argia.eus
INPRIMATU
Ispilua
Castillo Suárez @casti_suarez 2021eko uztailaren 16a
Batzuetan ematen du gauzak telebistan diren bezalakoak ikusten dituela. Ispilua balitz bezala, telebistan ikusten diren bezala ikusten ditu bere inguruko gauzak: koloretsu, azkar, garden, gazte, lirain eta erakargarri. Telebistan ageri zen itsaso sakon eta zabala ikusi nahi zuela errepikatzen zizun, ontziak zebiltzan itsaso urdinera joan nahi zuela alegia. Behin eta berriro eskatzen zizun, eta hara eraman zenuen egun batez. Haizeak aurpegia ferekatzen zizuen, eta erregai eta udazken usaina nahasten ziren. Ikusgarriak ziren olatuak, ñabarrak eta aldi berean orekatuak. Alabaina, haurrak ez zuen aparteko interesik erakusten. "Telebistan ikusgarriagoa da" erantzun zizun galdetu zenionean, dezepzio aurpegia jarriz. Orduan aspertzen zela esan zizun, etxera bueltatu nahiko lukeela. Zuri, ordea, kosta egiten zitzaizun etxerako bidea hartzea. Ez zenuen jakin zer esan telebistan dena ikusgarriagoa dela esan zizunean zazpi urteko ilobak. Izan ere, egia da, batzuetan ematen du gauzak telebistan diren bezalakoak ikusten dituela, sakelean daraman ispilutxoa dela nolabait. Eta zer pentsatua ematen dizu.