriko eta analitikoak ere pasatu zituzten. Ikerketaren emaitzek erakutsi zutenez, aztertutako biztanleriaren %22k sindrome metabolikoa zuen -gizonezkoetan 94 zentimetrotik gorako gerri-perimetroa, eta 80 zentimetro edo hortik gorakoa emakumeetan-. Gaur egun, sindrome metabolikoa arrisku kardiobaskular handiagoarekin lotutako egoera fisiopatologiko eta klinikotzat hartzen da.