Rafa Diez, LABeko idazkari nagusia: «Aldaketa politiko eta sozialaren bidetik euskal estatuaren alde»
Mahairatu zaigun planteamendua handiguratsua da helburuetan eta, gainera, nekez lekutzen da eskatzen zaigun hedapen murriztailearekin egin beharreko lanean. Nolanahi ere, Euskal Herria murgilduta dagoen ziklo politiko berri honen ezaugarri behar duten edo behar luketen oinarrizko hainbat erreferentzia dagokien tokian ipini nahi nituzke.
Hasteko, egungo egoeraren ezaugarri orokorrei adituz, Euskal Herria dimentsio eta orientazio bikoitzeko pultsu politikoan sartuta dago, bete-betean. Batetik, sektore politiko, sindikal eta sozial garrantzitsuak bake eta aitorpen politikoko eszenatokia finkatzeko presio handia egiten ari dira: Euskal Herriaren aitorpenaren eszenatokia, indarreko erakunde esparrutik, eta herritarren borondateaz bestelako esku hartzerik gabe, trantsizio nazional eta demokratikoko prozesua gara dadin bermatuko duena.
Lizarra-Garazi garaietatik hona, gure Herria pultsua egiten ari da etorkizun klabean saihesterik ez dagoen bi erreferentziarekin: subjektu politikoa eta erabakitzeko eskubidea. "Listoi politiko" horrek ezin du baliorik galdu, ez eta Estatuen neurrirako erreformatan ahuldu ere, proiektu politikoen arteko eztabaida irekia eta aurretiazko hipotekarik gabea egitea baitagokio. Hau da, ez dago luzapenik "autogobernu", "erreforma autonomiko" ... eta halako kontzeptuetarako, eskubide demokratikodun subjektu izaerarik aitortzen ez digun Estatu unitarioaren ereduaren esparruan. Era berean, Ipar Euskal Herrian funtsezkoena ez da ea indarreko administrazioak herriaren aldarrikapen edo eskakizun jakin batzuei erantzuteko gai den ala ez, baizik eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, aitorpen nazionalaren oinarri gisa, beren euskal erakundeak izan ditzaten. Behin subjektua aitortuta, subjektuaren gainean beste eztabaida bat planteatuko da: botere administratibo edo politikoak zenbaterainokoa izan behar duen inguruko eztabaida. Baina ordena horretan izan behar du, bestela berriro sartuko baikara jakobinismo frantsesak nahi duen lur lohitsuan.
Bestalde, eta arestian esandakoaren aldi berean, eremu abertzaleak argi eta garbi zehaztu behar du zer jarrera daukan eta zein den bere eredua, politikoki eta juridikoki. Hegoaldean indarrean dauden estatutuak eta Ipar Euskal Herrian aplikatzen den administrazio eredua politikoki agortuta daude eta sozialki gainezka egin dute.
Euskal Herriko lurralde guztietako emakume eta gizonen borondatearen errespetuaren inguruan bat egiteak, besteak beste, EAJk eutsi ohi izan dien teoriaren eta praxiaren arteko bizikidetza ideologikoak gaindituko dituzten jarrera estrategikoak hartzera behartzen gaitu. "Erabakitzeko eskubidean" oinarrituta, indar politiko eta sindikal bakoitzak argitu behar du zein den bere "helmugako" geltokia, zein bere eredu estrategikoa maila politikoan eta sozialean eta, hartara, horren guztiaren ondoriozko aliantzak planteatu beharko ditu.
Independentzia, lagundutako subiranotasuna, federalismoa, autonomia... litezkeen aukerak dira, baina balizko gauzapenerako hipotekarik gabe, euskal sozietatearen borondatea demokratikoki zehaztu behar dute, Europako, nazioarteko testuinguruan, non gauza eta kontzeptu asko eta asko aldatzen ari den eta aldatzen segituko duen; zehaztu behar dute, bai, baina amarrurik gabe, jakina. Ezin da Baskongadetatik lagundutako subiranotasunik itundu, baldin eta lehenago Euskal Herriaren multzoan aukera hori ala beste edozein aukera hautatzeko subiranoak ez bagara.
Horregatik, egun sektore abertzale guztien ahotan dabilen "subiranotasun" kontzeptua ezin da eredu politikoaren gainean espekulatzeko beste "txikle" bat izan. Denoi dagokigu hautua egitea. Zer erabakitzeko eskubidetik abiatuko gara? Zertarako nahi dugu erabakitzeko eskubidea? Jarrera horiek argitu eta gero finkatu beharko ditugu aliantza sendoagoak, aliantza taktiko-estrategikoak maila askotan, baita maila sindikalean ere.
Termino politikoetan, testuinguru orokor honetatik erantzun beharko genioke egiten zaigun galderari. Nire ekarpena behinik behin, honainokoan erreferentzia eta ñabardura asko falta direla jabetzen naizen arren, jarrera edota analisi horietatik abiatuko da.
1. Sindikalismoa eta bilakaera ekonomiko eta sozialak kapitala-lana harremanetan
2005-2025 ziklo horretarako eredu ekonomiko eta sozialean norantz eta zelan joan behar den inguruko berariazko orientazioetara "lurreratu" baino lehen, ezinbestekoa da egitate sindikala egungo testuinguru sozio-ekonomikoan kokatzea eta, ondorioz, sindikalismo abertzaleak Euskal Herriaren eraikuntza nazional eta sozialaren prozesuan duen betekizuna bistaratzeko gai izatea.
