Begoña Errazti: «Akordiorako nahia badugu, txipa aldatzeko garaia heldu da»


2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Politikaren erakargarritasunaz edota boterearen erotikaz duen ikuspegia eskatu diogu Begoña Erraztiri abiaburuan: "Boterearen erakargarritasuna topiko bat da, inork ikusten ez duena. Nik boterea, EAko lehendakari gisa, konpromiso legez ulertzen dut. Nire herria, nire ideiak eta proiektu politikoarekin konpromisoa da politika niretzat".
Bake eta normalizazio prozesua solasgai da azkenaldion. Prozesuaren ostean zabalduko omen den ziklo eta garai berria irudikatu nahi izan dugu. Zenbaiten iritziz, ziklo horretan ez dira-eta izango egun dauden alderdi guztiak. Eusko Alkartasuneko lehendakari Begoña Erraztiren iritziz bere alderdia egongo da, jakina.

Ziklo berri horretan egongo al da EA? Non? Sozialdemokraziaren proiektua indartua aterako al da?
Hasteko eta behin, ea heltzen garen bake prozesura. Uneon badaude espektatiba batzuk, indar politikoek elkarrizketarako nahia dutela ematen du, edota EAk hala du behintzat. Baina, prozesu batean batzeko nahiak bide luzea egiteko du oraindik. Normalizazio politikorako modu hipotetiko batez hitz egiten ari gara oraingoz.

Bestalde, bake prozesu ondorengo normalizazio egoera politikoan EA egongo den? Bada, logikoki, herri normalizazio batean espektro politiko guztientzako lekua izan behar da. Beraz, EA egongo da. EA sortu zenetik gaur arte politika oso mediatizaturik egin da: indarkeria dela, giza-eskubideen murrizketak direla... Aldi berean, batetik EAJ dago eta bestetik NAEM delakoa. Oso egoera polarizatua. Normalizazioak herritarren jarrera politiko eta ideologikoak finkatuko ditu. EA sozialdemokrata da, eta ziklo berrian ez dut beste EA bat imajinatzen. Normalizazioak normaltasuna ekarriko du funtzionamenduan, eta politika sektorialak garrantzi handiago eduki beharko du, inoiz ahaztu gabe eskubide nazionalen defentsa. EAk dudarik gabe bere zeregina eta lekua izango ditu.

Bien bitartean, nola ulertzen dituzu "bake" eta "normalizazio" kontzeptuak?
Ezberdinak dira, baina elkarren ondoan edo paralelo doaz. Zenbait unetan bereiz doaz edo joango dira, bestetan hurbilago. Prozesuaz ari garenean gatazkaren hasierara jo behar dugu. Gatazkak hasiera eta izaera politikoa dauka, gatazka ez zen hasi besterik gabe. Horrexegatik, gatazkaren ebazpenera iristeko arazoaren mamira jo behar da. Hausnarketa hori ez bada lehenago egiten, bake eta normalizazio kontzeptuak hutsalak izan daitezke. Artean, normalizatzeko hainbat esparru eta pertsona daude: indarkeriaren biktimen egoera, euskal preso politikoen egoera... Prozesua abiatzeko bizi izan dugun sufrimenduaren jatorria aztertu behar dugu. Herri honek erabakitzeko ahalmenaren murrizketa sofritu du, Madrilgo nahiz Parisko boteretatik mugatu zaizkion eskubideak berreskuratzeko landu beharreko prozesua aztertu behar dugu.
Ederra litzateke bakealdia bihar bertan lortzea, indarkeria mota guztiak bukatzea, alegia. Baina honez gero ez gara inozoak. Serioak izan gaitezen. Fribolitatea arriskutsua da politikan. ETAren indarkeria bukatzea, presoen sakabanaketa, biktimekiko errekontziliazioa... sartzen ditut nik baketze prozesuan, baina, baita herri honen onarpena eta nazioa izateko eskubidea ere. Horren ondoren etorriko da normalizazio politikoa. Beraz, hausnarketa egin dezagun eta hainbat kontzeptu zehaztu ditzagun hasteko. Bi hitzetan, prozesu honekin nora joan nahi dugun zehaztu dezagun, helburu batzuk markatuta baitaude, baina eman beharreko pauso guztiak ez.

