Net Hurbil: Armeniar hila mugitu da Turkian 90 urte eta gero

  • Turkia Europar Batasunean sartzeko negoziaketen hasiera herrialde hartako tabu gogorrenaren urteurrenarekin batean agitu da: duela 90 urte milioi bat armeniar edo gehiago akabatu zituzten turkiarrek. Kasik mende batez isilpean edukita, Turkiako herritarrek horren berririk ez zuten orain arte.

2007ko otsailaren 21ean
Hrant Dink kazetari armeniarra sei hilabeteko espetxealdiarekin -berriro "gaiztakeriarik" egin ezean bete beharko ez duena- kondenatu zuen urriaren 7an auzitegi turkiar batek. Armenieraz eta turkieraz idatzitako Agos aldizkariaren zuzendaria da, eta 2004ko otsailean artikulu bat plazaratu zuen armeniarrei eskatuz ez ahazteko 1915ean eta 1917an beren herria birrindu zuten masakreak, eta gogor aldarrikatzeko armeniar odola.

Hrant ez da gai honengatik Turkiako epaileek azken aldian pertsegitu duten idazle bakarra, ezta famatuena ere. Abenduan dute epaitzekoa urteotan turkieraz arrakastarik handiena lortu duten idazleetako bat. Orhan Pamuk (1952) ausartu zen duela gutxi Suitzako Tages Anzeiger egunkariko kazetari bati honako erantzuna ematera: "30.000 kurdu eta milioi bat armeniar hil zituzten Turkiako lurraldeotan. Eta badirudi nitaz aparte inor ez dela hori esatera ausartzen".

Pamukek Turkiaz gain mundu osoan ere norbait izatea lortu du. Gazteleraz publikatu dioten azken eleberria Nieve da, eta aurretik fama handia eman zioten Gorria dut izena eta Astrologoa eta sultana: Ekialdea eta Mendebaldea inperio otomanoan nobelek. Orain, sei hilabete eta hiru urte arteko kartzela zigorra ezarri diezaiokete jujeek armeniarren genozidioa aipatzeagatik. Horretarako Turkiako justiziak kodeko 301/1. artikulua dakar mahaira: Turkia, honen errepublika edo instituzioak iraintzen dituen edonori ezarriko zaion zigorra agintzen du 301/1-ek.

Kurdistaneko arazoa pixkanaka bada ere desblokatzen hasita dagoenean, Turkian geratzen diren tabuen artean gogorrena Armeniako edo armeniarren afera da. Ankarako gobernuak mende batez armeniar kutsurik txikiena zuen oro ezabatzen aritu direnean, Estatu Batuetan, Frantzian eta mundu osoan barreiatutako diasporak eduki du bizirik historiaren sua eta genozidioaren oroimena. Sobiet Batasuna desegindakoan sortu zen Armeniako errepublika nazioartean onartua egoteak bultzada eman zion armeniartasunari eta diasporek beti duten nostalgia usainaren ondoan Turkiako armeniarrentzako erreferentzia errealistagoa bihurtu zen. Orain Europar Batasunak Turkia bere barruan sartzeko negoziaketetan arre edo iso esan behar zuenean, Ankarako gobernua urrats berriak ematera bortxatua aurkitu da.

Hiru belaunaldi hazi dira Turkiako lurretan ikasiz beren historia 1923an hasi zela, Ataturk aitajaunaren balentriekin, eta ama Turkiari izan beharreko amodioan hezitako herritarrak pixkanaka joan dira jakiten azken urteok arte ezkutatu zaizkien hainbat egia. Horietako bat da aipatzen hasi berria den "armeniarren hilketa".

Gaiari nola deitzen zaion ere inportantea da. Hilketak beti dira hilketa, baina gainera "genozidio" hitzaz bataiatzeak zama moral berezia ematen dio batetik, eta bestetik genozidioa egin duenaren oinordekoari -Turkiako estatuari, kasu honetan- erantzukizun juridiko eta ekonomikoak ezarriko lizkioke. Eta hau onartezina litzateke Ankaran.

Armeniarren hilketa genozidioa izan zen ala ez oraindik eztabaidagai da, eta kalapitaren beroa neurtu nahi duenak ez dauka Interneten bilatu besterik. Wikipedian bertan "Armenian Genocide" bilatu eta orriburuan ohar bat aurkituko duzu "eztabaidan dago orri hau neutrala ote den" dioena. Hala ere, gero eta gehiago dira Armenian XX. mende hasieran gertatua turkiar nazionalistek burututako genozidioa izan zela hitz guztiekin diotenak.

