Europarrek, «Indietara» iritsi orduko tabakoaren berri izan zuten. Ameriketan oso zabalduta zegoen landare honen erabilera eta hainbat modutara hartzen zuten bertakoek: hauts bihurtuta, hostoa ahoan ibilita edo erreta (zigarro moduan, pipan...). Tabakoak izen ugari zituen. Aztekek pisietl deitzen zioten, Maia zibilizazioan kutz eta Brasilen petum. Nondik dator orduan "tabako" hitza? Ez, ez dator Karibeko Tobago (Haiti) irlatik, askok uste bezala. Tabakoa arabiar hitza da, tabbâq terminoaren eratorria. Hitz honen bidez, arabiarrek, izena ematen zieten medikuntzarako erabiltzen zituzten hainbat belarrei.
Tabakoa mundu magiko eta terapeutikoarekin oso lotua zegoen amerikar kontinentean eta botika berezia balitz bezala pasatu zen Europako klase sozial altuetara. Jean Nicot Portugaleko enbaxadore frantsesak Frantziako gortera eraman zuen eta Catalina de Medicis erreginak gustura hartu zuen landarea; ordura antzean Nicotiana tabacum deitu zioten. Bestaldetik, Ameriketatik etorritako esklabu beltzen eta marinelen artean ere oso azkar zabaldu zen tabakoa, lan nekezaren ostean "lasaitu egiten zuelako". XVII. mendearen bukaeran, tabakoa Europa guztian erabiltzen zen. Aristokratek eta aberatsek tabako hautsa hartzen zuten sudurretik (rapé deitzen zitzaion). Jende xehearen artean ordea normalagoa zen tabakoa erretzea. Gero, tabakoa erretzeko ohitura hori klase sozial altuetara pasa zen.
Noski, tabakoaren kontsumoa geldiarazteko saiakera asko izan ziren. Izan ere, medikuntzarekin baino, aztikeriarekin lotu baitzuen batek baino gehiagok. Errusian esate baterako, tabakoa sudurretik hartzen zuenak sudurra mozteko arriskua zuen; Urbano IV. Aita Santuak berriz, tabakoa hartzen zuten elizgizonak eskumikatzeko agindua eman zuen. Baina herrialde gehienek kalterik ez, onurak ikusi zizkioten tabakoari, poltsikoak betetzeko aukera paregabea, adibidez.
Produkzioa eta merkataritza, euskaldunen itzal
1634an Espainiak tabakoa estankatu zuen. Estankoak esan nahi zuen estatuak monopolio guztia zuela tabakoa produzitu eta saltzeko. Gerora, izen hori bereganatu zuten tabakoa saltzen zuten saltokiek eta gaur egun horrela ezagutzen ditugu. Tabakoa estankatu aurretik, Sevillan munduko lehenengo tabako fabrika sortu zen. Bertatik pasa behar zen kolonietatik etorritako tabako guztia. Espainiar inperioak produkzio eta merkatal sare handia osatu zuen tabakoaren inguruan eta laster produktu hau Koroaren diru sarrera nagusiena bilakatu zen.
Sare handi horretan euskaldunak ere izan ziren. Madril eta Sevillako euskal jatorriko familiek tabako erakundeetan zuzenean parte hartu zuten. Ameriketako kolonietan tabakoari esker aberastu zen euskaldunik ere badugu, batez ere Kuban. Juan Jose Justiz Etxabarria gipuzkoarra, Kubako kreol aberats batekin ezkondu zen eta horrekin batera bilakatu zen irla hartako lurjabe handienetakoa. XVIII. mendeko urte oparoetan, tabakoaren industrian etekin ugari izan zituen Justiz-eko markesak (jubilatzean eman zioten titulua), eta bere tabakoa espainiar gortera eramaten zuten zuzenean, kalitate handikoa zelako. Badugu beste adibide bat. Oraindik existitzen da "Por Larrañaga" puru marka. Ignacio Larrañagak asmatu zuen 1834an Kuban eta fabrika eraiki zuen. Puruak industrializatzen aitzindari izan zen Larrañaga. Mende horren amaieran hain zuzen, Heraclio Farias izeneko batek makina berezi bat patentatu zuen puruak egiteko, Farias puruak.
XVIII. mendean, tabakoa eta beste "kolonialak" (azukrea, kakaoa, kafea...) merkaturatzeko, hainbat ekimen martxan jarri ziren eta horien artean euskaldunek sorturiko bi merkatal konpainia daude: Habanako Errege Konpainia eta Caracaseko Errege Konpainia Gipuzkoarra. Habanako Konpainiaren bultzatzaile nagusi izan zen Martin Arostegi arantzarra. Arostegi, tabako produkzioarekin oso lotuta zegoen, Kuban zituen jabegoen bidez. Hain zuzen, konpainia honen lehentasuna zen Sevillako fabrikak tabakoz hornitzea. 1739an Espainiako erregearen baimena lortu zuten Kubako merkataritzaren monopolioa izateko eta hurrengo urteetan Kubako tabako produkzioa izugarri igo zen konpainia honi esker. Habanako Konpainia akzioen bidez sortu zen, eta akziodunen artean euskaldun ugari aurki daitezke, batez ere nafarrak eta gipuzkoarrak: Arostegi, Basabe, Goienetxe, Iturralde, Zuaznabar... Urte batzuen ostean Koroak tabakoaren "asientoa" kendu zion Habanako Konpainiari. Tabakorik gabe konpainiak nekez egin zuen aurrera, azukrearen negozioari nola hala helduta.