1.1. Iraultza teknologikoa - Kapitala-lana harremanak - enpresen atomizazioa
Azkeneko hamarkadetan aurrerapen teknologikoek iraultza handia ekarri dute lan eta produkzio metodoetan, eta oso eragin handia izan dute klase konposizioan eta, ondorioz, sindikalismoan ere bai.
Lan indarraren garrantzia industrian eta sektore lehendarrean (meategiak, altzairuaren industria, nekazari klasikoak....) giltzarri diren produkzio zainetan kuantitatibo eta kualitatiboki murriztuz joateak, eta zerbitzuen sektoreak, enplegu motaren eta behar diren prestakuntzaren ezaugarri desberdinekin, ekonomian izandako igoera nabarmenak, erakunde sindikaletako militanteen eta koadroen konposizioa ere aldarazi dute, baita esku hartzeko modua eta ezaugarriak ere.
60 edo 70eko hamarkadetako sindikalismoa konposizioz eta indarrez meategi handietako, altzairutegietako, ontzioletako eta abarretako langileen eskuetan zegoen. Azkeneko urteotan, erakunde sindikalak, batez ere, industria zein zerbitzuen alorretako enpresa txiki eta ertain ugaritan atomizatuta dagoen produkzio sistemako langileak erakarri ditu.
Enpresen eta, ondorioz, klase borrokaren berariazko esparru bakoitzeko aniztasun edo atomizazio horrek boterea eta eragina galarazi dizkio sindikalismoari. Garai batean industria zentro honetan zein hartan piztu, beste enpresa batzuetara hedatu eta ezarritako agintaritzari egindako pultsu soziopolitiko bihurtzen ziren borroken ordez, orain oinarrian sakabanatuago eta goian burokratizatuago (sektoreen arteko elkarrizketa soziala botere politikoarekin) den ekintza sindikala dago.
Horri metaketa kapitalista, langabezia, pobrezia eta desberdintasun burtsa erraldoi modura sortuz joan diren ondoreak gehitu behar dizkiogu. Sozietate industrializatuetan, langabeek, printzipioz, klaseko eta ekonomi eta produkzio eredu horren erantzun sindikalismo baten funtsezko osagaia beharko lukete, sistemaren erreserbako ejertzito huts modura hartzea saihestuz. Baina ez da horrela izan. Aitzitik, sindikalismoa ez da langile sektore horiek klase borroka eta pultsu orokorrago baten parte modura barneratzeko gai izan. Sindikalismoaren higadura eragin du horrek, elkartasunik eza edo "landunen" erakundeak izatea leporatu zaiolarik.
Horrela, bada, aldaketa teknologikoei eta ekonomi eta produkzio sisteman dituzten ondoreei dagokienez, aldaketok ekintza sindikala atomizatu eta ahuldu dute, baita aldaketa sozial eta politikoko estrategian subjektu giltzarri gisa, interbentzio sozial eta ekonomikoan, integraltasuna galdu ere.
1.2. Neoliberalismoa eta klase sindikatua - klase subjektuaren atomizazioa
Iraultza teknologikoak, arestian esandako egokitzapen ezarengatik, mugimendu sindikalak klase borrokan atzera egitea ekarri badu, 90eko hamarkadan areagotu den ofentsiba neoliberalak (ideologikoa, kulturala...) sindikalismoaren galera hori areagotu du.
Ultraliberalismoak ekonomian dituen ondoreez gain (finantzetako kapitalaren nagusitasuna, Estatuen betekizun ekonomikoa ahultzea...), dotrina neoliberal horretatik lan merkatua desarautzeko sortu diren joerek sindikalismoari behin betiko kolpea eman nahi izan diote, eta oraindik ere horretan saiatzen ari dira.
Klase subjektuaren atomizazioa (langile finkoak, aldi baterakoak, autonomoak, langabeak, pentsiodunak...), lan malgutasunaren kontzeptua sartuz, eta lan harremanen indibidualizazioa bultzatuz, egitate sindikala patronalari (=kapitalari) erantzuteko bitarteko modura desaktibatzera bideratzen da.
Lan malgutasuna, enpresarien mozkinerako bitarteko gisa erabiltzeaz harantzago, sindikatu eta langileen erantzuna ahultzeko mekanismo bihurtzen da. Euskal Herrian langileen %30etik gora prekariotasunean ari dira, langabeak %9 dira; horrek guztiak ekintza sindikala mugatzen du, langileen segurtasunik eza enpresarien arma mediatiko bihurtzen baita.
Negoziazio kolektiboaren esparruan langileen sektore desberdinentzako akordioak finkatzeko joerak (lan baldintzen, antzinatasunaren eta abarren arabera), halaber, klase subjektua are gehiago zatikatu nahi du, lantokietan sindikalismoaren funtzionaltasuna baldintzatuz.
1.3. Eredu sindikalak
Arestian aipatutako joerak, nazioartean eta tokian-tokian dagoen kapitala-lana edo kapitalismoa-sozialismoa indar korrelazioaren ondorio dira, eta sindikatuen mundutik erantzun desberdinak izaten ari dira. Bestela esanda, olatu izugarri horren aurrean, dena kutsatzen duen pentsamendu bakar horren aurrean, sindikalismoa jarrera bereiztuak hartzen ari da. Eta horrek erakundeen eta mugimendu sindikalaren ezaugarriak bi eredu handitara biltzen ditu, baita Euskal Herrian ere:
a) Kudeaketako sindikalismoa
Herrialde askotan (Estatu Espainiarrean bezala) sindikalismoak okerrera egitearekin batera, buruzagitzako koadroetan iltzatutako porrotaren eta etsipenaren kontzepzioa ere etorri da; horrela, batzuk, beren erakundeen indar birtuala baliatuz, patronalarekin negoziatu, kudeatu eta halako dinamika antzuetan sartuz joan dira, klase borrokako beren ahulezia objektiboa handiagotuz.