Eguneroko errealitatera etorri behar dela diozu. Nola ulertu behar dira ETAren azken atentatuak egungo testuinguruan?
Hasteko hauxe kontuan hartu behar da: prozesua sortzeko tirabirak izango dira, interesak, prozesuaren ondorengo zikloan boterean nor egongo den kalkulatzea. Bitartean, indarkeria buka ez dadin batzuen interesa dago. Horrexegatik, uneon inoiz baino gehiago, zuhur eta lasai jokatu behar dugu denok eta ez erori eguneroko gertaera, iruzkin edota albisteen interpretazio arinean. Esan eta egin beharrekoak ondo hausnartu behar dira. Bien bitartean, alderdien arteko harremanei buruzko keinuak azalduko dira hedabideetan, hala nola, ETAren atentatu hauek. Garrantzizkoena keinu hauetan ez galtzea eta helburuetara iristeko pausoak zehaztea da. Alderdien artean solaskidetza edo interlokuzioa finkatzea da inportanteena. Nik horregatik oraindik aurreko fasean gaudela diot.

"Aurreko fasean besterik ez gaude..", esan berri duzu Berria egunkarian.
"Aurreko fasean" esatea hobe. Ez dugu ezkorrak izan behar. Aurreko fasean esanda baikorragoak gara, ezta? Izan ere, alderdien artean ez dago ezer oraingoz, interlokuzio fasea sortu nahian ari gara. Eta interlokuzio honen bidez hitz egite soiletik beste maila batera pasa behar dugu: akordio nahiera. Akordioak eta ebazpenak gero etorriko dira. Lehen helburua akordio nahia finkatzea da. Benetan, akordiorako nahia badugu, txipa aldatzeko garaia heldu da.

Konpondu beharreko esparruak aipatu dituzu. Esaterako, nola ikusten duzu euskal preso politikoen egoera?
Euskal preso politikoen egoera aldatzea »sakabanaketa bukatzea, besteak beste» beharrezkoa da. Eta hasteko, espetxeko arautegiaren aurka ezarria den neurri politikoa aldatu behar da. Giza ikuspegitik onartezina da eta gainera politikoki araua oker erabilia da. Horiek aldatzea ebazpenen fasera iristeko beharrezko pausoa ematea da. Ahaztu gabe, baita ere, lehen aipatu dudan ETAren biktimekiko errekontziliaziorako akordio nahia beharrezkoa dela.

Euskal presoen kolektiboak (EPPK) Hitzarmen Demokratikoan parte hartu nahi du. Nola ikusten duzu bere parte-hartzea?
Gai honetan ere, hedabideen eguneroko eta berehalako informazio arina tarteko, batzuetan ikuspegia galtzen da. Hitzarmen Demokratikoa nondik datorren, nola eta zertarako sortu zen gogoratu behar dugu. Ekimena funtsean Batasunak eta EAk sortu zuten. Hausnarketarako gune bezala sortu genuen, horregatik «Nazioeztabaidagune» izena, gunea indar politiko guztiei zabalik sortu genuen gainera. Bi urte joan dira eta hainbat eragile sozial eta sindikal batu dira. Ordurako EPPK bazegoen. Badirudi presoen kolektiboa orain heldu dela. Egoera oso mediatizatuan gaude eta hedabideek beren nahierara erabiltzen dute gaia. «Nazioeztabaidagunea» espazio inklusiboa izateko sortu zen eta bertan jarrera politiko guztiek hausnarketarako tokia dute.

