argia.eus
INPRIMATU
Deslokalizazioei bai
Xipri Arbelbide 2021eko uztailaren 28a
Bazterrak harrotu omen ditut, deslokalizazioen alde nintzela idatzi dudalarik. Erreakzionario antisozial bat naizela entzun dut. Hori erran didanari galdetu diot ea protestatu ote zuen Michelinek deslokalizatu zuelarik Clermont Ferrand-etik Lasarte-Oria eta Gasteizera. Wolkswagenek eta Mercedesek Alemaniatik Iruñea eta Gasteizera. Daewok Koreatik Arabarat. Ez dut erantzunik izan.

Bestentzat egin legeak bakoitzak beretzat ere ez onesteak ez baitu baliorik niretzat, nire hartan nago: deslokalizazioen alde. Ez dut ikusten zergatik bortxatuak litezkeen arabiarrak, beltzak edo indioak hona etortzera lan bila. Zergatik eraikitzen diren lantegiak langilerik ez dagoen herrian. Zergatik ez eraiki haien herrietan Michelin, Wolkswagen, Mercedes eta Daeworen lantegiak? "Lana herrian" oihukatzen zen berriki arte manifestaldietan.

Iparraldean ere badugu inmigrazioa. Ez Maroko edo Perutik, baina Paris edo Frantzia behere horietarik. Urtean 5.000ko bat sartzen da hemen, batzuk erretiroa hartzeko, baina besteak, urte oroz 1.200 bat, hartzen ez ditugun lanpostuen betetzeko… langilerik aski ez delakotz hemen. Sortze baino heriotza gehiago bada -urtean 450 bat- eta desagertzen den baino 750 bat lanpostu gehiago sortzen da. Gure arduradunek sinetsiarazi nahi digute lanpostuak falta direla, lanpostuak sortu behar ditugula. Ez digute erraten norentzat... Gauza segurra, ez dela euskaldunentzat.

Ba ote dakizue hemen garapen handiena daukan ofizioa, inmobiliarioa dela? Etxe saltzaileena. %500ez hazi da 10 urtez! 280 ziren 1990ean. 1.682, 1999an. Garapena oraino handiagoa da azken sei urte hauetan. Gure herria saltzen ari dute eta euskaldunentzat ez da gehiago tokirik hemen! Banku batetako arduradunak erran dit behin, euskaldunek Landesetara joan beharko dutela etxea egitera lurraren prezioarengatik. Hots, bigarren deportazio bat Landesetara, 1792an Cavaignacek egin hura baino molde "zibilizatuagoan".

Zergatik? Hona etortzen diren jende horiek denek nonbait bizi behar dute. Etxe berriak eraiki behar dira. Gero eta gehiago etxe berri. Eta lurra gero eta garestiago da. Hamar urtez egoitzen kopurua %15,2z emendatu da: 127.000tatik 146.000tara pasatu da. Joan den urtean Hazparne aldean, metroa 25 eurotan negoziatzen ari zen etxe lur bat, egunetik biharamunera 50etara pasatu da, inmobiliarioek eskutan hartu duten puntutik.

Ondorioz, etxe-lurrek (eta etxeek) gaitzeko punpea egin dute denetan.

Orain arte, haurren artean ondorengoa partekatzean, aita-amek etxe lur bat ematen zieten laborantzan gelditzen ez ziren haurrei. Etxean gelditzen zena, nekazaritzatik bizi zitekeen. Horren egitea debekatzen die orain legeak. Etxetik kanpo erosi behar dute lurra etxe bat egin nahi baldin badute. Eta bikote baten soldatarekin ez daiteke etxe berririk egin: lurrak berak etxeak bezainbat balio du. Bertzalde, sortetxean geldituko den haurrak ez die, nehondik ere, etxe-ondoak gaur egun hartu duen balioaren beren partea ematen ahalko. Iparraldeko etxeak salduko dira emeki-emeki, nonbaitik jinikako ingeniari, mediku, lantegi zuzendari eta horrelakoei. Euskal Herria euskaldunez hustuko da.

Horra zertaratzen gaituen gure adituek asmatu "garapenak".

Ez aipa euskararik. Urtean 5.000 kanpotar sartzen baldin bada Iparraldean -hamar urtez 50.000, hemen gauden euskaradunen kopurua- euskara itoa izanen da urte laburrik barne.

Garapena eta ekonomia, gaurko jainko berrien izenean den ber, nor menturatuko da "dogma" hori dudan eta zalantzan ematera? Ez dela oso baikorra erratera, alegia?