argia.eus
INPRIMATU
Hitz bitan
2021eko uztailaren 19a

Josu Goikoetxearen hitzok jaso zituen Berriak: «Nori begira jarri behar ditugu gaiak? Bertsolariari begira, noski, baina gai jartzaileak ez du kontuan hartu behar zer entzulego daukan? (...) Txapelketa bertsolariak neurtzeko plaza dela ez dut hain argi. Jokoa edo jolasa da txapelketa? Jokoa bada, entzulea ere zaindu beharko dugu. Bata hobetsi gabe, eta bestea kaltetu gabe».

Raquel eta Fernando Beittu Art Galleryko arduradunak Deian: «Gertatu izan zaigu, behin baino gehiagotan, margolanaren prezioa zein den esatea eta lapurra deitzea aurpegira (...) Jende askok ez du ulertzen kolore nahaste horren atzean, marra lodi horien atzean... erabaki horien guztien atzean urte askotako lana dagoela, hausnarketa luzea. Osagile, fisikari edo kimikari bati ez zaio bere lana zalantzan ipintzen. Zergatik ezin da gauza bera pentsatu artistetaz?».

Arantxa Iurre Kontaizun: «Antzerkia oraingoz ez da euskal kulturaren parte, eta neurri batean ulertzekoa da bere egoera, hemen antzerki tradizioak 30 urte besterik ez baitauzka. Dirua banatzeko orduan horrek zera esan nahi du: musika eta gainerako kultur esparruek lehentasuna dutela. Nola jendeari antzerkia ez zaion interesatzen, ez digute kasu handirik egiten erakunde publikoek».