Holokausto ukatua

Turkia inperio otomanoaren bihotza zen garaietan, bere lurretan bi milioi armeniar bizi omen ziren; Anatolia osoan zeuden barreiatuta, baina batez ere ekialdean bizi ziren, eta komunitate zabal bat bazen Istanbulen. Inguruetako herritar gehienak musulmanak ziren bezala, armeniar etniakoak kristauak ziren ia erabat.

XIX. mendean ere milaka armeniar -100.000 diote batzuek, 300.000 besteek- hil zituen inperioak. Baina benetako kolpea Lehen Mundu Gerrarekin iritsi zitzaien. Turkiak 1914an gerran parte hartzea erabaki eta 45 urte arteko gizonezko guztiak mobilizatu zituenean, Errusia beste bandoan sartu zen. "Turkiar gazteak" deitzen ziren nazionalistak zeuden orduan agintean. Errusiako armadan aldiz militar armeniar ugari baziren. Eta giro horretan, estatu armeniarra osatzeko ideiak hasi ziren zabaltzen.

1915ean Ankarako agintariek milatik gora intelektual eta profesional armeniar arrestatu eta exekutatu zituen. Eta etnia horretako herritarren deportazioa agindu. Asko gaur Turkia den lurralde barruan mugiarazi zituzten batetik bestera, eta beste asko Siria eta Irakeko basamortuetara bidali. Baldintzarik gogorrenetan egindako bidaia horietan milaka eta milaka armeniar hil ziren. Deportazioan gainera era guztietako eraso, bortxaketa eta exekuzio nozitu zituzten. Konboien arduradunetako asko aurretik espetxeetatik libre ateratako hiltzaileak ziren, Ankarako nazionalistek sortu zuten "Erakunde Bereziak" antolatuta. Kontzentrazio zelaietan itxi zituzten armeniar asko, eta gero alemanek erabiliko zituzten hainbat teknika -gasez hiltzea adibidez- usatu zituzten turkiarrek armeniarren kontra. Ihes egin ahal izan zutenak mundu osoan barreiatu ziren.

Kontu horiek guztiak ezagutu beharra daukate Turkiako herritarrek. Genozidioa aipatze hutsa delitu bada, bistakoa da zein luzea izango den bidea gaia haur eta gaztetxoen testuliburuetara iritsi artean. Orain arte Turkiako Historiaren Erakunde ofizialak sagaratutako egia baizik ez da irakatsi hango sistema osoan. Erakunde honen arabera, 300.000 armeniar baino ez ziren hil, eta horiek guztiak garai nahasi haietan Turkian hil ziren beste milaka guztien artekoak baino ez omen ziren.

Egia ezagutzen hasi eta ondoren aitortzeko ahaleginean, urrats garrantzizkoa joan den irailaren 23-25ean eman dute Istanbulgo Bilgi unibertsitate pribatuan. 1915 eta ondorengo gertakizunez eztabaidatzeko, joan den udaberrirako antolatu zuten biltzarra Bosforoko unibertsitate publikoan. Baina agintari eta komunikabideek egindako presio eta mehatxuen ondorioz, atzeratzen joan zen. Azkenean, irail bukaeran unibertsitate pribatu horretan bildu ziren hainbat historiagile, joera ezberdinetakoak.

Zenbait komunikabidek -Parisko L'Express eta Courrier International astekariek adibidez- biltzar horretaz egin dituzten kroniketan ikusten da eztabaida hasi baizik ez dela egin, eta gaia argitzeak luze joko duela. Alde guztiek dituzte gainera kexu izateko motiboak. Guri oso urruneko gauza egiten zaigun arren, esan dezakegu Inperio Otomanoaren hondoratzea ia atzo goizeko kontua dela. Haren arrasto beroak agertu ziren duela urte gutxi Balkanetako gerra odoltsuetan. Zipre uharteak bizi duen egoera korapilotsua hari lotuta dago. Milaka dira gaur Turkia den horretatik kanporatutako greziarren seme-alabak. Alderantziz berdin, Turkiako milaka herritar gaur Grezia edo Bulgaria diren lurraldeetatik ihesi joandakoen seme-alabak edo bilobak dira. Milioika herritarrek daramatzate soinean beren aiton-amonei egindako zaurien orbainak.

