argia.eus
INPRIMATU
Xabier Etxaniz Erle: «Bertan agertzen diren lanak irakurtzeko pizgarri izatea nahi nuke»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 12a
Bi lan hauek osatzeko zein irizpide izan duzu?
Azken hogei-hogeita bost urteotan euskaraz argitaratu diren liburuen artean eginiko aukeraketa bat da nirea. Ziur asko beste egile batek antologia ezberdinak egingo zituen, nik agertutako testuen edo liburuen edo egileen ordez beste batzuk sartuz...

Eta helburuari dagokionean, zer diozu?
Oso sinplea izan da: euskal haur eta gazte literatura modernoak gaur egun duen egoera erakustea.. Dena dela, egia aitortu behar badut, antologia hauek, bertan agertzen diren lanak irakurtzeko pizgarri izatea nahi nuke. Idazle horien nondik norakoa ezagutzeko eta idazlan horiekin irakurleak gozatzen jarraitzeko tresnak izatea.

Norentzat izan daitezke baliagarri?
Edonorentzat, nire ustez. Literaturan gustuak ez du aginterik onartzen, noski, baina gustua landu egin behar da; eta alde horretatik esango nuke liburu hauek badutela eskolarako material gisa ere bere funtzioa. Gure idazleen testuen bidez era askotako idazkera motak, literatur errekurtsoak, denbora eta gaiaren tratamendu ezberdinak, egiturak... ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen dutela. Aukeratutako idazleen artean haur, gazte eta helduentzat idazten duten ugari daude, baita haur eta gazte-literaturan berezituak direnak; guztiak dira idazle ezagunak, batzuk oso, beste batzuk ez hainbeste, baina guztiak puntakoak eta kalitate handiko lanak plazaratu dituztenak. Idazlanen artean, berriz, badira poesiazkoak, gehienak prosazkoak badira ere.