Elkarrizketa soziala berezko helburu bihurtzea, sindikalismoak duen eragina oihartzun mediatiko eta komunikatiboaren mailarengatik neurtzea, ondo sustraituko den eta benetako indarra hartuko duen sindikalismo borrokalari eta berritzailea indartzearen kaltetan, zenbait sindikatu sistemako bizitza ofizial-instituzionaleko parte izatera eramaten ari dira; ez dira, ordea, orientazio edo neurri politiko eta ekonomikoen benetako baldintzatzaile edo kontra-botere bihurtzera bideratzen.
Laguntasunezko sindikalismo hori gero eta morrontza handiagoak sortzen ari zaizkie azkenean besterik egiteko aukerarik ez daukaten erakunde batzuei. Estatuarekin/Estatuekin dituzten lotura ekonomikoak, buruzagien finkapen burokratikoak, jarrera sindikalaren pixkanakako ahultze ideologikoa... arian-arian irensten dituen "ingurunezko" baldintzak ehunduz doaz.
b) Kontra-botereko sindikalismoa
Beste jarrera gogoeta erabat desberdinetatik abiatzen da. Batetik, atzeraka goazela jabetzen gara baina, hala ere, dinamika huts edota sindikatuak egituraz ahultzea jomuga duten joeretatik ihes egin behar dugu eta ekintza sindikalari eta esku hartze sozio-politikoari epe erdirako perfila eman behar diogu, gure erantzuna eta eskaintza aktibatzea eta langileria osoari zabaltzea lortuz.
Indartze hori bai aldarrikapenen planoan, korporatibismoaren atzaparretatik askatuz, eta langileriaren multzoaren arazo globalei erantzunez, bai erakunde sindikalen barruko dinamikan gauzatu behar da, lantokietan ekintza sindikalaren muskulua gogortuz (prestakuntza, indartze ideologikoa, erantzuteko metodo berriak). Alor honetan garrantzitsua da sindikatuen antolakuntza ereduari eta klase subjektuaren atomizazio horretara egokitzeari buruzko gogoeta, esku hartze ekonomikoa eta sindikala osotasunean bideratzera begira.
Beraz, sindikalismo honek perfil soziopolitikoa behar du, bai diskurtso globalean bai oinarrizko interbentzioan, ideologiarik bako eta "zerbitzu" hutseko ekintza sindikala saihestuz. Horregatik, elkarrizketa soziala gutxietsi gabe, sindikalismoaren ahaleginak biziraupen fisiko hutseko faktore bihurtzen duten parametroez bestelako batzuetan kokatu behar ditugu. Belaunaldi berriek nabaritu behar dute klase borroka, enpresetan borroka sindikala, aldaketa politiko eta sozialeko alternatibetan sartuta dagoen interbentzio ekonomiko eta soziopolitikoaren barruan daudela eta, beraz, sindikalismoak alternatiba eta aurrerapeneko bloke bateko atal erabakigarri izan behar du.
2. Euskal Sindikalismoa 2005-2025 zikloan
2.1. Independentzia: demokrazia politiko eta sozialaren aldeko aukera
Lehenik eta behin, sektore jakin batzuek langileen aurrean eta, oro har, sozietate osoaren aurrean berariazko interesekin manipulatzen dituzten kontzeptuzko auziak dagokien lekuan jarri behar dira. Esparru "espainolista" zein "jakobinoetatik" historikoki abertzaletasuna ideologia burges eta aldaketa soziopolitikoen aurkakotzat hartuz garaitu nahi izan badute, azken aldian, eremu abertzale horretatik ere, langileriaren gehiengoak babestutako aldaketaren eredu sozialarekin lotuta doan pentsamendu independentista legitimo bati ideologikoki uko egiteko tentazioa izan dute.
Subiranotasuna eta independentziaren aldeko bidea bakartzearekin edo ezegonkortasunezko abenturekin lotzeko interes hori, EAJko buruzagiek duela gutxi esandakoetan islatu dena, ezker abertzalearen jarrerei, "klase subjektua banatzen omen zutelako", elkartasunik bakoak, autarkikoak... izatea leporatzen zieten egitate nazionalaren inguruko hitzaldi sutsu haiekin lotzen da, antza.
Nire ustez, bi gogoeta ildoak, manipulazio ideologikoa izateaz gain, estrategikoki agortuta daude. Egun, eskuin abertzale bereko sektoreek, eta ezkerreko sektore askok ere, berriro kokatu behar dute, euskal, kataluniar, galiziar herrien subiranotasunaren aldeko eta, dimentsio handiagora jota, independentziaren aldeko borrokaren kapital demokratiko eta aldarazle izugarria baloratuz.
Horrela, bada, abertzaletasuna eta internazionalismoa ez dira kontraesaneko kontzeptuak. Norbere nazioa eraikitzea, nazio eta kultur nortasuna eraikitzea, eta beste herrialde batzuekin, bereziki hango langileekin eta herri xehearekin elkartasunez eta lankidetzaz aritzea, egingarria ez eze, ezker abertzalearen tradizio ideologikoaren parte ere bada.
Merkatuen gainetik, Europa barruan garapen eta azpigarapen muturrak sorrarazten baitituzte, ekonomia behar sozialen arabera kokatu behar da. Beraz, Euskal Herri subirano bateko emakume eta gizonek beste herrialde batzuetako herri mailako sektoreekin, berdintasunean eta elkartasunez, planifikatzeko ekonomi eta produkzio baliabideak izan behar dituzte, haien beharrizan ekonomiko, sozial eta kulturalak asetzeko.