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
Nafarroako AHTko lanetan esklabotza egoerak daudela salatu du AHT Gelditu elkarteak

Nafarroan eraikitzen ari den tren lasterraren langileak esklabotza egoeran ari direla salatu du AHT Gelditu elkarteak Iruñean emandako prentsaurrekoan.


Trumpen eta fiskal demokraten arteko borrokak migratzaileen deportazioa oztopa dezake

AEBko John C. Coughenoiur epaileak onartu du Washington, Arizona, Illinois eta Oregon estatuek elkarrekin aurkeztutako helegitea, eta horren arabera atzera bota du Donal Trumpek AEBn jaiotako migratzaile ez legezkoen seme-alabak kanporatzeko dekretua.


2025-01-24 | Julene Flamarique
Genero indarkeriaren biktima den emakume baten eta haren bost alaba-semeen etxegabetzea salatu dute Burlatan

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, gizarte-zerbitzuek ez dute bestelako aukerarik eskaini, kaltetuak eskaera bat baino gehiago egin badu ere. “Legearen, erasotzailearen eta erakundeen aurrean” emakume horrek pairatzen duen erabateko babesgabetasuna... [+]


“Nazionalismo feminista da aukera bakarra”

Màtria o barbàrie (Angle Editorial) liburua aurkeztera etorri da Júlia Ojeda irakasle eta literatur kritikaria, Donostiako Emakumeen Etxera. Liburuan parte hartu duten 30 emakume katalanek matria eraikitzea proposatzen dute feminismo nazionalista ardatz... [+]


June Egino (GKS)
"Gerren ondorioz ezarritako austeritate politikek gogor kolpatzen dituzte langileak”

‘Gerraren eta faxismoaren aurka’ lelopean manifestazioa antolatu du Gazte Koordinadora Sozialistak larunbatean Iruñean eta Bilbon.


2025-01-24 | Sustatu
TeknoTrump albisteak: Oligarkekin bat, Stargate AA ekimena, eta TikTok luzapena

Donald Trumpen agintaldia hasi da politika atzerakoiak ezartzen woke edo DEI izan daitekeen guztiaren kontra, eta baita neurri teknologikoak iragarriz. Lehen unetik, karguaren zina egin zuenetik, teknologiako erraldoien buruak lehen lerroan egotea deigarria izan zen: bereziki... [+]


2025-01-24 | Gedar
Europako gastu militarra, eztabaidaren erdigunean Davosen

 Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak arrazoia eman dio Trumpi eta esan du "Europak inbertsio militarra handitu" behar duela.


Gehiegizko hizkuntz eskakizunak ditu Donostiako HAPOa idazteko kontratazio espedienteak, arkitektoen elkargoaren ustez

Arkitektoen elkargoaren helegitea dela eta, Donostiako Udalak atzera bota du kontratazio espedientea.


Lapurtarren Biltzarra ez dute ospatuko aurten

Antolatzaileek Biltzar Nagusian harturiko erabakia da: aurten ez dute Lapurtarren Biltzarrik antolatuko Uztaritzen. Motibazio eskasa da erabakiaren oinarrian dagoen arrazoia.


2025-01-24 | Euskal Irratiak
ELB sindikatuaren zerrendaburu Julen Perez
“Laborarientzako proiektu azkar bat dugu, Euskal Herriari itzulia dena”

Datorren astean Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeak ospatuko dira Ipar Euskal Herrian. Frantzia mailako FDSEA eta CR sindikatuez gain, ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna aurkezten da, "euskal laborarien defentsa" bermatzeko.


Ordoñezen hilketa, “Oldartzen” eta “Alternatiba demokratikoa”-ren testuinguruan

Ostegun honetan 30 urte bete dira ETAk Gregorio Ordoñez PPko Donostiako zinegotzia hil zuela. Hainbat arrazoirengatik euskal gizartean zirrara berezia sortu zuen atentatua izan zen. PPko eta PSOEko zinegotzien aurkako atentatuen atea ireki zuen.


Lanartearen gomendioak erakunde publikoei, beka eta sari sistema duina eta etikoa helburu

Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.


Eguneraketa berriak daude