Leia Nafarroa Beherean barrena eraiki nahi duten 2x2 autobidearen aurka antolatu zen, 1998an. Garai hura oroitarazi digu Daniel Olzomendik: «Haste-hastetik Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko presidente Jean-Jacques Lasserrek ‘ez da autobide bat eginen’ erran zuen. Nafarroako lehendakari Miguel Sanzek, aldiz, baietz zioen. Azkenik, beren asmoa argi eta garbi dago: bietan biko errepidea egitea. Leia errepide horren kontrako mugimendu gisa sortu zen».
Oroit dezagun amiñi bat gehiago garai hura.
Pirinioen gaindiko azpiegituren proiektu zabalaren barnean, zazpi pasabide posible egiteko aurreikusiak ziren. Autobide posiblearen aurkako lehen bi manifestazioak 1999an izan ziren. Kontseilu Nagusiak «lasai, ez da autobiderik izanen" erran ondoren, proiektua isil-isilik gelditu zen bizpahiru urtez. Ez zuten garbi mintzatzen, ordea. Alta, Orreagan egindako bilkura batean, Nafarroako Gobernuko Alvaro Miranda Garraio Saileko kontseilariarekin batera 2x2 delako errepide proiektua aurkeztu zuten. Mirandak "Nafarroako Gobernuaren proiektua Iruñea-Donostia lotzen duen A-15 bezalakoa da» erranez, trenkatu zuen afera. Hemengo hautetsiak orduan ohartu ziren gibel-asmo bat bazela eta hasi ziren mugitzen. Agintarien asmoak ikusirik hautetsien kolektiboa sortu da berriki. Ordura arte hemengo jende askok ez zuen sinesten 2x2 errepidea eginen zela.
Azken manifestazioa Bidaxunen izan da. Zer balorazio egin duzue?
Balorazio izugarri ona. 3.300 lagun mugitu dira, laugarren aldikoz mugitu ere. Normalki jendea akitzen baita manifestazioz manifestazio ibiltzen, baina, afera honetan jendeak mugitzen segitzen du. Hauen artean badira manifestazio batera inoiz joan ez direnak, laborariak bereziki. Leia inguruko mugimendua azkatu eta zabaltzen ari da.
Proiektuaren aurkako hautetsien kolektiboa sortu dela erran duzu.
Baiki. Ni Izpurako hautetsia naiz eta barnean nago. Lehen aldikoz hautetsi asko mugimendu sozial batean biltzen ari da, nagusiarenganako itzulikatu dira "ez gira ados" erraiteko. Gainera, sekula mugitzen ez zen jendeak bere desadostasuna agertu du. Errate baterako, Barthélèmy Agerre kontseilari nagusiak Ainhize-Monjolesen proiektua aurkeztu zuenean 100 jendek oztopatu zioten bilkura egitea. Eta herritar hauek ez ziren Leiaren izenean bildu, beren gisara joan ziren. Agintari horiek kontrakoa erran arren Leiak ez du etiketa politikorik.
Azpijokoaren aurkako borroka ere egin behar duzue, beraz.
Bistan da. Jean-Jacques Lasserre eta Barthélèmy Agerrek Leia kolektibo politiko gisara azaltzen dute. Baina Leiak ez du kolore politikorik, Baxenabarreko jendeak osatua da. Herritarrak aspaldi ohartu dira ez garela alderdien interesen alde ari, tokiko jendearen interesen alde baizik. Gainera, guk ez dugu «bidea hemen ez, eta haratago bai» erraiten, kamioientzako errepiderik ez dugula behar baizik.
Errepidearen ezaugarriak ezagutzen al dituzue?
Barthélèmy Agerre -Mazaud teknikariarekin batera- gisa bateko proiektua ezagutarazten ari da herriz herri. Hastapeneko trazatua dela diote, ez dela definitiboa, aldatzen ahal dela... Adibidez, nik ez dut Arnegi-Luzaidetik pasako den errepidearen trazatua ezagutzen. Tokian tokiko hautetsiek berea ezagutzen dute. Proiektuan badaude zati beltz batzuk, arazo handiak ekartzen dituztenak. Donibane Garazi, Uharte Hirin, Lakarran edota Larzabalen saihesbideak egin behar dira, eta proiektua baliatu nahi dute herri horietako saihesbideak egiteko.