Horregatik, eta utopikoa eman dezakeen arren, ziur nago badagoela gurea bezala azaleratzen ari diren nazio eremuetatik, beste logika ekonomiko desberdin bat ezartzea, berdintasunezkoagoa, auto-kudeaketa edo kudeaketa ekonomiko demokratikoko formetan oinarritutakoa, alegia.
2.2. Aldaketa soziopolitikoaren alde Euskal Estatu sozialistaren bidean
a) Estrategia nazionala
Subiranotasunaren eta independentziaren aldeko euskal prozesua ezin da euskal lurraldeen errealitate soziologiko eta kultural desberdinen mende zatikatu. Euskal Herria herri bat da, ez puzzle bat eta, herria izanik, erakunde abertzaleok barruko aniztasuna eta Euskal Herriak errealitate politiko eta instituzional gisa garapen globala izan dezan egoki konbinatuko dituen estrategia nazionala eduki behar dugu. Alde horretatik, 2005-2025 ziklo horri begira, eta lurralde desberdinetako indar korrelazioaren araberako gorabeherak izango dituen garapen juridiko eta politikoarekin batera, nazio erkidegoa izan ahal dezagun prozesua bermatuko duten nazio izaerako bitartekoak finkatu eta errotu behar ditugu.
Horrela, Udalbiltza, NGB edo Gaindegia euskal lurralde desberdinetan herritarren borondatetik sortuz doazen erakunde esparruekin bateragarri izan dadin estrategia nazionalera begira. Eta horretan, euskal sindikalismoak ezin du neutroa izan, nazio izaerako erakunde berriak eta, bereziki, arlo ekonomiko eta sozialarekin zerikusirik daukatenak dinamizatzen eragile aktiboa izan behar du.
b) Eredu politiko eta soziala - Alderdi ideologikoak
Lehenik eta behin, independentziaren aldeko euskal prozesuak eraikuntza nazionala eta soziala antolatu eta elkarlotu behar ditu, Euskal Herria erakunde politiko eta instituzional subirano gisa egituratzean bizitza kalitateko beren berariazko interesetarako aktibo eraginkorra ikusi behar duten sektore ez-abertzaleak integratzea erraztuz.
Espainolismoak eta sektore abertzale jakin batzuek inoiz edo behin euskal nazio egitasmoari "ongizatearen erregionalismoa" deritzonarekin erantzun nahi izan bazioten ere, abagune honetan sektore politiko, sindikal eta sozialek independentziaren zerumuga arlo politikoan eta sozialean demokratikoki sakontzean jarri behar dugu.
Alde horretatik, ezinbestekoa da LHEE (Lan Harremanen eta Babes Sozialaren Euskal Esparrua) eta EESE (Euskal Esparru Sozio-Ekonomikoa) euskal subiranotasuna, horretarako borondate politikoarekin, sozietatearen gehiengo handiaren aurrean estrategikoki legitimatuko duen espazio sozio-ekonomiko batera proiektatzea bermatuko duten bitarteko modura finka daitezen; subiranotasuna-independentzia aldaketa sozial aurrerakoira bideratu behar dugu, alegia.
Gainera, ageriko gai estrategiko bat ere badago. Egungo sozietateetan, estatuen betekizuna zelan bilakatzen den ikusiz, eta politika ekonomiko, militar, judizialak... eskuordetu edo partekatzen direneko egiturak sortzen direnez, estatuaren erreferentziarik garrantzitsuena asistentzia da herritar batentzat (langabezia sorospena, pentsioa...); hori desagertu edo ahulduko balitz, euskal independentismoak berehala beretuko lituzke espainolismoaren edo jakobinismoaren elementu "sinbolikoak"1. Beraz, botere politikoaren alderdi ekonomiko eta soziala giltzarria da independentziaren aldeko estrategia aurrera eramateko. Eta alderdi ekonomiko eta sozial hori gehiengo sozial langilearen babesarekin bideratu behar da.
c) Inmigrazioa eta prozesu politikoa
Euskal estatu bat beste edozein estaturen baldintza berdinetan sendotzera bideratzen den aldaketa soziopolitikoko prozesu batean oinarrizko gaiak lekutzean, aldagai berri bat ageri da gure analisian: inmigrazioa.
Azkeneko urteotan "globalizazioaren" aterkiaren pean garatzen diren esplotazio eta arpilatze ekonomikoko politiken migrazio ondoreak goraka doaz, etengabe, eta Euskal Herria ere inmigrazioaren harrera toki bihurtu da.
Demografikoki gutxi garenez, Madril eta Parisen politika oldarkorren hizkuntzaren eta kulturaren aldetik zaurgarri garenez, eta prozesu politikoaren garapenak berak migrazioa prozesuan barneratu beharrean gaude. Aztergai dugun epe honetan (2005-2025) immigrazioak gora egingo du, eta gaizki kudeatutako kultur mestizajea prozesu politikoaren multzoarentzat zama handia izateko baldintzak sortuko dira.
Ohartu behar dugu Euskal Herrian egunero-egunero sartzen direla "patera" isilak, etorkizunari lanarekin heldu nahi dioten eta gure herrian bizitza egonkorra aurkitu nahi duten emakume eta gizonez beteta. Euskal erakundeen aldetik inolako kudeaketa politikorik ez daukan fluxua da. Sindikalismotik gizon eta emakume horien eskubideak defendatzen ditugu, zenbait kasutan benetako esplotazio/esklabutza putzuak sortzen dituzten eskrupulurik gabeko enpresarien bazka izan ez daitezen.
