argia.eus
INPRIMATU
Landareak: Ardo-zomorroen aho-sapaia
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a

Iazkoak onenera urreratzen ari diren honetan datozen urtetako ardoak izango direnen muztio-arbasoak egiteko gaiak ontzen dira. Sagarrak, udareak, mahatsak... dagoeneko dolareetan ez badira, arbolondoetan azken gozo-punttua ontzen dute egunotan.

Gozo-punttu horren aukeratzea da ardogilearen lehen lana. Batzuei mikazxeagoa, ondo gozoa beste batzuei... bakoitzak bere gustuko ardoa egite aldera hautatzen ditu uzta egunak. Muturreko aho-sapaien adierazle, badira negu atariko lehen izotzek zimurtu arte fruituak biltzen ez dituzten ardogileak... Apartekoetan apartak omen dira hauen muztioen ardoak.

Dirua lar den guztietan legez, aparteko berezitasunak zilegitzen dira. Diruak, majera bezalaxe aparteko edalontzia bermatzen baitu. Diruduna, azalak gehiago ez eman arteko gilborra eta ardo garestienen geografia zaintxoz masailetan tatuatuta baditu ere, mokofin! Urrutiko kulturatako fruta barietateak, ez dakit nongo zurezko barrika eta bukoiak, artelatzari etorkizuna areago lazteko plastikozko kortxoak, antipodetako laborategi batek sortutako ardoarentzako azken puntako dopina, inoiz ikusi gabeko betiko bonbillaren antzeko botila, ardorik edaten ez duen artistaren etiketa itsusia... dena bidezko da ardoa berexiena denaren itxurarako.

Azken uzta hauetan legamietara jo dute mokofinek. Gure inguruko ardoak, mahatsarena eta sagarrarena, berez inguruan dituzten legamien lanaz hartzitzen dira. Bertako lurra eta mikroklima medio, inguruko airean diren eta batez ere fruta bakoitzak azalean dakarren legami salda zehatza da muztioa ardo bihurtuko duena. Hortik fruta barietate berak tokian tokian ardo desberdina ematea. Bada orain legami trafikoa da moda. Nafarroan Bordeleko ardoak egitea bururik gabeko helburu. Mokoak finak, baina txorrotx gutxi...