Caracaseko Konpainia ezagunagoa da agian. Donostiako kontsulatuak eta merkatariek sortutako konpainia honek Venezuelako kakaoa zuen helburu, baina horretaz gain tabakoa ere ekarri zuen Ameriketatik. Dena den, konpainiak aurkari gogorrak izan zituen, holandarrek aspaldi sortu baitzuten venezuelar tabakoarekin merkatal sare sendoa. Gipuzkoarrek, tabakoa Cadiz edo Donostiara eraman eta gero, Amsterdamera bidaltzen zuten, bertan manufakturatu zezaten. Jakina den bezala, merkatal pribilegioa galdu zuenean desagertu zen Caracaseko Konpainia, 1778an.
Tabako kontrabandoa Euskal Herrian
Eta zer gertatzen zen Euskal Herrian tabakoarekin? Foruen bidez, Hego Euskal Herriko probintziek zerga sistema berezia zuten. Oinarrizko produktuentzako aduanak ez zeuden kostaldean, barrualdeko mugetan baizik. Oinarrizko produktu horien artean dago tabakoa. Bilbo edo Donostiara inolako trabarik gabe iristen ziren Ameriketako tabakoak eta horrek, hala beharrez, kontrabando emankorra sortu zuen.
Gipuzkoa eta Bizkaiko kostara "Brasil" tabakoz beteriko barku holandarrak eta ingelesak iristen ziren behin eta berriro. Caracas eta Habanako konpainiek ez zieten sekula itzalik egin. Horretaz gain, Donostian, Baionatik ekarritako tabakoa sartzen zuten. XVII. mende amaieran, donostiarren merkatal jarduera okerrenean zegoenean, Baionakoek sartu zuten tabako gehiena Gipuzkoan, Donostiako portutik. Iparraldetik bestelako tabakorik ere sartzen zen muga pasata: bertako faktoria eta plantazioetatik ateratakoa. Nafarroari dagokionez, erreinuan estanko sistema berezia zegoen eta etekinak berarentzat izaten ziren.
Gauzak horrela, agerian zegoen Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban, kontsumitzen zena baino askoz ere tabako gehiago sartzen zela eta sobera zegoen hori kontrabandora bideratzen zela, Gaztelara batez ere. Horrek, Espainiaren eta euskal probintzien arteko auzi eta liskar ugari ekarri zituen mendeetan zehar: lehenak kontrabandoa geldiarazteko neurriak hartu nahi zituen, bigarrenek berriz ez zuten konpetentzia kentzerik nahi. Soluzioa izan zen probintzien esku uztea lurralde hauentzako tabako estankoaren kudeaketa. Hala ere, kontrabandoa eragozteko zigorrak, indarra eta kontrola izan ziren ohikoena: Oiartzunen, bertako alkateak bizilagun bat salatu zuen mikeleteek bere lurretan tabako plantazio bat aurkitu zutelako; Hernanin, 1770ean aguazila auzitan sartu zuten tabako kontrabandoagatik atxiloturik zuen pertsona batek ihes egin ziolako; Bergaran, Tolosako bizilagun bat izan zen auzitan sartu zutena tabako kontrabandoagatik, "bi fardel tabako hostotan eta beste bat tabakoa hauts bihurtuta" zeramatzan. Euskal Herriko artxiboak tabako kontrabandoarekin zerikusia duten horrelako dokumentuz gainezka daude.
Tabakoa, ohituratik modara
Tabakoa beti landatu izan da Euskal Herrian, eskasia garaietan batez ere, Gerra Zibilaren ostean adibidez. Normalean gauza bitxi bezala landatu da, ezkutuan, eta kalitate txarrekoa. Tabakorik ez zenean, beste landare batzuetako zuztarrak eta hostoak ere erretzen ziren: artabizarrak, patatorria... XX. mende hasieratik tabakoa zigarro txikitan edo zigarrotan erretzeko moda zabaldu zen Europa osoan. Dirurik ez zuenak tabakoa txikituta erosi eta berak biltzen zuen zigarrotxoa Zig-Zag edo Bambú markako paperarekin. Euskal Herrian Gener tabako marka oso ezaguna zen, soltean erosi eta libratan neurtzen zen. Diru pixka bat zuenak egindako zigarrotxoak erosten zituen, ordukoak dira Frantziako Gitanes eta Gauloises zigarrotxo beltz famatuak. Tabako rubioa, suabeagoa, mende hasieran sortu zen, baina beltza gehiago erretzen zen oraindik. Espainian Celtas edo Ideales markak dira ezagunak. Zigarro puruak ere aberats jendearentzat ziren, "habanoak" batez ere. Pipa sinbolo bat bilakatu zen, eta pobreenek igeltsuzkoa erabiltzen zuten bitartean, aberatsenek tailatutako egurrezko pipa izaten zuten ahoan.
Zinemak asko eragin zuen tabakoa zabaltzeko garaian. Hogeiko hamarkadan neska aktoreak zigarrotxoak erretzen ikusteak, hiriko neskatila asko horretara bultzatu zituen. Baina hala ere, emakumeek erretzea ez zegoen ondo ikusia euskal gizartean. Euskal Herriko zenbait nekazal herritan ordea, bazeuden tabakoa erretzen zuten emakumeak, baina hauek salbuespena ziren. Itxurak garrantzi berezia zuen eta tabako inguruan parafernalia handia sortu zen: metxeroak, petakak, bokilak... Beraz, tabakoa, ohitura izatetik moda izatera pasatu zen XX. mende korapilatsuan.