Dabilenari
ertatzen zaio. Bat baino gehiago harritu egiten da bertsolariok, darabilgun martxa ibilita, istripu gutxi izaten dugulako. Boladak izango dira. Aurtengo udan, bi asteren epean, hiru talka izan dituzte hiru bertsolarik, hiru susto, ondorio larririk gabeak. Istripuak eta alkohola hain loturik doazen garaiotan, bada beste datu harrigarri bat ere: hiruak haranzkoan eta baraurik hartutako kolpeak izan ziren, gidatzeko orduan likidorik arriskutsuena, errepideko ura dela frogatuz. Istripuak istripu, Anjel Lertxundiri berba ostuz, bertsolariok gehien izutzen gaituena, "hitztripua" da, poto nabarmena, hanka-luze ez-ustekoa, hanka-motz erkina... Orbaina sendagaitzagoak uzten ditu hitztripuak istripu soilak baino.
Itsas-bazterrean
Iraila estropada sasoia da. Traineruak iraileko bi aste bururen zain egoten dira urtean zehar. Kasualitatez, guretzat ere itsasbazter garaia izaten da iraila: Mutriku, Lekeitio, Bermeo… Gustura joaten gara, oro har, itsas-herrietara. Ez dakit zergatik, baina entzulea esker-hobekoa da, ase-errazagoa, beroagoa. Bazuen Amurizak teoria bat, itsas-herrietan bertsolari gutxi sortu izana arrazoitzeko. Ontzian leku gutxi dago. Behin portutik irtenez gero, lehorreratu arte ez dago pertsona bat bestearengandik urruntzerik. Ez da komeni berez sortzen den baino driska handiagorik sortzea, putzua baita ihesbide bakar. Ondorioz, ontzian elkarri xioka hastea baino hobe da isilik egon edota kantuan ekitea. Eta hori bai, itsas-herrietan gizonezko kantari bikainak -abesbatza, otxote eta abar- asko aurkituko dituzu.
Lehorrean
Kontxako estropaden bigarren jardunaldia barrueneko herri batean egokitu zitzaigun. Arrasateko Uribarri auzoan. Etxe-tarte batean zegoen oholtza eta bertatik ekin behar genion eguerdiko hamabi t'erdietan. Baziren inguruan tabernak, eta lehen tanda telebistaz ikusi ahal izan genuen. Segundo gutxiren aldea onenen artean, itsasoa... iristeko zegoen onena. Bigarrena hastearekin ordea, oholtzara deitu ziguten. Kantuan hasi ginen Ekaitz Goikoetxea eta biok, Astillero, Castro edo akaso Hondarribia garaile izango zela sinetsita. Librean utzi gintuztenean horixe izan genuen aipagai. Halako batean, ohartu nintzen adiskide batek imintzioak egiten zizkigula entzuleen artetik. Ahalegindu nintzen baina ez nion esan nahi zuenaren taxurik hartzen. "Ez zela ongi entzuten?". " Saioa laburtzeko, aspergarri samarra zihoala eta?". "Puntutan hasteko?". Etsita, ulertu ezinik, adiskideari ez begiratzea erabaki nuen. Oholtzatik jaitsi orduko eman zidan azalpen borobila: "Ez al huen ulertzen? Esaten nian ba, Pedreñak irabazi duela!". Joan den hilabetea eman dut "Pedreñak irabazi du" zeinuz nola esaten den asmatu nahian.
Ezjakinarena
Joxerra Etxebarriak Berrian argitaratu zuen berria, eta orduz geroztik asko etorri zait galdezka. Zer moduz Nobel Saridunek gaiak jarrita bertsotan? Ondo... Pedro Migel Etxenikeren nahia eta gutizia izan zen. Einsteinen heriotzaren berrogeitamargarren urtemuga zela-eta Donostian jardunaldiak antolatu zituzten. Jende handia etorri zen asko, eta handi-jende gutxi. Tartean ziren sei Nobel Saridun. Pedro Migelek euskal kulturaren berezitasunak azaldu nahi eta bertsolaritzari buruz ingelesez egindako bideo labur baten ondoren, Xabier Paia eta biok atera gintuen afalgunera, nahi zuenak nahi zuen gaia ipini eta nik bertsoak bota eta Xabik itzul zitzan. Hainbestean moldatu ginen. Inprobisatzeko, alde handia da norbere talaia zein den aldez aurretik jakitea. Aski nuen, ezagutzen ez nuen gaien aurrean, xalo, eta ahal bazen graziaz, nire ezjakintasuna agertzearekin. Plazatan ere konturatu naiz entzuleak estimu handitan duela jarrera hori. Egia baita esaerak dioena: " Jakinduriak mugak ditu; ezjakintasunak ez". Bigarren sailekoa izateak abantaila handiak dakartza.
Oscar Zuloaga
Uribe du bigarren deitura. Irailean Euskal Herrian izan da emaztearekin batera. Veracruzen ezagutu genuen, duela bederatzi urte eta ordutik ez genuen bere berririk izan. Inprobisatzaile beltzaranarekin konfidantza dexente lortu genuen itsasoaz harantz elkar ezagutu genuen aste hartan. Kolonbiarrari xano egin nion galdera, bion artean botila bat tekila kondartu ondoren: "Zer zenituen, arbasoak euskaldunak?". Ezetz erantzun zidan. Arbasoen jabeak zirela euskaldun eta haiei zor zizkiela deiturak. Hurrengo egunean inprobisazio saioa genuen eta une hartatik banekien zein doinu ez nuen aukeratuko: "Euskaldunok ez dugu munduan parerik".
Prentsa arroxa
Gurean ez dela horrelakorik eta lasaiago sentitzeko joera dugu. Bada dioenik, normalkuntza seinale litzatekeela auzo-herriek dutenaren jabe izatea, baina utikan normalkuntzak, normalkuntza hori bada. Kontuak kontu, bertsolariok bagara herri-mihiztoaren jomuga, eta herri guztietan da "Mariaventanasen" bat gizonezko zein andrezko. Mutrikuko jaialdian, bukaera aldera, gai-jartzaileak mikrofonora deitu ninduen. Eta pare bat ordu lehenago Zumaiako talaso-zentroan zegoenaren papera eman zidan. Entzuleentzat balizko gaia zatekeen; nik banekien egia zela. Behin joango eta… harrapatu egin ninduen norbaitek! Eskerrak bezperan ez ninduten ikusi herriko Euskal Jaietan! Uretan sartuta baino bustiago nenbilen...
Txapelketa
Hasi da, eta gaitzerdi. Medikuaren kontsultaren antzekoa da: gero ez da hainbesterako izaten baina zain zauden garaian, batik bat ondokoa "zerdaukazuka" hasten delarik, atorrantea gertatzen da. Badu diruaren terrajea: beti da mintzagai, nahiz oso garrantzitsutzat hartzea ez dagoen hain ongi ikusia. Udazkena dirudi: malenkoniak jotzen du bere menpe jartzen dena. Bikotekidea ematen du: nahi edo nahi ez, gauero zurekin lotaratzen da. Konparaketak »eta kanporaketak» mila egin daitezke. Nik, oraingoz, egungo gazte euskaldunen espresamolde kuttunena erabili nahi izango nuke: "sin más..." Hizpidea eteteko modu apal eta eraginkorra da, "eta kito!" edo "y punto" zaharkituaren aldean, elegantea.