Egungo egoeran eta hainbat jarreretan Batasuna eta EA nahiko hurbil daudela esan daiteke.
EAk koiuntura historiko honetan bideak landu beharra daudela uste du. Guk ez dugu gure diskurtsoa aldatu: gure diskurtsoan indarkeriarik eza eta eskubide nazionalen onarpena daude. Gure oinarriak horiek dira eta eroso sentitzen gara berauetan. Halaber, beste alderdiekin harreman esparruak sortu eta garatu nahi ditugu, guk horrela ulertzen dugu politika. Bidez bide, Batasunak Anoetako Proposamena zabaldu zuen, ETAren agiria eta Hitzarmen Demokratikoa etorri ziren. Gu ez gara espazio politikoz aldatu, eta ondoan daudenek gure nahiekin sintonizatzen badute, bada hurbil izango gara, hori ziur.

Bidez bide, zer falta da alderdien arteko mahaia osatzeko?
Asko falta da. Alderdien arteko interlokuzioa lortzeko denbora eta harremanak ondo finkatzea falta da. Badaude harreman bilateralak, baina konfidantza gehiago behar da denon artean. Batzuek esklusio diskurtsoa erabili dute orain arte, beraz, beste diskurtso eta kultura politiko bat sortu behar dugu. Batzuen arteko elkarrizketak badaude, baina beste batzuen artekoak ez. Eta esklusioaz gain, PPren auto-esklusioa dago. Eta PPk ez badu ezer jakin nahi...

PP izan gabe, balizko mahai horrek bidera dezake prozesua?
PPk bere burua kanpo utzita ere mahaia antolatu daiteke, baina ez da batere komenigarria. Inplikazio politikoak denona izan behar du eta PPk baditu inplikazioa izateko arrazoiak. Eusko Legebiltzarrean dago, Nafarroako Parlamentuan (UPNren eskutik). Beraz, ezinbestekoa da. Nik espero dut PP konturatzea ezin duela indarkeria erabili Espainian politika egiteko, herritarren ordezkaritzaren ardura duela eta konponbidea bilatzen parte hartu behar duela.

Aurki PSE-EEk bere Kongresua burutuko du. Zapaterori beren erabakiak errespetatzea eskatu dio PSEk. Nola ikusten duzu PSE?
Hasteko, beste alderdien barruko eztabaida eta erabakiekiko errespetutik aritu behar dugu politikan. Arriskutsua da besteen eztabaidetaz hitz egitea. Baina, tira, nik ez dut imajinatzen PSEren eskaera eta nahia Zapateroren nahirik gabe. Finean alderdi bera da. Pentsa, PSC independentea izanik ere, ez du berak erabakitzen.

Kataluniako Estatut-a gauzatzen ari da. Horrek lagundu dezake hemengo prozesuan?
Guk gure politikan kanpoko esku-sartzerik ez izatea eskatzen dugu. Orduan, gu ez gara sartuko Kataluniakoan. Hori esanda ere, eta errespetu guztiarekin, guk badakigu euren Estatut-aren sabaia, orain arteko gure autogobernu maila baino apalagoa dela. Madrilgo Gobernuek gure autonomia maila mugatu duten arren eta hitzartutakoa bete ez badute ere. Baina, ez gaitezen tranpan erori. Agian, PSOEk hango Estatut-aren sabaian ipini nahi du hemengo autogobernu maila, dena homogenizatu, eta hitz batean Estatua deszentralizatu, besterik ez. Baina, hori ez da bidea. Bidea, iazko abenduaren 30ean onartu zen proposamenaren bitartez aurrera egitea da. Ordea, Estatutu Politiko Berrirako Proposamena Legebiltzarrean onartu zenean kanpoko esku-sartzea izan zen. Madrilgo esku-sartzea. Eta proposamen horrek EAren helburuen bidean politika egitea ahalbidetzen du, lurraldetasunaren hala nola autodeterminazioaren bidean. Eta argi gera dadila: Estatutu Politiko Berrirako Proposamenean ez dira gure helburuak, baina bertan haietara iristeko bidea irekitzen da. Hori da dugun erreferente bakarra.

Azkenik, nola ikusten duzu EAJ erreferente horren defentsan?
Hasteko proposamena gehiengo osoak demokratikoki onartua da. EAJk berau bideratzeko konpromisoa hartu du. Politikan aritzeko eta segitzeko nork bere konpromisoari eutsi behar dio.

