argia.eus
INPRIMATU
Arrotza
2021eko uztailaren 16a
Berezia da benetan bi pertsonak elkar ezagutzeko bizitzak eta munduak zenbat buelta eman behar duten ikustea. Antzeko zerbait sentitu dut uda honetan, baina ez pertsona zehatz batekin, kontu eta liburu batekin baizik.

Azken Portuko jaien eta kontuen inguruko blog batean bueltaka, komentarioen atalean, norberaren herria ezagutzeaz ari ginela, artean ezezaguna genuen norbaitek Meatzaldeko Harrizulatzaileen Elkartea aipatu zuen, eta harrizulatzaileei buruzko kontuak ezagutze aldera esteka bat jarri zuen. Bertara joan, eta informazio zabala eta ezezaguna aurkitu genuen artikulu batean. Lehenago inoiz ez nuen entzun harrizulatzaileak zirenik ere, eta are gutxiago lan gogor hura herri kirol bihurtu eta erakustaldiak eta txapelketak egiten zituztenik, duela mende bateko ohiturari helduta. Artikulua irakurrita, eta blogeko komentarioen hariari tiraka, azkenean, Meatzaldeko Harrizulatzaileen ahalegin eta borondateari esker, abuztuan Azken Portuko jaietan Galdames eta Jaizubiako harrizulatzaileen arteko norgehiagoka ikusi ahal izan genuen. Ikuskizunak aho zabalik utzi zituen erakustaldia ikustera bildutako ehunka lagunak. Saioa amaitzean, harrizulatzaileetako batek liburu bat eman zidan, blogaren bidez ezagutu genuen lagunak oparitutakoa, eskaintza batekin, bere herria eta era berean baita nirea ere hobeto ezagutu nezan.

Vicente Blasco Ibañez idazle eta pentsalari errepublikarraren El intruso zen liburua. Blasco Ibañez ezagutzen banuen ere, ez nuen inoiz haren libururik irakurri. Liburuaren testuingurua eta bertan kontatzen den historiaren berri izanda, ordea, Azken Portuko jaiak igaro eta ahal izan bezain laster ekin nion irakurketari. Berehala ohartu nintzen altxorra zela hura. Lehen aldiz 1904an argitaratu zen El intruso eleberriaren haria, garai hartako Meatzaldeko bizimodu gogorra da. Mende hasieran plazaratutako liburua, guretzat hain ezagunak diren Txomin Agirreren Garoa eta Kresala lanen garaikidea da, bada. Ikuspuntua, ordea, beste muturrekoa. Batean herri eta paisaia idilikoak ageri diren bitartean, bestean, meatzeetan esklaboen moduan bizi eta hil ziren milaka eta milaka lagunen bizimodua ageri da, gordin bezain zehatz.

Liburua irakurtzen hasi, eta ezin nuen ulertu zergatik ezkutatu zaigun horrelako testigantza. Eta "ezkutatu" diot, horrela, lehen orrietatik ohartu bainintzen ez zela kasualitatea bizitza erdia liburu artean eman arren horrelako lan bat ez ezagutzea. Liburuan aurrera egin ahala ohartu nintzen zergatik. Orain ikasi dut nola sortu zen Bizkaian burdinaren inguruko industria, nola garatu zen Ezkerraldea, nola aberastu ziren asko eta asko, beste dozenaka mila lagun arratoien modura eduki eta zapaltzearen kontura. Benetako errealitate gordin eta basatia, 1936ko gerrak baino askoz hildako gehiago eragin zituena.

Hori guztia, gainera, hein handi batean, kristautasunaren izenean, diruak eta josulagunek bat eginda zuten botere izugarriaren babesean gertatu zen, politika kontuak ere zipriztinduz. Loiolatarren itzalak milaka hildako eragin zituen, eta hori ere primeran islatzen du El intruso liburuak. Uda honetan ezagutu eta irakurri dut, eta eleberri bezala biribila iruditu ez bazait ere, islatzen duen garaia, giroa eta bizimodua arrotzak zitzaizkidan zeharo. Irakurritakoak irakurrita, ordea, ez naiz batere harritzen hau guztia ezkutatu izana zenbait belaunaldiri. Eskuak ez ezik, leporaino odolez zikinduta behar dute herri honetan askok eta askok, zapata dotore, korbata eta alkandora ederki lisatuekin ondo disimulatu arren. Txomin Agirrek eta beste askok beste aldera begiratzen zuten. Lotsatuta segur aski. Edota lotsarik gabe. Auskalo. Baina lortu dute kontu hauek guztiak arrotzak izatea gaur egun ere gurean. Hain arrotzak, eleberri zehatzak ez ezik, oraindik, beste asko bezain gureak ditugun herri kirolak hedabideetan ia ezkutatzeraino. Horregatik bakarrik, isiltasunaren harriak zulatzen ahaleginduko gara.