argia.eus
INPRIMATU
Arkeriak
Itxaro Borda 2007ko otsailaren 21a
Hiri handietan sortu diren mutil banda salbaien fenomenoa ezaguna da, erregela eta ohore kode bereziekin. Baina azken urteotan, neska bandak agertu dira, buruzagi eta sehiekin, nesken artean legea egiteko. Uste nuen AEBetan baino ez zela hori gertatzen, New Orleanseko geltokian molde horretako gatazka baten lekuko izan naizen arte.
Harritu naiz neska-nagusiaren hiztegiaren pobreziaz eta gordintasunaz, haren keinu bortitzetaz, adineko neskatxaren bat zuela partida: ez zen landerrean, etsaia bakarrik zen eta bera bizkartzain eme kankaila batez lagundua. Bere burua zuritzen saiatzen zen arerioa biloetarik tiraka, zafla eta kaskaka erabiltzen zuen. Lurrean zen jadanik geltokiko seguritatekoak, nik deiturik, etorri zirenean.
Arra irainduaren antzera arrabokatu zitzaien.
Ikusgarriaren aurrean triste sentitu naiz, emazte eta herritar gisa. Neska eta mutilek nahi berdinak izatea nahi nuke, ghettoetakoek besteek bezala, baina neskek mutil biolentoen urratsak errepikatzen ikustea handi zait. Arrak sinonimokatuz baizik ez al dira neska horiek existitzen? Agian horrek erakusten du gizarte guztia oinarrian maskulinizatzen doala, feminismoaren diskurtsoa medietarik kasik desagertzearekin.