«PSN ez da aldatu, iraganak baldintzatuta dago»

2007an Udal eta Foru hauteskundeak izanen dira Nafarroan. UPNko Gobernuaren alternatiba ikusten al duzu?
Aurrera begiratzeko iragana kontuan hartu behar dugu. Alegia, egoera aldatuko dela konfidantza daukat, eta agian alderdien arteko akordioak izango direla. Nafarroan eskuineko gobernua dago, eta alternatiba aurkeztu behar zaio, eta alternatibarako PSNrekin kontatu behar da.

PSN alternatibarako gauza ikusten duzu?
Oraintxe ez dut ikusten. PSN iraganeko diskurtsoarekin ikusten dut. Nafarroan abertzaletasunaren kriminalizazioa izan da, euskararen aurkako erabakiak eta konfrontazio urteak izan dira eta PSNk horietan parte hartu du. PSN ez da aldatu, alde guztietara begiratzen du orain eta iraganak baldintzatuta dago. Politikan adaptazioa funtsezkoa da ordea, eta PSNk alternatiba izan nahi duela pentsatzen dut. Logika politikoak hori agintzen du. Bestela zertarako politikan egon?

Nafarroa Bai-n, Espainiako Kongresurako hauteskundeetan egon ziren alderdiak izango dira berriz ere?
Edo gehiago.

Gehiago hori Batasuna al da?
Agian. EAn indarrak batzeko lanean ari gara.

Batasunak legalizatuta izan beharko du.
Hala espero dut. Bi urte ez da denbora asko, baina horretarako tartea badago. Bi urte barru egoera ezberdinean egotea espero dut. Hipotesi horrekin ari gara lanean EAn.

Abertzaleak batera joateko aukerak ikusten dituzu, tira.
Dena zabalik dago. EA UPNren alternatiba posibilitatzeko prest dago. Politikan hausnarketak koiunturaren arabera egin behar dira, baina beti helburuekin, eta guretzako alternatiba aurrerakoia eta abertzale izatean datza.

"Nafarroa Bai ez da aukera bat guretzako", esan berri du Pernando Barrenak. Nafarroa Bai beren apartheid politikoan oinarritu zela dio.
Apartheidaren erantzuleak PP eta PSOE izan dira. Jarrera hori iragana da. Orain normalizazio bidean gaude. Nafarroan politika asko aldatzea espero dut, onerako aldatu ere.

Europako Hizkuntz Kontseiluak euskararen aldeko konpromisoa ez betetzeagatik salatu du UPN. Miguel Sanzek antza, politika okerra eraman duela irakurri ordez, politika zuzena daramala irakurri du.
Nafarroako eskuinak euskararen eta euskal kulturaren aurka egiten duela argi dago. Nafarroako aniztasunaren aurka ari dira PP, UPN eta CDNren laguntzaz. Gizarte eredu bakarra ezarri nahi dute. Miguel Sanzek ez du txostena irakurri edo txarto irakurri du. Txostenak ez dio soilik euskararen eskubide unibertsalak ez direla errespetatzen. Inportantea da baita ere kontuan hartzea txostenaren abiapuntua euskararen nafar legea dela, eta honek inposatzen duen diskriminazioa. Beraz, askoz larriagoa da.

Juan Cruz Alli buru duen CDNren jarrerak harritu zaitu?

Zoritxarrez. Allik bestelakoa ematen bazuen ere. Hitzetatik ekintzetara pasa dadila, ez baitu euskararen aldeko hitza bete. CDNkoak bat datoz Miguel Sanzen politikarekin, eroso daude.


Azkenak
2025-03-28 | Sustatu
La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko du Puntueus-ek

Azken aldian, asteburuetan, Internet ez dabil ondo. Hasieran, zaila zen webguneei ezarritako blokeoen zergatia ulertzea; orain, badakigu Espainiako La Ligak agindu zituela, futbola modu ilegalean emititzea saihesteko. La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien... [+]


Abenduaren 27an Bilbao Arenan milaka euskaltzale batzeko dei egin du Kontseiluak

Bilbon eginiko aurkezpenean iragarri dute ekitaldia, euskarari "arnas berri bat emateko eta behar duen indarraldia gorpuzten hasteko" lehen urratsa izango dela nabarmenduta. Euskaltzale guztiei, baina, oro har, "justizia sozialean eta gizarte kohesioan aurre... [+]


“Ez genuen komunik, ez urik, ez argindarrik... eta hori ere kendu digute!”

