argia.eus
INPRIMATU
Mugikortasuna
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Omen gure garaiko bizi kalitatearen ezaugarritako bat hemen, gure inguru honetan. Ez dut ezagutzen egunero beste kontinentetara bidai pagotxak iragartzen ez duen hedabiderik. Industria erraldoia eraiki diogu eremu hauetan aisia deitzen diogun honi, arrakasta soziala dakarkigun honi. Herrialde txiroak bisitatzea, kirola dugu. Zorrak egitean datza lehiaketa, hauek ezkutatzea geroz eta nekezago suertatzen zaigun bitartean. Estatuak modulu, kartzela dugu mundua eta aireportuak bere hesi. Moduluen arteko igarotzeak larritasuna sor diezaguke, aireportuetan pasarazten dizkiguten kontrolak iraingarriak eta umiliagarriak baitira. Ekipaia irekiz puskak basatiki arakatzetik hasten da funtzioa, ondoren eta hegazkinera igotzeko atarira egitean norbera miatzeaz jarraipena duena. Galtzak bete zain, gerrikoa ere kentzea aginduko dizute, eta besoak gora eskuak zabalik alto posizioan zauzkatela galtzei eutsi ezinik, zure aisiaren gosea madarikatuko duzu lotsaren lotsaz. Eta zure helburua iristean, gaitzerdi ez baldin badizute ekipaia beste kontinente batetara bidali, zeren orduan zure Via Crucisak ez zaitu abandonatuko bidai osoan. Handik itzultzean hala ere, hobe duzu ezagunen artean bidaiaren ederraz mintzatzea ergeltzat har ez zaitzaten.