argia.eus
INPRIMATU
Ezpalak
Katixa Garate 2021eko uztailaren 27a

Kultur arloko enpresei laguntza

Gipuzkoako Foru Aldundiak foru dekretua onartu du mezenasgoaren inguruan eta, horren arabera, kultura arloan lehentasunezkotzat jotzen dituen jardueratan aritzen diren enpresek sozietateen gaineko zergetan %50,5 bitarteko kenkariak eta PFEZ zergan onura garrantzitsuak izango dituzte. Besteak beste, jaialdiak, jardunaldiak, argitalpenak, fonografia, ikus-entzunezkoak, multimedia eta antzerkia jo ditu lehentasunezko jardueratzat. Aldundiko arduradunen esanetan, beste hainbat herrialdetan (Erresuma Batua, Alemania, Herbehereak...) horrelako kenkariak eskaintzen dira, baina ez dira %50,5eraino iristen. Kultur arloa sektore estrategiko izateko apustuaren baitan kokatu du Aldundiak dekretua.


Kantautore zikloa Nafarroan

Nafarroako, Espainiako nahiz nazioarteko kantautoreen musika erakusleiho izatea du asmo Barañaingo Auditorioan eta Atarrabiako kultur etxean egingo den Kanta Autor! zikloak. Egitarau oparoa osatu du Ojalá Nafarroako kantautore elkarteak, Barañaingo auditorioaren, Atarrabiako kultur etxearen eta Cadena 100en laguntzaz. Asteburu honetatik hasita eta urriaren 9a bitartean, ostiral, larunbata eta igande oro kontzertuak izango dira Barañainen. Besteak beste, Rafael Amor (Argentina), Adriana Olmedo (Nafarroa) eta Pablo Sciuto (Uruguay) izango dira taula gainean. Urriaren 14, 21 eta 28an berriz Atarrabiak hartuko du lekukoa eta José Nicolás (Kuba) eta Txus Remónen (Nafarrroa) kontzertuak jasoko ditu, besteren artean.


Moneo Moneoren barruan


Bost urte bete ditu Donostiako Kursaalak eta urteurrena eraikinaren arkitektoaren gaineko erakusketa paratzeko baliatu dute: Rafael Moneo: museoak, auditorioumak, liburutegiak. Urriaren 23a arte Rafael Moneo arkitekto nafarrak hogeita hamar urtetan egindako lanak ikusi ahal izango dira, Kubo aretoan ipini dituzten argazki, maketa eta planoen bidez. Hala nola, Kursaala bera, Madrileko Thyssen-Bornesmiza museoa, Stockholmeko Arkitektura eta Arte Garaikide Museoa, Lovainako Arenberg liburutegia. Era berean, Oteiza Fundazioko patronatuko kide izendatu berriak Loiolako ibaiertzetarako diseinatu duen elizaren proiektua dago erakusgai.


Gaiarre antzokia berritua

Lau hilabetez itxita egon ostean, berriz ere zabaldu dute Iruñeko Gaiarre antzokia. Aurrealdea garbitu diote, berotze eta aireztatze sistemak aldatu dituzte, komunak berritu, 125 besaulki gehitu »900 ditu orain guztira»... Ia bi milioi euroko aurrekontua izan du Iruñeko Udalak berrikuntzak egiteko. Aurten ere Chis Dolan dramaturgo eskoziarrak antzezlanak idazteko tailerra eskainiko du Gaiarren eta Victor Iriartek Ikusle Eskola gidatuko du. Halaber, ikusleei ikusi nahi lituzketen antzezlanak zein diren jakiteko egindako Así es, si así os parece (Horrelaxe izango da, halaxe nahi baduzue) egitasmoaren baitan aukeratutako La Casa de Bernarda Alba emango dute, besteak beste.


Elektronikaldiaren erritmoan

Zazpigarren aldiz musika elektronikoaz gozatu ahal izango da Donostiako hainbat taberna eta kultur etxetan (Ondarra, Branka, Etxekalte, Okendo kultur etxea, Arteleku...). Irailaren 30etik urriaren 9a arte, bertako eta nazioarteko hogeitik gora artistak parte hartuko du: Solo los solo, Florent y yo, Habana blues band, Tzesne... Urriaren 6an artista donostiarren gaua izango da eta zuzenean arituko dira hainbat aretotan, 8an Donostia Elektronikoa lehiaketako irabazleen txanda izango da.


IpuinARTEan

Kultura aniztasuna sustatzea. Gure inguruko beste kulturekiko sentsibilizazioa piztea. Horiexek dira Tolosaldeko Irazki elkartearen helburuak. Xede horrekin apailatu du IpuinARTEan. Hainbat kulturako 36 artista eta idazlek (Iñaki Epelde, Angela Mejias, Juan Gorriti...) munduko hainbat kulturatako ipuin, mitologia eta elezaharrak oinarri hartuta egindako lanez osatutako erakusketa. Alberdaniak liburuan bilduko ditu lanok; testuak, euskaraz, gaztelaniaz eta jatorrizko hizkuntzan agertuko dira. Tolosan bisitatu ahal izango da erakusketa azaroaren 4a arte eta ondoren Eibarren, Donostian nahiz Leioan ikusi ahal izango da.


Fnac Donostian

Liburu denda zabaldu du Frantziako Fnac kateak Donostiako San Martin azokan; lehena Euskal Herrian. 2.100 metro koadroko espazioan, liburu, DVD eta disko eskaintza oparoa du, euskarazkoa tartean. Donostiako kultur bizitza areagotzeko asmoa agertu dute arduradunek eta Zinemaldiarekin eta Jazzaldiarekin lan egiteko gogoa. Ia egunero kultur ekitaldiak jasoko ditu: liburu aurkezpenak, film emanaldiak, kontzertuak...