argia.eus
INPRIMATU
Filipe Bidart: «25 hilabete horietako laburpen baten azalpenera mugatu naiz»
Eider Rodriguez 2021eko uztailaren 19a
Liburuaren nondik norakoak?
2000. urtean, Seaskako lizeoan, Etxepare ikastetxean, Elorri ene alabaren ikasgelan bakartasunari buruzko idatziak aztertzen ari zirelarik literaturan, ene lekukotasuna galdein zautaten. Idatzi labur bat nahi zuten, «bi hitzez», baina abiatu eta nahi baino gehiago luzatu nintzen.

88tik preso, 25 hilabete isolamenduan eta bakartasunari buruz bi hitz soilik. Entziklopedia baterako ere eman dezake, ez da hala?
Ba, segur, gauza frango baditaikela erraiteko, 25 hilabete horietako laburpen baten azalpenera mugatu naiz, etapa nagusiak erakutsiz. Gauza ainitz kondatu gabe utzi dut, bereziki bakartasunean preso batek erabiltzen dituen gogoetei eta hausnarketei buruz, horiek direlarik bakartasun gehienaren funtsa.

Egoera latza narratzen duzu, baina oso era umoretsuan. Nola da hori posible?
Premiatsuena da urruntasuna hartzen jakitea. Egoera surrealistenetan aurkitzen gira, baldintza harrigarrienetan, baina ez da heien jokoan sartu behar. Inposatzen dizkizuten baldintza horiek alegiazkoak balire bezalaxe hartu behar dira, joko bat balitz bezala. Presondegian, eta are gehiago kartierretan, zure aztertzen ari dira, neurri zorrotzenetan zure ihardokipena izartzen, zure iraupena higatu nahian. Bakotxak bere nortasunarekin ihardokitzen du. Batzuk gogor eginez, beste batzuk burua makurtuz edo «kode penala» eskuan. Nik egoera absurduenetan urruntasuna hartzeko xantza hori izan dut.