argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
2021eko uztailaren 23a


Euskara babesteko eta bultzatzeko eskatu du Europako Kontseiluak

Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna 1992an sinatu zuen Espainiako Gobernuak eta 2001ean berretsi. Lehenengo aldiz, Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak euskararen egoerari buruzko azterketa egin du, eta ondorioak eta gomendioak argitaratu berri ditu. Gomendioak guztientzat dira: Espainiako Gobernuarentzat, Nafarroakoarentzat, Eusko Jaurlaritzarentzat, foru aldundi eta udalentzat. Nafarroa eta EAE aipatzean, justizia arloa, administrazioa, zerbitzu publikoak eta hedabideak aipatu ditu. EAEri dagokionez, hezkuntzaren alorrean, Lanbide Heziketa euskaraz egiteko aukera eta D ereduan ikasteko aukera bermatzea gomendatu ditu. Nafarroan berriz, eremu mistoan euskarari eremu euskaldunean adinako babesa ematea eskatu du. Euskalerria Irratiaren egoera hiru aldiz aipatzen da Europako Batzordearen txostenean. Miguel Sanz Nafarroako presidenteak eman du txostenari buruzko iritzia: txostenak berresten omen du Nafarroako Gobernuaren politika eta bide beretik jarraituko omen dute.


Euskaltzaindiaren omenaldia Txillardegiri

Nerekin yaio nun: Txillardegiri omenaldia izena du Euskaltzaindiak Txillardegiren omenez aurkeztutako liburuak. Henrike Knörr Euskaltzaindiako Iker sailburuak eta Pilartxo Etxeberria EHUko irakasleak prestatu dute liburua. Txillardegiren bibliografia hautatua eta hizkuntza, literatura eta historiari buruzko 31 lagunek idatzitako lanak bildu dituzte liburuan.


Ana Toledo Juan San Martinen balizko ordezkoeuskal

Juan San Martin euskaltzain zenaren ordezko gisa hautagai bakarra aurkeztu dute. Ana Toledo antzuolarra Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia eta Jean Haritchelarrek proposatu dute. Urriko osoko bilkuran egingo dute bozketa eta nagusitasun osoa lortzen badu euskaltzain berria izango da. Ana Toledo 1996az geroztik euskaltzain urgazlea da eta maiatzetik Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria. Bestalde, uztailean hil zen Patxi Ondarraren tokia betetzeko, urrian eta azaroan aurkeztu ahal izango dituzte hautagaiak euskaltzainek. Ordezkoa abenduan aukeratuko dute.


Joxe Mari Aranalde hil da

Irailaren 24an hil zen Joxe Mari Aranalde gaztelutarra (Gipuzkoa). Apaiza, Donostiako Santo Tomas Lizeoko irakaslea, bertsozalea, idazlea eta euskaltzain urgazlea zen. Bertso asko idatzi zuen, gai jartzaile aritu zen urtetan eta Orixe bertsolari leihaketako antolatzaile zen. Fernando Aire «Xalbador» miresten zuen eta baita berari buruz Auspoa bilduman idatzi ere (Xalbador (1996), Xalbador pertsularia (1996) eta Xalbadorren barrua (2001).