argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
2021eko uztailaren 16a


Seaskako kideak indarrez atera zituzten Paueko Akademiatik

Seaskak bost lanpostu erdiak eskatzen jarraitzen du. Alegia, Baiona, Ortzaitze, Kanbo, Donapaleu eta Urruñako ikastoletan murgiltze eredua bermatzeko beharrezko dituen irakasle orduak eskatzen ari da aspalditik. Joan den astean, hilaren 14an, Paueko Akademia Ikuskaritza okupatu zuten Seaskako 50 bat kidek. Asmoa ikuskariarekin hitz egitea zen, baina han ez zegoen. Azkenean, indarrez atera zituzten handik Seaskako kideak. Philippe Aramendi, Seaskako lehendakariordeak adierazi zuenez, haien helburua ez da bilkurak egitea, baizik eta murgiltze eredua bermatzeko baliabideak lortzea.
Ikasgeletan euskaraz irakasteko hainbeste arazo dituen Seaskak, irailaren 25ean, gazteak euskarara hurbiltzeko Euskarbiada-Glisseguna antolatuko du. Surf, roller eta skate ikastaldiak eta erakustaldiak antolatu dituzte eta baita perkusio lantegia ere. Angelun izango da Glisseguna, euskara gutxi erabilia den kostako herrian.


Iruñeko Udalean 36 langilek euskara jakitea nahikoa izango da

Iruñeko Udalak 1.400 langile ditu eta horietarik 36ri eskatuko die euskara jakitea; %2,5ari, alegia. UPNk eta CDNk hala iritzi dute eta hala aldatu dute udal ordenantza. Legealdi honetan hiru aldiz aldatu ditu Udalak ordenantzak eta irailaren 15ean onartu ziren behin-betikoz. Hemendik aurrera UPN eta CDNren botoak nahikoa izango dira derrigorrez euskara behar duten lanpostuak erabakitzeko, eskumena Udaleko Gobernu taldearena izango baita. Aralar, Eusko Alkartasuna, Iruñea Berria eta Nafarroako Ezker Batuak gogor kritikatu dute UPNk eta CDNk euskararekiko beste behin ere hartu duten jarrera.