argia.eus
INPRIMATU
Osasuna: Isurketa goiztiarrari aurre egiteko pilula
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a

Itxura guztien arabera, isurtzaile goiztiarrek badute jadanik beren arazoa konponduko dien Viagra moduko pilula miresgarria. Botika berri honek isurketa edo eiakulazioa kontrolatzen laguntzen omen du, eta bere eraginez koitoaren iraupena hiru-lau aldiz luzatzeko aukera ematen omen dio gizonari. Eta horrek mesede izugarria egingo die, zalantzarik gabe, isurketa goiztiarrak jotako gizonezkoei -lautik bat omen dira, azken inkesten arabera-.
Duela gutxi bukatu duten ikerketaren datuek agerian uzten duten bezala, asaldu edo gaitz hori jasaten duten gizonezkoek beren sexu-harremanetan 1,8 minutu ematen dituzte batez beste; egoera normalean, aldiz, iraupena 7,3 minutukoa izan ohi da. Dapoxetina hidrokloruroa izeneko botika hori Prozac ezagunaren antzeko ekintza-mekanismoa duen antidepresiboa da: serotonina inhibitzeaz gain, isurketa kontrolatzen duen mekanismoari ere eragiten dio, aldartea aldaraztearekin batera.
Pilula koitoa egin baino 1-3 ordu lehenago hartzen da, eta bere egitekoa isurketa atzeratzea da. Orain arteko saiakeretan 18tik 77 urtera bitarteko 2.614 gizonezkok hartu dute parte eta beren arazoa ahazteko moduko ondorioak lortu dituzte. Sei hilabetez botika hartzen aritu ondoren, minutua egin aurretik agertzen zen isurketa hiru minutu eta 20 segundoko batez besteko epera atzeratzea lortu dute gehienek. Ikerketa handi hori Johnson & Johnson laborategi amerikar ezagunei lotuta dagoen talde baten gidaritzapean egin da, bikotekide egonkorra zuten gizonezko boluntarioekin, eta bere ondorioak ikusita -sexu-harremanen iraupena hiruzpalau aldiz luzatzea-, berandu baino lehen botika hori salmentara aterako dela pentsa dezakegu.