Baina eskubideen defentsa horren aldi berean, erakundeek eta mugimendu abertzaleak, beren beregi, ezin dute defentsiban jarri, integrazio kultural eta sozialeko politika egokiekin garaiz esku hartzeko gai ez bagara, nazio eraikuntzarako geldigaitz bezain arriskutsua den errealitate honen aurrean. Eta horretan, berriro diot, ez da nahikoa gizon eta emakume horien eskubideez hitz egitea, euskal eremu kultural eta sozialean integratzeko orduan dituzten betebeharrez ere hitz egin behar baita.
Alde horretatik, ezinbestekoa da geure immigrazio estrategiari heltzeko ahalmen politikoa edukitzea. Euskal erakundeek izan behar dute pertsona horien erreferentea, eta ez unean uneko Gobernu Zibila, Hego Euskal Herriaren kasuan, Madrildik ezarritako immigrazio legearen harira. Halaber, nire ustez, sindikalismoak asko eman dezake eta asko eman behar du, langile horien eskubideen defentsatik, euskal subjektu sozial eta politikoarekin bat egin eta antola daitezen.
2.3. Eredu ekonomiko eta soziala nazio eraikuntzako prozesuan
a) Eredu orokorra.
Kontzeptuzko erreferentzia hauetatik, arlo politiko eta erakundezkoan forma eman behar zaio eredu sozialari independentziaren aldeko prozesuaren multzoak aurrera egingo badu. Arlo horretan, ezkerrak Sobiet Batasuna aitzindari izandako eredu sozialistaren "leherketaren ondorioz" jasan duen ahultze ideologikoa eta pisu politiko orokorraren galera aitortu behar ditugu. Horregatik eta neoliberalismoaren aurrerapenen ondorioz, duela 20-30 urte sozialdemokraziaren erreferentzia ziren aldarriak, erreformismo hutsa irizten genienak, egun ia "iraultzailetzat" jotzen dira. Eredu ekonomiko eta sozialaz oinarrizko produkzio sektoreen (energia, banka, industria sektoreak...) nazionalizazioen erreferentziekin hitz egitea, edo estatuaren botere ekonomiko eta soziala sendotzea planteatzea (politika sozialak, hezkuntza eta etxebizitzari buruzkoak, hedagarriak edo unibertsalak) dimentsio izugarriko pultsu bihurtzen da gaur indarrean dagoen egoeran.
Horregatik, Euskal Herritik ezin dugu gehiengo sozial alternatiboek landu eta abalatzen ez duten eredu itxirik, teorikorik... aurkeztu. Laborategi politiko-ideologikoa antzua da praxirik ezean eta, horrekin, arian-arian eta aurrera doa aldaketa eta berdintasun sozialeko norabidean.
Eta gogoeta honekin ez daukat, inola ere, eredu sozialista bati edo bere garapen komunista hipotetikoari uko egiteko asmorik, nire pentsamendu marxista irmotik erreferentzia izaten segitzen baitute; aldaketa politikoko prozesuak, nazioarteko egungo testuinguruan pixkana finkatuz joan behar direla jabetu nahi dut, pentsaezina baita sozietate industrializatuetan orduko urriaren 17koaren tankerako iraultzarik egiterik. Aldaketa prozesu horiek finkatzeko baina, gakoetako bat klase jarrerak indar ekonomiko jakin batzuen jazarpen eta eraispeneko estrategia etengabeen "kontrako ate" bihurtuko dituen partaidetzazko demokrazia bat bultzatuz sendotzea da.
Euskal Herrian ikuspegi orokor horrekin, gauden eszenatoki etsai eta basatiarekin ere, bere ezaugarridun eredu ekonomiko eta sozialaren inguruak eta edukiak marrazten utziko duten bitarteko, ekimen eta politikei forma emateko baldintzetan gaude. Horixe da Lan Harremanen eta Babes Sozialaren Euskal Esparrua (LHEE), Euskal Esparru Sozio-ekonomikoa (EESE) eta lurralde egituraketako estrategia bultzatzen ditugunean.
b) Lan Harremanen eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua
LHEE, lan eta sozietate alorrean erabakitzeko euskal esparrua, alegia, euskal langileriaren mugimenduaren benetako beharrizan eta kezkei lotuta doan eta aldaketa sozialetan aurrera egiteko beharrezkoa den aldarrikapena da. Euskal erakundeen eta beren eragile sozialen erabakiak eta akordioak errespetatzea da, kanpoko instantziei, estatu esparruko itunak zein Espainiako Konstituzio Auzitegiaren ebazpen judizialak izanagatik ere, erabaki eta akordio horiek urratzeko edo ez ezagutzeko biderik eman barik.
Aldarrikapen integratzailea da, inolako fronte eta bazterketa konnotaziorik gabe. Langileriaren gehiengoa prozesura sartu nahi dugu, beren atxikipena lortuz, LHEE bere klase interesen defentsari, eta Euskal Herriaren kohesio sozialerako laguntza hobea eta eraginkorragoa delako ziurtasunez.
LHEE horren barruan, Segurantza Sozialeko Euskal Erakundea egituratu beharko litzateke, babes sozialaren gaineko erabateko eskumen legegileak garatzeko, onuradunei prestazio duin eta nahikoak bermatuko dizkien segurantza sozialeko sistema publikoa antolatzera begira. Erakunde horrek bere finantzaketa baliabideak bildu, kudeatu eta administratzeko ahalmena eduki beharko du, berea eta autonomoa den kutxaren printzipioari eutsiz.