Proiektua haien aldera eramateko eta hautetsien iritzia aldarazteko amarruak badituztela, alegia.
Hain justu! Gu ez gara, saihesbideak egitearen aurka. Lasserrek eta Agerrek, berriz, hautetsiak beren aldera eraman nahi dituzte saihesbideen beharren estakuruan. Orain hogei urte beharrezko ziren saihesbideak orain eginen omen dituzte. Orduan ez zituzten egin eta orain horiek egiteko aukera bakarra 2x2 errepide proiektua dela sinetsiarazi nahi dute.
Guk dagoen errepidea ondo apailatua izan dadin eskatzen dugu, behar diren saihesbideak egin ditzaten. Baina ez diezaien hautetsiei 2x2 errepide proiektua inposatu saihesbide hauen aitzakian. Agintariek, saihesbidearen beharraren aitzakian, proiektuaren alde sina dezaten behartu nahi dituzte hautetsiak.
Oro har, zein da errepide horren aurkako Leiaren argudioa?
Argudioa gure ekonomiaren hiru zutabetan oinarritzen da: laborantza, artisautza eta turismoan. Gure laborantza tipia eta kalitatekoa da, beraz, ez du horrelako errepideren beharrik. Turismoa maila apalekoa da, ez da masiboa. Artisautza ez da industria handia. Beraz, autobide hori zertarako? Ez dugu Baxenabarreko bailarak zeharkatuko lituzkeen errepide hori behar. Errepide horrek ez du Arnegitik Biarnoko Saliseraino bitartean deus ekarriko.
Errepidea zein lur eremutan gaindi pasa daitekeen badakizue?
Ez. Agerrek kaltetutako laborariei ordezko lur eremuak emanen zaizkiela dio. Nongo lur eremuak? Hori Bidaxunen egin daiteke, gazteak ez baitira laborantzan plantatzen, baina Oztibarre edo Garazin hektarea bat libratzen delarik, bederen bost erosle dira. Agerrek zozokeri handiak erraiten ditu. Adibidez, traktoreak errepide berritik joanen ote diren galdeturik: "Ez, traktoreentzako beste bide bat izanen da", erraiten du. Hirugarren bide bat? Nondik? Agerrek ez daki deus, Lasserrek agindutakoa besterik ez daki. Proiektua politikoki inposatu nahi dute, gero nahi dutena egiteko. Eta bien bitartean gezurrak erraiten dituzte.
Hala nola...
1998ko Kontseilu Nagusiaren eta Nafarroako Gobernuaren txostenak 2015ean eguneko 4.500 kamioi pasako zirela zioen. Azken txostenak, berriz, «1.600 kamioi» dio. Lehen ikerketak 300.000 euro kostatu zuen, bigarrenak 2.000.000 euro. Ikerketak kariotzen ari dira eta kamioen kopurua tipitzen. Halaber, Garazitik Iruñera joateko 35 minutu beharko omen dira eta Donapaleutik Iruñera 45 minutu. Donapaleutik Garazirako 30 kilometroak 10 minututan eginen ditugu, orduko 180 abiaduran. Zer-nahi gezur sakatzen dute aldiro. Oposizioa populu tipiak sostengatua dela diote. Guk, berriz, populuaren iritzia errespetatu behar dutela diogu. Orain arte, populuak Lasserrek eta Agerrek erraten zutena sinesten zuen eta orain ez. Eta ezin dute hori irentsi.
Agerrek errepidea eginen dela dio.
