argia.eus
INPRIMATU
Landareak: Arraunlarien ostaza
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 27a

Pozoituak ibili dira urak Donostia parean... Haizearen aztiak ur-axalak harrotu eta hala moduzko uberak ikusi dira Donostiako ditxosozko estropaden azken egun honetan. Bart goizaldera ostaza haziak emango zizkion baten batek itsasoari.

Ostaza edo apo-belarra edo apo-lilia (Verbascum thapsus) urak pozondu eta arrainak errazago arrantzatzeko erabili izan da. Lan iktiotoxiko honetarako makina bat landare erabili izan da eta badarabilte gaur egun ere: Mediterraneo aldean torbiskoa (Daphne gnidium) eta esne-belarrak (Euphorbia sp.) »tartean aparteko aipamena mereziko duen tartikua», Guyanako indioek Hariari sonatua eta Tephrosia, Kolonbian Phyllanthus mexiae eta abar.

Ostazak aza edo hosto multzoa lurrean zabaltzen du. Verbascum izenak "barbascum" (bizar) omen du jatorri eta hostoa babes-estaltzen duen errauts-ilaun koloreko ilazki trinkoa arrazoi. Hosto hauen erdian bi metroraino irits daitekeen gara sendoa tontortzen du. Hau lore hori biziz janzten da.

Ostaza ortziaren aza ote da? Garai batean aztiek bere gara aginte-zigor gisa dantzatuz espiritu txarretatik babestu eta onei deitzeko erabiltzen zuten. Gara bera kriseiluen mukitarako ere jarri izan da. Asma, bronkitisa, tisia... apalduz arnasa hobetzen du loreen urak; ur honexek zimari distira horia eransten dio. Zainen ehokinak uzkiko zuringodolen mina baretzen du eta, esan bezala, hazi pozoitsua arrantzaleen zorroan dabil. Intsektuak akabatzen dituen rotenoideak dituenez, ostaza osoa beratzen izan duen ura landareak bustitzeko oso ona da.

Urak pozoitzen, arraunlarien ipurdia eta tosta arteko borroka goxatzen eta arnasa luzatzen, ontzi-buru azti-usteen kriseilu eta zigor, horiz tindatutako kalparretan, arerio intsektu alaenak uxatzen... Donostiako estropadan izan da bai ostaza!