argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko otsailaren 21a

CO2-ren absortzio-mugak

Jakina da CO2ren isurketak zientzialariak eta estatuak mobilizatu dituela, berotegi-efektuan erantzukizun handiena baitauka. Isuritakoaren zati bat itsasoak absorbitzen duela ere gauza jakina zen, baina zenbat absorbitzen den edo absortzioaren mugak ez dira ezagutzen.
Orain bi aste argitaratutako ikerketan, absortzioaren mugen inguruko analisi zientifikoa planteatu digute Berkeley-n dagoen Kaliforniako Unibertsitateko Inez Y. Fung eta lagunek. Hauen arabera, egun dagoen isurketa-maila mantenduz gero, mende honen amaieran ozeanoek gaur duten absortzio-maila baino txikiagoa izango dute.
Egunero atmosferara isurtzen dugun CO2ren erdia itsasoak xurgatzen du eta hainbat zientzialarik dioenez nahiz eta CO2 gehiago isuri horrela segituko omen du, zeren eta itsasoko landareen hazkundea areagotu egingo baita. Fung eta lagunek ez dute esandako teoria onartzen eta beren ustez, itsasoan saturazioa gerta daiteke batetik eta landareen hazkundea ezin izango da muga batetik aurrera areagotu, bestetik.
Beste hitz batzuetan esanda landareek ziklo biologikoak dituzte eta ziklo hauek neurri bateraino baino ezin daitezke azkartu. Itsasoak, xurgatutako CO2a itsas azpirantz bultzatzen du hainbat faktore fisikoren eraginez, baina faktore fisiko hauek ez dira finkoak eta gehiegizko CO2ak irauli dezake prozesua. Gainera azken urteotan gertatzen ari diren lehorteak gero eta zabal bezain luzeagoak dira eta udaberri euritsu eta freskoak CO2 absorbitzeko oso egokiak diren bitartean, uda lehorrak oso kaltegarriak dira.
Oraingoz teoria bat baino ez da, baina CO2ren absortzioari mugak jartzen dizkion lehena denez, interesgarri iruditu zaigu horren berri ematea.


Marte bizirik


Mars Global Surveyor (MGS) zundak zortzi urte darama Marteko orbitatik argazkiak ateratzen. Harkaitz-mordoak, kraterrak eta hondar-dunak dira argazkietan gehien ateratzen diren elementuak.
Michael Malin-ek zuzendutako ekipoak 1976an Viking zundak ateratako argazkiak eta MGSk azken zortzi urteotan ateratakoak arakatu eta alderatu ditu. Horrela ikusi dituzte kraterrak sortzen eta desagertzen, duna berriak sortzen eta harkaitz-multzoak formaz aldatzen. Orain urte batzuk uste zena baino askoz ere dinamismo handiagoa erakutsi du Martek eta fenomeno horien oinarrian esperotakoa baino atmosfera dinamikoago bat dago.
MGSk beste hamar urtez irautea itxaron da eta bidaliko dituen datuetatik Marteko atmosfera hobeto ezagutzea. Hau ezinbesteko baldintza da datorren mendean Lurretik abiatuko den gizakiak sorpresa txarrekin topo ez egiteko.