Dubain biziko bazina eguna hasteko eskukada agar ezpaltxo sutontzian piztu eta txingortuz etxea ketzea ezinbestekoa zenuke. Dubaitarra izateko diruduna behar... agar on kiloa 8.000 eurotan baita egun. Dirudunetan dunenek agar olio distilatua erabiltzen dute etxeko airea etxekotzeko, 10.000 euro kiloa...
Aquilaria malaccensis espezieko zuhaitzetik dator agarra, batik bat arabiarrek erabiltzen duten intsentsu gisako zura. Zuhaitz honek, Phialophora parasitica onttoak erasotzen duenean, aparteko usaina duen erretxina sortu eta blaitzen du bere egurraren giharra. Papuatik Himalaiarainoko tartean oihan tropikaletan hazten den zuhaitz hau CITES bezala ezagutzen den munduko fauna eta flora espezie basati mehatxatuen merkaturatzeko hitzarmen internazionalaren altzoan da 1995etik. Horrelakoetan espero den gisan, harrez geroztik are mehatxatuagoa dago. Babesaren ondorioz prezioa lehertu egin da. Kanbodia, Laos, Vietnam, Brunei, Thailandia, Bangladesh, Malaysia, Maynmar, Singapur, Indonesia, Bhutan, eta Filipinetako mafien sakelak bete eta basoak agarrez hustu dira. Zuhaitzetan hamarretik batek bakarrik du agarra garatzen, hala ere errazenera jotzen dute, denak eraitsi eta gero egokia denaren zura soilik eraman. Indian, Txinan, Japonian eta Arabiako Golkoko estatuetan ederki ordainduta erabiliko dituzte bere zura eta olioa ohiturak agintzen duen erlijio ospakizunetan, axaleko lurringintzan...
Zuhaitz honek elorrio du. Etorkizuna bermatzeko lanean dihardu botanikari multzo zabal bat. Botanikariak eta mafiak aurrez aurre... egin trabesa! Lurringintzan erabiltzeko moduko agar olioaren ordezko sintetiko bat sortu da, baina ez da inola ere naturala. Usain berezia eransten dioten egitura kimikoak, terpenoak, eta hauen nahasketak zailak eta ikaragarri garestiak dira. Agar-zura, berriz, zer esanik ez, imitaezina!