LHEEren oinarrizko beste zutoin bat Enplegu eta Prestakuntzako Euskal Erakundea sortzea litzateke, INEM euskal erakundeengana eskualdatuz, oso-osorik. Erakunde honek enpleguaren eta prestakuntzaren alorrari osotasunezko ikuspegi orokorretik helduko lioke, bai enplegua sustatu eta kudeatzearen aldetik, bai lanerako lanbide heziketako hemengo politikaren aldetik. Politika pasiboak, langabeziaren ondoriozko prestazio ekonomikoen aitorpena eta ordainketa ere Enplegu eta Prestakuntzarako Euskal Erakundearen zereginak lirateke.
- Negoziazio kolektiboa eta LHEE
Negoziazio kolektiboa, alderdien autonomia kolektiboaren printzipioaren adierazpen izanik, funtsezkoa da lan baldintzak hobetzeko, eta ekintza sindikalaren bitarteko nagusia ere bada. Ondorioz, Euskal Herrian negoziazio kolektiborako geure esparrua lortzea jomuga garrantzitsua dugu LHEE eratzeaz ari garenean.
Negoziazio kolektiboko euskal esparruaren aldeko apustua printzipio demokratikoetan oinarritzen da. Euskal sindikalismoak euskal langileen lan baldintzak erabateko berme juridikoekin negoziatzeko ahalmena eduki behar du, aldarrikapenetarako eta antolakuntzarako bere ahalmenaren mugak baino ez dituela.
c) Euskal Esparru Sozio-Ekonomikoa
EESE funtsezko bitartekoa da nazio eraikuntzako proiektu hau euskal sozietatearen multzoaren zerbitzura egin dadin beste indar sozial eta produkzio indarrik sortzeko. EESEk sindikatuen, sozietatearen eta erakundeen inplikazioa eskatzen du, helburu nagusia sistema ekonomikoaren eraginkortasun soziala duen garapen endogeno eta iraunkorreko eredua Euskal Herriaren esparruan eraikiko bada. ELBk "Laborantza Ganbara" abian jarriz ebaki duen bidea adibide pedagogikoa da sindikalismoarentzat eta mugimendu politiko osoarentzat.
Zer esan nahi du garapen endogeno eta iraunkorrak? Aukera eta gaitasun nahikoa izan behar dugula, geure errealitate ekonomiko eta sozialetik abiatuz, geure balioak eta independentzia politiko eta ekonomikoa galdu barik, aurrerapen teknologikoak baitaratzeko eta, gure subiranotasunetik, elkartasunean eta lankidetzan oinarritutako nazioarteko harreman berriei heltzeko.
EESE eraiki ahal izateko, Euskal Herriak Europako Batasuna osatzen duten estatuek duten eskumen maila berbera eduki behar du, ezinbestean, eta Europaren eraikuntzarako egungo politika ultraliberalaren biderapena errotik aldarazteko mugimendu herritar eta sozial zabala sorrarazi behar du.
Eskumenen mailaz gain, badago demografikoki txikia eta munduko ekonomiaren gorabeheren aurrean ahul den herri batentzat gogoan hartu beharreko oinarrizko beste kontu bat: euskal administrazio publikoaren dimentsio ekonomiko eta soziala. Euskal erakundeek inplikazio zuzena izan behar dute garapen ekonomikoan, sektore publikoa bere dimentsio guztietan indartuz: industria, energia, finantzak eta sozietate dimentsioetan.
"Euskal sepi" behar dugu, behingoan, bere partaidetzarekin gure ekonomiaren traktore diren enpresen (Acelor eta talde siderurgikoa, Ontziolak, Babcock...) ainguraketak finkatzen utziko duena. Tesi merkantilistak gaindituz, aurrezki kutxen inplikazioan herria eraikitzeko estrategian pibotatu behar duen "euskal sepi" bat, hain zuzen. Eta, ildo berean eta lehenago ere esan dugunez, euskal administrazioaren edo erakunde publikoen dimentsio soziala erabakigarria da aberastasuna banatu edo birbanatzeko politiketan aurrera egiteko.
d) Euskal Herriaren lurralde eta sozietate antolamendua
EESE artikulatzeko beste erronka handi bat politika publikoak zein esparrutan aplikatu behar diren eta zelan lor daitekeen jarduketa publikoak eta pribatuak estrategia koherentean bidera daitezen zehaztea da.
Lurralde antolamenduak jarduketen esparru geografiko politikoa euskal nazioaren lurraldetasuna dela onartzea eskatzen du; lurraldetasun hori egungo itxura juridiko politikotik harantzago, egungo administrazio egituretatik harantzago ulertu behar da, beraz. Lurralde eta sozietate antolamendurako plan orokorrari heldu behar diogu, lurraldea eta sozietatea elkarlotuta baitaude, bereiztezinki, kanpoko erreferente argiarekin, Europako erreferentearekin: Euskal Herria Europaren eraikuntzaren egitasmoan parte hartu nahi duen herri subiranoa da.
Erreferentzia honekin, euro-eskualde "sozio-ekonomiko" baten aldarrikapen taktikoa gogoeta gai izan liteke; mugaz haraindiko lankidetza deritzonean egun dauden aukerak baliatuz, eta Baiona, Iruñea eta Gasteizko erakundeek osatuta (Euskal Herria politikoa litzateke) barruko antolamendurako estrategia esparru eta Europarekiko solaskide izango litzatekeen euro eskualdea, hain zuzen.
Bestalde, lurralde eta sozietate antolamenduak Euskal Herriko lurraldearen berrantolatuz definitu behar den barruko osagai bat ere badauka. Oinarrizko integrazio sozialeko egituratzat hartuta, tokikotik abiatzen gara; oinarrizko egitura hori bere integrazio eta garapen egitasmoa burutzeko behar dituen bitartekoez hornitu behar dugu. Probintzietako jarduketa esparruak berregokitu behar dira, beren ezaugarri historikoak gordez, eta plangintza, erantzukizun partekatu, lankidetza eta elkartasuneneko espazio berria sortu behar da, euskal erakunde nazionalen bitartez.