Aljeriatik datoz Mohamed eta Said [izenak asmatuak dira], herri beretik. “Txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar, eskolatik”. Ibilbide ezberdinak egin arren, egun, elkarrekin bizi dira Donostian, kale egoeran. Manteoko etxoletan bizi ziren, joan den astean Poliziak... [+]


Olatz Salvador
Konfort gunea

Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.

------------------------------------------------

Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]


Intza Gurrutxaga Loidi, EHE-ko kidea
“Oldarraldiaren aurrean, hainbat administraziotatik, adibidez, koldarraldia dator”

Euskal Herrian Euskarazek manifestazioa deitu du apirilaren 6rako, 11n EHEko bi kide epaituko dituztelako. Hiriburuetatik autobusak antolatzen ari dira. Bi helburu bete nahi dituzte, batetik, epaituak izango diren bi kideei babesa erakustea, eta bestetik, euskararentzat justizia... [+]


Bidasoako haur eta gazteen psikiatriako kontsultaren itxierak haserrea piztu du

Pazienteek Donostiara joan behar dute arreta jasotzeko. Osasun Bidasoa plataforma herritarrak salatu du itxierak “are gehiago hondatuko” duela eskualdeko osasun publikoa.


2025-03-28 | Irutxuloko Hitza
Metroaren lanetako gainkostua 33,3 milioi eurokoa dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak

EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean Donostiako Metroaren igarobideko lanen gainkostua argitzeko. Informazio hori atzo jakinarazi zuen Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburu sozialistak.


Ezkabako ihesaldia gogoratzeko, La Fuga mendi-martxa

Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.


Atzera bota dute Zaragoza eta Araba arteko goi tentsioko linearen proiektua

Martxoaren 19an amaitu zen proiektua aurkezteko epea, baina Errioxako PSOEk adierazi du Forestalia enpresak "interesa baztertu" duela. Enpresak bi parke eoliko eraiki nahi zituen Aragoiko lurretan, baina oraindik ez ditu lortu baimenak eta hori dute egitasmoa... [+]


2025-03-28 | ARGIA
200.000 euro lortzeko kanpaina abiatu du Integrazio Batzordeak

Seaska Sarean inklusio egoeran dauden 165 ikasleei laguntza bermatzeko hasi dute kanpaina, antolaketa propioa eratuta. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarrera salatu dute kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan, behar bereziak dituzten haurren inklusiorako baliabide... [+]


AEBn ekoizten ez diren autoei %25eko muga-zergak ezarriko dizkiela iragarri du Trumpek

Muga-zergak apirilaren 2tik aurrera ezarriko dira eta altzairuari eta aluminioari ezarritakoei batuko zaizkie. "Gurekin negozioa egiten duten eta gure aberastasuna eskuratzen duten herrialdeei ezarriko dizkiegu", AEBetako presidenteak adierazi duenez. 


2025-03-27 | Arabako Alea
Greba mugagabea hasi dute Gasteizko lorezainek

%90eko jarraipen "ia erabatekoa" izan du grebak, sindikatuen arabera. Gasteizko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzen dituzte Enviser azpikontratako 90 langileek.


Borrokak balio du: Israel Premier Tech, ez aurten, ez inoiz

Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]


Biharamunen lantegia
Zer ikertu herritarrek erabakitzen dute

Ikerketa parte-hartzailea eta gogoetatsua bultzatzen du Biharamunen Lantegia kooperatibak, eta zientzia eta ikerketa herriarengana hurbiltzeko lan egiten du. Duela urte eta erditik egoitza Bidarten dauka, eta Institut Curie-rekin elkarlanean Iker Herria ikerketa zentroa sortzeko... [+]


Eguneraketa berriak daude