Horrela dio, baina ez da abil-abila. PCD (Herrien Garapenerako Proiektuak) delakoetan gizarte zibilak parte hartzen du. Beraietan herrietako komite sindikalak eta garapen batzordeak daude. Hautetsiak ere bertan ari dira lanean. Errepide proiektu hau PCD proiektuen aurka doala deliberatu dute jada tokian tokiko herri kolektibitateek. Proiektuaren aurkako bozak irabazi du, baina Lasserrek ez du bozka errespetatu nahi. Agintariek proiektua Baxenabarreko CDL (Herrietako Garapen Batzordeak) delakoen aitzinean aurkeztu behar dute urrian. CDL delakoek proiektuaren aurkezpena eragile guztien (200 pertsona) aitzinean izan dadin nahi dute. Michel Bergouignan presidenteak proiektua denen aitzinean aurkeztu behar dutela berretsi du. Lasserrek eta Agerrek, ordea, 40 lagunen aitzinean baino ez dute aurkeztu nahi. Demokrazia hitza aipatzen dute, baina errespetatu ez.
Proiektua zein unean dago?
Proiektua aitzina eramateko lau urrats eman behar dituzte instituzioek. Lehenik, dokumentu teknikoa bukatu behar dute. Bigarrenik, Kontseilu Nagusiak bozkatu behar du. Adostu, bozkatu eta onartu edo errefuxatu. Oraindik ere lehen urratsean daude, eta hori ere jendeari ezkutatu nahi diote. Alegia, Kontseilu Nagusiko 52 kontseilarien bozketak proiektua gibelera bota dezake.
Proiektu honen antzekorik izan al da Pirinioetan?
Bai, Somporteko proiektua. Proiektu haren aurka borrokatu zutenek "ez saiatu afera juridikoki irabazten, politikoki baizik" gomendatu digute. Hots, ez badugu afera politikoki irabazten haste-hastetik, gero Estatua eta administrazioa auzitan gailenduko dira. Instituzioen hirugarren urratsa DUP txostena (Erabilpen Publikoko Onarpena) bozkatzeko unea da. Somporteko errepide proiektuaren aurkariek txosten hori gibelera bota zuten, baina administrazioak beste bat antolatu zuen. Estatuak lege eremuan nahi beste jukutria erabiltzen du bere proiektuak aurrera eramateko.
Proiektua ekonomikoaz gain politikoa ere bada.
Bistan da. Nafarroako Gobernuak eta Miguel Sanz presidenteak beren errepidea nahi dute, Nafarroa Garaia Frantzia eta Europarekin lotuko dituen autobidea, beren ekonomia indartzeko finean. Sanzek ez du Nafarroako garraioa Euskal Autonomia Erkidegotik pasa dadila nahi, bere independentzia nahi du. Portugal, Andaluzia edota Madriletik heldu den trafikoa Baxenabarren gaindi pasarazi nahi du. Iruñea ikusten du Bilbo, Bartzelona eta Bordele hirien arteko erdigunea. Sanzek ez ditu alta, Biarno (Salise) ez Baxenabarre (Donibane Garazi) aipatzen ez ikusten.
Azkenik, demagun agintariek erreferenduma proposatzen dutela afera trenkatzeko.
Guk jendea proiektuaren kontra agertu dela diogu, eta kito! Gainera ez da gure eskualdeko afera bezala ikusi behar, orokorki ikusi behar da. Akitaniako Alain Rousset presidenteak trenbidearen aldeko proiektuak hobesten ditu. Hemengo hautetsiek jendearen lana eta nahia berretsi dute, beheko jendea mobilizatzen bada, goiko agintariek amore eman beharko dute. Mugimendua azkar dago eta Paueko Kontseilu Nagusian ezin dutela haiek nahi duten politika inposatu pentsatu behar dute. PCD delakoetan jendeak parte hartzen du, ekonomiaren garapenaz interesa daukalako. Beste gauza dira politikarien interesak. Guk lau manifestazio antolatu ditugu, 15.500 sinadura bildu ditugu, eta urriaren 12an berriz ere Larzabalen manifestatuko gara. Baxenabarrek proiektuari ezetz erran dio, ez dugu erreferendumaren beharrik.