2.4. Ekintza sindikala sozietate berria eraikitzeko
Ahalegin ugari egin dira aldaketa sozialaren aldeko ekintza sindikala garatzeko eta, alde horretatik, euskal sindikalismoa justizia sozialaren eta elkartasunaren aldeko borrokaren buruan jarri duten diskurtso berria eta enpleguaren eta bazterkeria sozialaren inguruko dinamikak artikulatu ditugu; alabaina, asko daukagu emateko oraindik, esku hartzeko bi dinamika handiren osagarri izan behar duen aldaketa soziala bultzatzeko.
- Politika ekonomikoak eta sozialak diseinatu eta ebaluatzeko garaian, solaskidetzako eta esku hartzeko maila erabakigarria irabazi behar dugu sindikalismoarentzat, gero eta aldarrikapen estrategia handiagoa garatuz, euskal herriaren eraketaren prozesuan legegintzarako erabateko ahalmenak eta politika horiek kudeatzeko bitartekoak sartzeko.
- Sindikalismoa legitimatu behar dugu oinarriko ekintza sindikalean, lan baldintzak hobetzen aurrera eginez, langileek enplegu, prekariotasun, lan osasun, bereizkeria eta abarretan dituzten aldarrikapenik berehalakoenak koherentzia eta irmotasunez baitaratuz (ikus eranskina); legitimazio horrek indar sozialen metaketa eta aktibazioa hedatuz joan dadin ahalbidetuko du eta, ondorioz, Euskal Estatu Sozialistaren bidean aldaketa politiko eta sozialaren aldeko pultsu orokorrerako sektoreak erakarriko ditugu.
ERANSKINA
Erabateko enpleguko sozietatea
1. Lana eta enplegua
Lan kontzeptua generikoki erabiltzen da desberdinak izan arren elkarrekin zerikusia daukaten hiru kategoria adierazteko: jarduketa, enplegua eta lana. Hala ere, lan kontzeptua soldatapeko lanari, hots, enpleguari lotu ohi zaio eta, horregatik, ez dira sozietatean egiten diren beste lan mota batzuk kontuan hartzen: lan soziala, lan boluntarioa eta, batez ere, sistema ekonomikoaren oinarrietako bat diren etxeko lanak.
Lanaren kontzepzio zabal eta anitza lan merkatuan garatzen den jarduketara, hau da, enplegura mugatzean terminoa sinplifikatzen da eta diskriminaziozko emaitzak ateratzen dira. Izan ere, lan merkatuan egiten ez diren jarduketa askori ez zaio balio sozio-ekonomikorik aitortzen, enplegu modura definitzen ez diren jarduketetan lan egiten duten pertsonak ez dira langiletzat hartzen. Merkatu ofizialetik kanpo egiten den lana kontabilitate sisteman ez sartzeak jarduketa horretan lortzen den aberastasunaren balioa kontuan ez hartzea, eta sektore sozial garrantzitsuek sortutako ekarpen ekonomikoa alde batera uztea dakar.
Bestalde, jarduketa, enplegu eta lan hitzen esanahia lan merkantilizatuan oinarritzeak langile gizonezkorik gehienen lan egoera aztertzeko balio lezake, baina ez emakumeena argitzeko, batetik, euskal emakume langileen gehiengoa lan merkatutik kanpo baitago eta, bestetik, barruan daudenek (gutxiengoa) etxeko lanen ardurak baldintzatuta lan egin behar dute.
Horren guztiaren aurrean, enpleguaren eta lanaren kontzeptuak zuzen zehaztu behar ditugu, zeren enpleguari ez eze sozietatean balioa eta ekarpen ekonomikoa sortzen duten modu guztiei balio sozio-ekonomikoa esleitzeak eredu sozial justuagoa eraikitzen aurrera egitea dakar. Testuinguru horretan ulertu behar dugu aberastasuna eta lana banatzearen aldarrikapena. Egiaztatu behar dugu, halaber, klase ikuspegi batetik, ezin dela aberastasun kontzeptua merkatu ofizialeko produkzio aldagaiekin soilik neurtzerik onartu.
2. Enplegua sortu eta lanaldia murrizteko politikak
Botere ekonomikoek eta patronalak formalki aldarri egin arren, ez daukate benetako inolako interesik lanpostuak sortzea helburu duen politika ekonomiko, sozial eta laboralik artikulatzeko; are gehiago, langabezia tasa altuak beren klase interesei mesede egiten die, fenomeno hori oso metodo indartsua baita langileak diziplinapean edukitzeko eta langileen soldata eskakizunak jaitsarazteko presionatzeko.
Errezeta neoliberalak, lan merkatuaren malgutasunean oinarrituta, oparoki aplikatu dira, baina enplegu egonkor eta kalitatezkoa sortzeko helburuak porrot izugarria izan dute, eta ez dira beharrezko kohesio soziala lortzeko gai izan. Hazkunde ekonomiko handiak, berez, ez du arazoa arintzen, goraldi garaietan arindu besterik ez du egiten.
