argia.eus
INPRIMATU
Negoziazio ariketa zail eta interesgarria (Bero-beroan)
2007ko otsailaren 21a
Madrilgo Gorteek Kataluniako Estatutu berria onartuko dutela, hori da Espainiako analista eta klase politikoan zabalduen dagoen iritzia. Baina, nola iragaziko dute Estatutuaren edukia Madrilen? Nola eragingo du prozesuak PSOEren baitan? Kataluniako hiruko Gobernuak eta CiUk adostua dute kontsentsuz bakarrik erretiratuko dutela Estatutua Gorteetatik eta pentsatzekoa da itun horrek zutik iraungo duela negoziazio garai honetan. Bitxiagoa izango da ikustea PSOEren baitan federalista eta jakobinoenen arteko lehia zertan amaitzen den, horrek finkatuko baitu neurri handi batean Zapatero presidentearen proiektu federala norainokoa izan daitekeen. Ez da erraza irudikatzea Madril Estatutua itzultzen edo katalanek berau erretiratzen -biek krisi latza ekarriko lukete-, eta beraz, negoziazio ariketa interesgarria ikusteko parada izango da. Espainiako eta Kataluniako nazio kontzeptuak nola bateratzen diren izango da ikusgarrienetakoa, eta zeregin horretan, hitzen interpretazio zabalak eta anbiguetateak izango dira giltzarri.