Lanaldia 35 ordura murriztea erreferentzia dugu oraindik orain gure enplegu proposamenean. Enplegua sortzearen helburua bateragarria hori bezain garrantzitsuak diren beste helburu garrantzitsu batzuekin: bizitza eta lan kalitatea hobetzearekin, gizon eta emakumeek etxeko alorrean berdintasunez parte hartzearekin, edo lan osasuna hobetu eta arriskupean egotea murriztearekin. Sozietate eredu batekin zerikusia daukan gaiaz hitz egiten ari gara zeren, lan murrizketa zelan aplikatzen den arabera, bizitza sozial eta familiako bizitza hobetzen, etxeko zereginak, hezkuntza, astialdi eta kultura banatzeko bidean aurrera egitea egongo baita.
Enplegu egonkor eta kalitatezkoa
Egonkortasuna eta lan indarraren balorizazioa sozietate baten politika ekonomikoaren aukera definitzen duten funtsezko elementuak dira; lan baldintzak desarautzearen eta soldata baxuen arabera ekonomia lehiakorraren aldeko aukera, edo produktuaren kalitatean, aniztasunean eta lan indarraren kualifikazioan oinarritutako ekonomia baten aldeko aukera.
Prekariotasuna, era berean, sindikalismoak lantokietan duen kontratuzko boterearen kontrako bitarteko mediatiko bihurtu da eta, hartara, ezinbestekoa da prekariotasunak lan harremanetan eragiten duen egiturazko garrantziari koherentziaz erantzutea.
Lan prekariotasunaren kontrako borroka eta, beraz, lan indarraren kualifikazioaren eta egonkortasunaren aldeko aldarria sindikatuen aldarrikapena izan ez eze, nazioartean kohesio eta egonkortasun handiagoko produkziozko euskal eredua atontzeko aukerarik errealistena ere bada.
Euskal sozietatearen elkartasunezko eredua
1. Aberastasuna banatzea eta soldata soziala
Merkatu harremanetatik kanpo egiten diren jarduketa sozialki baliagarriak, hala nola, etxeko zereginak, kontuan hartu behar dira lan banaketaz hitz egiten denean. Lana enpleguarekin nahasteak emakumerik gehienen mendekotasun sozialari eutsi ez eze, benetako arazoari behatzea ere eragozten du, arazoa lan banaketa baino gehiago produktu sozialaren banaketa baita.
Lan banaketa bezala aldarrikatzen dugu aberastasunaren banaketa. Banatzeak kapitalaren errentak zergapetuko dituzten zerga neurriak hartzea dakar. Aberastasuna sortzea baino arazo handiagoa da aberastasun hori bidegabeki banatuta egotea.
Garapen ereduak, lanaldia murriztea ahalbidetzeaz gain, soldata soziala edo esleipen unibertsala eman behar du, beste baliabiderik ezean, erkidegoko kide guztiek duintasunez biziraun ahal izan dezaten.
Soldata sozialak, enplegua sortu eta lana banatzeko estrategiaren barruan, baztertutako pertsonen kohesio soziala sortzen du, soldatapeko pertsonen eta patronalaren arteko indar erlazioa aldarazten laguntzen du, aberastasuna oreka handiagoz birbanatzera behartuz. Bitarteko eraginkorra da lan prekariotasunaren kontra borrokatzeko, eta logika sozial eta politikoa indartzen du, logika ekonomikoaren aurrean.
2. Prestazioak eta zerbitzu sozialak
Herrialderik garatuenetan, segurantza sozialeko sistemak babes sozialeko dispositibo publikoaren atal bat dira; babes sozialean osasun artapena, soldataren ordezko prestazio ekonomikoak, langabeziarengatiko prestazioak, zerbitzu sozialak, familiaren eta ahalmen urrituen, zaharren eta sistema kapitalistak baztertutako beste sektore batzuen babesa sartzen dira.
Segurantza Sozialeko sistemak banaketa unibertsal, publiko, erabat demokratiko eta partaidetzazkoa izan behar du. Segurantza Sozialeko euskal sistema, prestazioen eta zerbitzu sozialen unibertsalizazioa bermatuko duena artikulatzeak oso lotuta joan behar du zerga erreforma aurrerakoiarekin eta gastu publiko birbanatzezkoaren banaketa nabarmen desberdinarekin.
3. Bazterketa eta ekintza sindikala
Ideologia neoliberala saiatu da enplegurik bako pertsona jasaten duen bazterketaren errudun delako ideia nagusi dadin. Baina bazterketa ez da aukera pertsonala, balio eskala jakin baten, antolaketa sozialeko eredu baten eta sistemak ezartzen dituen produkzio harremanen ondorioz sortzen da.
Pertsona bat lan merkatutik baztertzen dutenean, isolatuta geratzen hasten da, harremanak murrizten ditu eta motibazio gutxiago jasotzen du, zergatik eta zertarako bizi den ez jakiteraino. Sozietatearekin dituen loturetan indartsuena, ordainpeko lana, ez daukanean, sozietateak beste esparru kolektibo batzuetan parte hartzeko egoki ikusten ez duela ohartzen da, eta pertsonaren partaidetza eta aldarrikapen gaitasuna baldintzatuta gertatzen dira.
Egoera horretan, antolakuntza aukerak murrizten dira, bereziki asistentzia zerbitzuen oso mende dauden sozietateko talderik ahul eta behartsuenentzat, beren helburu nagusia biziraupena baita. Beste pertsona batzuen laguntzarik ez izateak eta produkzio sistemara egokitzerik ez izateak defentsarik gabeko egoera sortzen du pertsona horiengan, baita men egitera eramaten dituen pertsonaren baliogabetzea ere.
Bazterketaren kontrako borrokak herritar guztiek baztertutako pertsonen integrazio sozialaren aldeko lanean parte har dezaten eskatzen du, baina garrantzitsuena baztertutako pertsonak sozietatera baitaratzeko bere prozesuaren definizioan eta garapenean parte har dezan izan behar da